Osasuna

Sukarra: lagun edo etsai?

Gizakiak -eta odol beroko animalia guztiek- gorputz-tenperatura jakina izaten dute beren bizi-organoak (garuna, bihotza eta gibela) infekzioetatik eta bestelako erasoetatik babesteko. Termostato baten gisako mekanismoak doitzen edo erregulatzen du tenperatura hori; garunaren alde batean egoten da, hipotalamoan, eta bizi-organoren bati kalte egin diezaiokeen faktoreren bat sumatzen duenean, igoarazi egiten du tenperatura. Horrek esan nahi du, beraz, sukarra ez dela gaixotasun bat (nahiz eta gaixo sentiarazten gaituen), babes-mekanismo bat baizik, gure organismoan zerbait ongi ez dabilen sintoma. Ia beti, kasuen % 99tan, birusek, bakterioek edo beste mikroorganismo batzuek sortzen dituzten infekzioei erantzuteko modua izaten da. Beste arrazoi batzuen ondorioz ere ager daiteke, hala ere; adibidez, arropa gehiegi jantzi, eta bero-kolpe bat izan dugulako, larruazaleko eritasunen batek eraginda, eritasun metabolikoek, autoimmuneek eta are sendagai batzuen erruz ere.

Noiz da sukarra arriskutsu?

Giza gorputzaren tenperaturak 36,8 ºC-ren inguruan ibili behar du (galtzarbean neurtzen denean). Tenperaturak gora egin ahala, izen tekniko bat hartzen du, eta zenbat eta gorago egin, orduan eta arriskutsuagoa izan daiteke organismoarentzat:

  • Tenperatura normala, 36 ºC eta 37 ºC artean.
  • Febrikula edo sukar-puntua, galtzarbeetako tenperatura 37 ºC-38 ºC artean dabilenean.
  • Sukarra, 38 ºC-etara edo hortik gora iristen denean.
  • Sukar handia, 39 ºC-ak gainditzen dituenean.
  • Hipertermia, 40 ºC-ak gainditzen dituenean; sukarra oso handia dela esaten da, eta arriskutsua.

Zenbat eta tenperatura handiagoa, orduan eta sintoma gehiago

Gorputzeko tenperatura igotzen denean, beste sintoma batzuk ere agertu ohi dira askotan, eta horiei erreparatuz, sukarra zenbateraino den larria ikusi beharko du medikuak, eta nola jokatu erabaki. Honako hauek dira sintometako batzuk:

  • 38 ºC eta 39 ºC arteko sukarra. Galtzarbeetako tenperatura tarte horretan dabilenean, organismoak gorritzera egin dezake, bihotz taupadak azkartu egin daitezke (takikardia) eta arnasketaren erritmoa ere bai (takipnea).
  • 39 ºC-tik aurrera. Haur txikienek konbultsioak izan ditzakete.
  • 40 ºC-tik aurrera. Sukarra neurri horretara iristea aski arrazoi bada haurrak larrialdietara eramateko, beste sintomarik gabe ere. Zorabioa ager daiteke, goragalea eta buruko mina, eta asko izerdituz gero, deshidratazioa ere bai.
  • 41 ºC-tik aurrera. Egoera larria da, berehala osasun zerbitzuen esku utzi beharrekoa; nahasmendua, haluzinazioak eta logalea ager daitezke.
  • 42 ºC-tik aurrera. Tenperatura hori edo hortik gorakoa duen heldu bat koman sar daiteke, eta hipertentsio edo hipotentsio larriak jasan ditzake, baita muturreko takikardia ere.
  • 43 ºC-tik aurrera. Saihestezina da garunean kalteak agertzea eta bihotz-birikak gelditzea.

