Haurraren Elikadura
- Edoskitzaroa. Haurrak ama-esnea nahiz artifiziala du elikagai bakarra, jaiotzetik 4-6 hilabetera arte, hor nonbait. Garai horretan, bularreko haurra hurrupatu eta irensteko gai den arren, oraino ez du garatu hainbat proteina metabolizatzeko ahalmena eta, gainera, bere giltzurrunak ez dira gauza gehiegizko zama osmolarra (partikula asko dauzkaten likidoak: mineral gatzak, glukosa eta antzekoak) pairatzeko. Gizakiak jaiotzean edoskitzen ez dakien arren, gaitasun hori lehendabiziko 48 orduetan garatuko du. Hurrupatzeko erreflexuak erantzun handiena erditzea gertatu denetik 20-30 minutura hautematen direnez, sasoi horixe aprobetxatu beharko litzateke.
- Titia kentzean, trantsizio aldia edo BEIKOST. Laugarren hiletik aurrerakoa da eta, aldi honetan, haurraren digestio-aparatuaren eta giltzurrunen heltze-erritmoa ez aztoratzeko eta garapen neuromuskularra ez eragozteko moduko kopuruan, aho-ukitu egokia duten esnekiez bestelako elikagaiak zuhurtziaz ematen zaizkio. Urrats honetan zentzumenen garapenaren mesedetan jokatu beharra dagoela eta, haurra hurrupatzetik koilaratik jatera igaro ahal izango da. Horri esker, zaporeak hobeki dastatuko ditu eta elikagaien ukituak aldatu ahal izango zaizkio: likidotik birrindura, lehendabizi; ondoren, hortzak agertzean, xehatu edo txikitura.
- Digestio-helduaroa. Elikadura, haurraren digestio-ahalmenari eta garapen-egoera fisiologiko eta neuromotoreari egokitu behar zaie, elikagai berriak pixkanaka sartuz. Jaio berriaren urdailaren edukiera 10 – 20 mililitrokoa da eta, bizitzako aurreneko urte horretan, 200 mililitroraino haziko da: horri esker, haurrak janari gutxiago baina, era berean, ugariago egin ahal izango ditu.
Haurraren nutrizioa
Edoskitzaroa. Adin horretako elikagai nagusia amaren bularra izango da (edo izan behar du): esnea bakarrik hartuko du aurreneko hilabeteetan, emakumearen esnea bete-betean egokitzen zaielako bularreko haurraren nutrizio premiei eta digestioaren ezaugarriei, elikadura osagarria sartu bitarteko garai horretan.
Elikadura osagarria sartzea
Beikost. Seigarren hilabetetik aurrerako haurrak premiazkoak dituen energia eta nutriente guztiak ez dizkio amaren esneak bakarrik emango; bestetik, haurraren digestio-funtzioak heldu egin direnez, elikabidean janari berriak sartu behar dira, arau jakin eta zehatzei jarraiki. Hirugarren hilabetea baino lehenago ez da zertan elikagai berriak sarturik eta, era berean, seigarrenetik aurrera egitea ere ez da komeni, elikagai desberdin askorik ez hartzea, maiz, jateko gogo-bizitasunik ezaren arrazoia izaten delako eta, horrekin batera, era askotako eta behar adinako elikadura orekatuari egokitzeko haurrari ateak zabalduko dizkion oinarrizko elikagaiak ezagutzeko eta dastamena hezteko garai aproposa alferrik galduko delako.
Bularreko haurraren esne-hartualdiak banan-banan utzi eta, horien ordez, aurreranzko elikadura moldatuko duten elikagai berriak (zereal-ahia, fruta, barazkiak pure eginik, etab.) sartu beharko zaizkio pixkanaka haurrari, janari berriak onartzeko bezainbeste denbora emanez, jaki berririk sartu aurretik umearen tolerantzia ezagutuz eta, organismoari hazkurri ezezagunak ezagutu eta egokitzeko premiazkoa duen denbora emanez. Aldi honetan berebiziko garrantzia du, apetituaren arabera, elikagai kopurua egun batetik bestera ez ezik, aste batetik bestera ere aldatzeko bezain malgua izateak.
