Gezurrak esaten baditu, saiatu ulertzen zergatik
Hezitzaileon lehenengo helburuak behar du gezurra esatea ohiko jokaera ez bihurtzea.
Txikienak gezurretan hasten direnean, gehienetan helburu maltzurrik gabeko gezurrak dira; fantasiarekin lotutako gezurrak, alegia. Baina gezur horien atzean bestelako intentzionalitate bat ikusten badugu, neurriak hartu behar ditugu lehenbailehen. Lehenengo, egitekoa da gezur horren zergatia zein izan argitzea. Frustrazioa, atentzioa deitu nahia edo zigorraren beldurra egon daitezke atzean. Haurrak imitazioz ere joka dezake gurasoak sarri gezurretan aritzen bazaizkio.
Gurasoen jarrera
Gezur batek ezin du sekula gurasoen irribarrea eragin. Batzuetan oso okurrenteak dira, baina haurrak ulertu behar du gezurra ez dela egokia. Gezurrak ondorioak eragin baditu, jakinarazi umeari, eta saihestu umeari gezurrak esatea. Galdera zailak egiten baditu egokiagoa da ‘ez dakit’ esatea. Haurren auto-konfiantza landu, eta eman egia esateko aukera nahiz eta horrek zigorra eragin. Onartu egia esan izanagatik izan duen adorea. Eta berrikusi zigorrak larregikoak diren; gezur askoren arrazoia dira.