Noiz eta nola hartu tenperatura

Egunean, gutxienez, hiru aldiz hartu behar da gorputz-tenperatura: goizean, arratsaldean (16:00ak eta 18:00ak artean) eta gauean (lotara joan aurretik). Gorputzeko lau lekutan har daiteke tenperatura. Honako hauetan, hain zuzen:

Gorputzaren tenperatura normalak 36,8 ºC-ren inguruan ibili behar du

  • Galtzarbean. Termometroa galtzarbean jartzen da, eta hantxe eduki behar da, larruazala ukitzen duela, hotsa ateratzen duen arte. Pertsona helduetan, leku hori hartzen da unibertsaltzat, hortxe lortzen dira-eta baliorik zehatzenak. Galtzarbeetako tenperaturak 38 ºC-etatik gora egiten duenean, pertsona horrek sukarra duela esaten da
  • Ondestean. Haurtxoetan, uzki-ondesteetako tenperatura da fidagarriena, eta horixe bera erabiltzea komeni da termometroari ahoan eusteko gai ez diren haurrekin ere. Uzkian hodi asko daude, hemorroideetako bena-paketea dela eta; ondorioz, uzki-ondesteetako tenperaturak oso ongi adierazten du zenbatekoa den gorputzaren tenperatura. Haurra ahuspez jarri behar da, gainazal lau baten gainean, edo magalean bestela, ipurmasailak bereizi eta sendo eutsi behar zaio, ez dadin mugitu eta termometroa uzkitik sartu dezagun, 1,5 edo 2 zentimetro barrenera; termometroaren muturra baselinaz igurtz daiteke, errazago sar dadin. Ondoren, termometroak hotsa egin arte itxaron behar da. Kasu horretan, 38,5 ºC-an jartzen da sukarraren muga.

 

  • Ahoan. Ahoko tenperatura edo aho-mihipetakoa ere oso fidagarria da, nahiz eta ez den ohikoa termometroa hor jartzea, infekzio-arriskua egon litekeelako pertsona batek baino gehiagok erabiliz gero. Badu kontrako beste alderdi bat ere: galtzarbean baino tenperatura handiagoak ematen ditu, eta, zenbaitetan, sukarra egiaz den baino handiagoa dela pentsarazten du horrek. Hala ere, haurrekin erabiltzeko moduko aukera da, 4 edo 5 urte egiten dituztenetik aurrera, gehixeago laguntzeko moduan egoten dira-eta. Tenperatura hartzeko, mihiaren azpian jartzen da termometroa, ahoa itxi dezatela eskatzen zaie, arnasa sudurretik har dezatela eta ezpainak estutu ditzatela (termometroa ez dadin mugitu). Termometroak hotsa egiten duenean ahotik atera, eta tenperatura 37,8 ºC-tik gorakoa bada, haurrak sukarra duen seinale.
  • Belarrian. Berriki The Lancet aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek frogatu duenez, tenperatura belarrian hartzen duten termometroak ez dira hain eraginkorrak. Badira zenbait oztopo termometro horientzat: ezin dira erabili eritasunen bat edukiz gero (otitisa edo infekzioren bat, adibidez), eta behar bezala jarri ezean, okerreko balioak eman ditzakete, batez ere haurrik txikienetan, entzumen-kanal txikiagoak dauzkate eta. Haurra lo dagoela ere har daiteke tenperatura gailu horiekin, eta aintzat hartzeko abantaila da hori.

 

Haurrak eta sukarra

Haur jaioberriak eta hiru hilabete baino gutxiago dauzkatenak ospitalera eraman behar dira sukarra antzematen zaienean. Zenbait proba egingo dizkiote han, eta sukarra zergatik sortu zaion esango dute. Haurrak hiru hilabete baino gehiago dituenean, sukarra edukitze hutsagatik ez da larrialdi-zerbitzuetara eraman beharrik, zenbait kasutan izan ezik:

  • Sukarra 40 ºC-tik edo 40,5 ºC-tik gorakoa denean.
  • Sukarrarekin batera, pikorrak atera bazaizkio, arnasa hartzeko zailtasunak baditu, goitika egiten badu eta/edo beherakoa badu, edo konorte-nahasmenduren bat ageri badu (haurra lausotua eta desorientatua badago).

Haurtxoetan eta adin txikiko haurretan oso garrantzitsua da sukarra kontrolatzea, asko igo baitaiteke bat-batean, eta hori gertatzen denean, sukar-konbultsioak izan ditzakete. Haurtzaroan, izan ere, oso sintoma ohikoa da sukarra, immunitate-sistema heldugabea izaten dutelako, eta gehienetan, infekzioek eragiten dute. Nerabeek, aldiz, haurrek baino bakanago izaten dute sukarra, baina eritasun garrantzitsuagoek sortua izan daiteke.