Elikagai berriak banan-banan sartzea
Zerealak. Lau-seigarren hilabetean sartzen dira, laugarrena baino lehenago ez. Aurrenekoak glutenik gabekoak izango dira, proteina horrekiko intolerantzia eta antzeko arazoei saihets egiteko (gariak, oloak, garagarrak eta zekaleak glutena daukate; arrozak eta artoak, berriz, ez); 7-8 hilabeteko adinetik aurrera, nahasi egin daitezke. Energiaz hornitzen gaituzte zerealek eta, horrez gainera, proteina, mineral, bitamina (tiamina, batik bat), funtsezko gantz-azido eta absortzio mantsoko karbohidratoen iturri dira. Azken ezaugarri horri esker, haurraren janari batetik besterako tarteak handiagoak izan daitezke. Halaz ere, kaloria ugariko elikagaia den heinean, gehiegi kontsumitzen bada, behar baino elikadura handiagoaren ondoriozko arriskua izango du haurrak. Ahiak moldatzeko, ohiko esnea baliatuz, beharrezko den zereala erantsi behar da: horrela beteko da eguneko esnearen gutxieneko ekarpena (500 cc). Urez osatzen diren jaki prestatuak -bere zereal, esne eta guzti- ez dira etxean eginikoak bezain gomendagarriak, erabilitako esne-kopurua zehaztea ez baita kontu erraza.
Frutak. Eskaintzen dizkiguten bitaminak pizgarri izaki, lau-seigarren hilean hasiko gara fruta-ahiak prestatzen, inola ere ez esne-hartualdien ordez, osagarri gisa baizik. Dastamena hezteko, era askotako frutak jarri behar dira (laranja, sagarra, udarea, mahatsa, arana…); beste aldetik, hobe dugu alergenikoenak (marrubia eta melokotoia, adibidez) oraindik ez sartzea. Frutekin prestaturiko elikagai hauek zerealak onartu ondoren sartzen diren arren, alderantziz ere saia gaitezke: fruta lehendabizi, zerealak ondotik. Gozatzeko ez da azukrea jarri behar eta, zazpigarren hilabete arte behintzat, hobe gailetak sartzen ez badira, glutena baitaukate.
Barazkiak eta patatak. Seigarren hilabetetik aurrera sartuko zaizkio, pixkanaka, mineral gatzen ekarpena handiagoa izan dadin. Egun erdiko biberoiari erantsita, horien salda eman dakioke haurrari hasieran; ondoren, barazkiak bakarrik edo esnea osagarri sartuta, pure eginik. Hasieran, behintzat, hobe da nitrito asko dauzkaten ortuariak (erremolatxa, ziazerbak, zerbak eta arbiak, besteak beste) ez ematea. Horrelakoen ordez, patatak, lekak, kalabazina eta, aurrerago, pixkanaka, beste hamaikatxo sartu ahal izango dira haurraren elikaduran. Horrela osaturiko pureari postre-koilaratxo bat oliba-olio gehitu ahal izango diogu, baina gatzik ez, ordea. Ur gutxitan egosiko ditugu ortuariak eta hainbat mineral gatz disolbaturik dauzkan salda hori aprobetxatu ahal izango dugu. Hastapenetan, haizetsuak (aza, azalorea, arba, etab.) edo biziki usaintsuak (baratxuria, zainzuriak…) gerta daitezkeen barazkiak ez erabiltzea izaten da egokiena. Hainbatetan, birritan berotutako barazkiak jan dituzten haurren azala urdinxka bihurtu izan da, oxigeno-garraioan izan duelako eragina bi aldiz berotze horrek; koadroa ikusgarri jazotzen den arren, ez da larria, tratamendu egokia aplikatuz gero. Arrisku bera dago, egositako barazkiak hozkailuan 48 ordu baino luzaroago mantentzen badira ere.
Haragia. Gantz gutxienekoak, aukeran, oilaskotik hasita, inola ere ez seigarren hilabetea baino lehenago. Egunean 10-15 gramo har dezake haurrak hasieran, eta kopuru hori hilero 10-15 gramoz ugaldu ahal izango da, 40-50 gramora iritsi arte. Haragia birrindu eta barazkiekin nahasita emango zaio. Geroago, arkume eta txahalkia sartuko dira. Balio biologiko handiko proteinak, lipidoak, burdina, zinka eta hainbat bitaminaz hornitzen gaitu okelak, oro har. Haragi gihartsuaren aldean, erraiak (gibela, burmuinak, etab.) ez du abantailarik eta, beste aldetik, kolesterol eta gantz saturatu gehiegi aportatzen du.
