Gure alabak arrazoi…
Amaitu zenean, nire alaba zaharrenak zera esan zidan: ‘ama, zertarako nahi duzu BUBER bat, etxean badaukagu eta bat?’ (2011.urtean bere aitak jasoa, www.lasterketak.com-engatik).
Arrazoia dauka gure Maritxinparta txikiak, zertarako nahi ditugu guk sariak? Zertarako behar ditugu honelako errekonozimenduak?
Guk argi daukagu, egunero-egunero saritua dela gure proiektu hau. www.ttiklik.com-ek jasotzen dituen bisita eta esker-mezuei begiratzea besterik ez daukagu. Jendeari baliabideak emanez laguntzea da gure helburua eta pixkanaka hori lortzen ari garela ikusteak gramotan neurtu daitekeen estatua txiki batek baino gehiago balio du (hala ere, politte izango zan beste bat etzean izatea…eta batek daki, agian hurrengo urtean…).
Gure ondoan zaudeten, izan zaituztegun eta izango zaretenei mila esker!
Gaurkoa ere ez da egun lasaia izango, hainbatentzako ezinbesteko bihurtu diren liburu horien idazlea izango degulako Beasainen; Carlos Gonzalez pediatra handiari entzun eta galderak egiteko aukera izango dugulako. Igartza Jauregia txiki geratu zaigu azkenean, aforoa topera bete dugu eta jendea kanpoan utzi beharra ere izan dugu.
Beste alde batetik, asteazkenean Goierri Telebistan izan ginen proiektu zoragarri bati buruz hitz egiten; ezin dizuegu gehiegi kontatu baina argazkitxo bat utz dezakegu…
Gaur idaztera animatu garela, ezin ditugu zoriondu gabe utzi gure JOSTEN ETA SORTZEN IKASTEKO TAILERRERA datozen jostun eder hauek, Santaluzi eguna izanda nola ba beraietaz ahaztu…ZORIONAK!