Sukarra jaisteko sendabideak eta sendagaiak

Bi eratako neurriekin jar daiteke sukarra sendabidean:

  • Neurri fisikoak. Gorputz-tenperatura azkar jaistea lortzen da neurri horiekin. Helduetan, urez eta alkoholez blaituta dauden esponjak, gazak edo konpresak jar daitezke gorputz guztian, eta, zehazki, bekokian edo garondoan. Sukar handia duten haurrak, berriz, baineran sar daitezke une batez, sukarra jaisteko; uraren tenperaturak, jakina, gorputzarenak baino apalagoa izan behar du (ez du hotza egon beharrik, hala ere).
  • Sendabide farmakologikoak. Funtsezkoak izaten dira (neurri fisikoak soilik erabiltzea kalterako izan daiteke). Eragin antitermikoa duten sendagaiak dira, eta honako hauek izaten dira erabilienak:
    • Parazetamola. Gehien erabiltzen den sendabide antitermikoa da; edozein adinetako pertsonekin erabil daiteke, baita bularra hartzen duten haurtxoekin ere.
    • Ibuprofenoa. Hanpaduren aurkakoa edo antiinflamatorioa da, eta hiru urtetik aurrerako haurrekin erabiltzen da, nahiz eta helduentzat ere balio duen.
    • Azido azetilsalizilikoa (Aspirina). Oso eraginkorra da antitermiko eta antiinflamatorio gisa, baina ez da komeni ez urdaileko eritasunak dituztenentzat eta ez haurrentzat ere.

Parazetamola da gehien erabiltzen den sendabide antitermikoa

Neurri multzo horrekin batera, atseden hartzea ere funtsezkoa da sukarrak jota dagoen pertsona osa dadin. Atsedenari esker, izan ere, odolak hobeki egiten du “bere lana”: organismoaren defentsa osatzen duten faktore guztiak infekzio-iturrira zuzentzen ditu. Sukarrarekin gaudenean, berez etortzen da atseden hartzeko joera, haurrek utzi egiten baitiote jolasteari eta helduek murriztu egiten baitute euren jarduera. Gainera, gosea ere apaldu egiten da, eta, ondorioz, odola giharretan eta urdailean kontzentratu beharrean, sendatzeko lanari emana egoten da.

Sukarra dutenentzako aholkuak

  1. Haurretan, oso garrantzitsua izaten da sukarra kontrolatzea, oso sentiberak izaten direlako aldaketa termikoekiko; oso erraz iristen dituzte 40 ºC-ak, eta gerta liteke sukar-konbultsioak eragitea horrek.
  2. Adinekoekin ere arreta eduki behar da, eta zaindu egin behar dira gorputzaren tenperatura-aldaketa txikiak, kalte handia egin diezaiokete-eta haien osasun-egoera orokorrari.
  3. Tenperatura hartzeko metodo bat edo bestea erabili, gorputz-tenperatura 38 ºC-etatik gora joaten denean eta hor irauten duenean, medikutara joan behar da.
  4. Sukarra 40 ºC-en gainetik badabil, berehala joan behar da larrialdietara, eta berdin egin behar da egunero sukarra edukiz gero denbora-tarte luzean (bi astean baino gehiagoan).
  5. Haurrek sukarra dutenean, kendu egin behar zaizkie tapakiak, eta arropa ere gutxitu egin behar zaie, beroa gal dezaten.
  6. Sukarra duten haurrei eta helduei ez zaie arropa gehiago jantzi behar izerdia egin dezaten, gerta baitaiteke tenperatura are gehiago igotzea.
  7. Sukarra ez bada jaisten, ur epela duen bainuontzi batean sar daiteke haurra (28-29 gradutan), beroa gal dezan.
  8. Haurrei eta helduei ez zaie eman behar jateko gehiegi. Gaixoak goserik ez badu, otordu arinak prestatu, erraz digeritzekoak, eta likido ugari eman.
  9. Sukarra duenari atseden hartzen utzi behar zaio, egonean egoten, eta hidratatu egin behar da.

Iturriak: Jordi Pou, Pediatria Saileko burua Sant Joan de Déu ospitalean (Bartzelona), eta Antoni Sisó, Ikerketa arloko zuzendaria Lehen Mailako Arretako Sailean, Les Corts Osasun Etxean (Bartzelona) eta Medikuntzako irakasle elkartua Bartzelonako Unibertsitatean.

consumer.es

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button