Arraina. Inola ere ez bederatzigarren hilabetea baino lehenago, alergia gehiago sortzen dituelako arrainak; elikaduraren ondoriozko alergien aurrekinik baldin badago familian, hobe haurrak arraina urtea bete arte hartzen ez badu. Adin horretaraz gero, haragi-hartualdi zenbaiten ordezkatzaile izan daiteke arraina. Hobe dugu arrain zuritik hastea.
Arrautzak. Gordinik, ez. Bederatzigarren hilean gorringo egosia sartuko zaio janari: laurdena lehendabizi, hurrengo astean erdia eta hurrengo hilean osoa, egun erdiko pureari gehituta. Lehen arrautza osorik (zuringo eta guzti) urtea bete ondoren hartuko du haurrak. Haragiaren ordezko izan daiteke, astean 2-3 ale hartuz. Gantzen, funtsezko gantz-azidoen, A eta D bitaminen eta burdinaren iturri oparo da gorringoa. Zuringoak, berriz, balio biologiko handiko proteinez hornitzen gaituen arren, horietako bat oboalbumina dugu, hau da, alergia ugari sortzeko ahalmen handia duen proteina.
Lekaleak. Barazki-pureari erantsita, 18. hilabetetik aurrera. Arroz nahiz bestelako zerealekin nahasita, haragiaren ordezko izango dira; era horretan astean bi aldiz ere har daitezke.
Jogurtak. Zortzigarren hilabetetik aurrera. Berezkoa, azukrerik erantsi gabe, osagarri gisa edo, bestela, arratsaldeko fruta-ahiari gehituta.
Azukre finduak, eztia eta bestelako gozokiak. Azukrerik hartzea ez da komeni, haur txikiaren elikabideak bestela ere baitu karbohidratoen ekarpen orekatua. Garrantzi handia du bularreko haurrei ezti edo arto-xaraberik ez emateak: elikagai horiek Clostridium botulinum mikroorganismoaren esporen iturri dietetiko bakarrak direla egiaztatu dute. Gogoan izan dezagun haurra adin horretan oraino ez dela botulismoa sortzen duten espora horien garapenari buru egiteko gauza.
Ura. Haur txikia amaren esnea edo artifizial egokitua bakarrik hartzen ari den bitartean, ez du bestelako likidoren premiarik izaten, salbuespenezko egoeretan izan ezik (bero handia, beherakoa, sukarra…). Elikagai osagarriak hartzean, aitzitik, giltzurrunek disolbatuen zama handiagoa nozitu beharko dutenez, esneak eta beste elikagaiek daukaten ur hori ez da aski izango haren organismoarentzat; beraz, ura maiz eskaini behar zaio haurrari.
Behi-esnea. Urtea bete aurretik ez da inola ere sartuko haurraren elikaduran; sartzean, ordea, esne osoa izango da (sendagileak besterik aholkatzen ez badu), bitamina liposolugarri eta gantzen ekarpena egingo duelako.
Hazkuntza- eta garapen-erritmoa
Parametro antropometriko batzuek orientatzen gaituzte, garai horretako nutrizio-premiak pertsona helduarenak baino -proportzioz- handiagoak zergatik diren ulertzeko unean lagungarri ditugulako.
Pisua: jaiotzako pisua hiru aldiz biderkatuko da lehen urtean.
Altuera: jaiotzean 45-50 zentimetro delarik, handik urtebetera 75-80 cm izango da; bigarren urtean, berriz, 20-25 cm bakarrik luzatuko da; hortik aurrera, 7-10 zentimetro urteko.
Garuna: honen pisua, lehendabiziko lau hilabeteetan, bi gramo haziko da eguneko.
Hortz-haginak: eskuarki, 6-8 hilabeterekin hasten dira estreinakoak sortzen. Prozesuaren fase hau geroratzen bada eta hezur-hazkuntzari dagokion arazorik hautematen ez bada, berandutze hori familiaren ezaugarri genetikoa izan daiteke.
http://guraso.com/