ELIKADURA JOKAEREN NAHASTEA
EZ DA GAUZA BERBERA ELIKADURA ARAZOAK ETA ELIKADURA JOKAEREN ARAZOAK.
LEHENENGOA DIETA SOIL BATEKIN KONPON DAITEKE. BIGARRENAK, ORDEA, GAIXOTASUN PSIKIKO LARRIAK DIRA. GAIXO EZ DAGOEN BATEK HAUEN BIDERATZEA ERRAZA IKUSI ARREN, GAIXO DAGOEN PERTSONA BATENTZAT OSO ZAILA DA.
GAIXO HAUEK LODITZEKO BELDUR OBSESIBOA DUTE. ONDORIOZ, JATEARI UTZI EDO BETEKADA HANDIEN OSTEAN, BOTAKA EGITEN DUTE. JANARIAREKIN DUTEN HARREMANA EZ DA OSASUNTSUA.
Elikadura jokaera nahasteak zein eratara gara daitezke?
Anorexia gehiegizko argaltze desioa izaten da. Gutxi jan eta dieta zorrotzak adierazle izan daitezke.
Bulimia, ordea, janariarekiko inpultso kontrola ezina da. Ez gizentzeko eta gehiegi jan izana konpentsatzeko jokabide desegokiak dituzte: botaka, libragarriak, ariketa fisikoa…
Zergatik? Non dute jatorria?
Faktore ezberdinek dute eragina: soziokulturalak (iragarkiak, moda, gehiegizko pisuak jendartean duen harrera negatiboa…), familiarrak (gain babesa, autoritarismoa, desoreka familian…) eta indibidualak (autonomoak izateko arazoak, heldutasunarekiko beldurra, autoestimu arazoak, perfekziorako nahia…).
Zeintzuek izaten dute: adina, sexua?
Elikadura jokaera nahasteak 14-21 urteko emakumezko populazioaren %4,5i eragiten dio. Dena den, gure zerbitzura adin guztietako emakumeak etortzen dira eta adin hauetatik gorakoak asko dira. Egia da gerturatzen diren gehienak emakumezkoak direla.
Nola hauteman? Zeintzuk dira ohiko arazoak?
Pisuarekiko, gorputzaren itxurarekiko gehiegizko ardura izaten dute eta gorputzari akats gehiegi ateratzen dizkiete. Kirol asko praktikatzeko beharra izaten dute eta eguneroko aktibitateak progresiboki utziaz joaten dira (eskolakoak, sozialak, profesionalak…). Sozialki itxi egiten dira.
Anorexia kasuetan, bakardadearekiko jarrera areagotzen da sarri. Hiper-aktibitatea eta auto-exijentzia handia izaten da eta batzuetan perfekziorako joera. Batzuetan hilerokoa desagertzen da.
Bulimia kasuetan, ordea, egoera estresagarriarekiko ahaltasuna sentitu ohi da. Horrelako momentuetan, sarri botaka eginez aurre egiten dute. Noski, gehienetan ingurukoak ohartu gabe. Kanpotik itxura ona azaltzen dute. Bizitza sozialean izugarrizko aldaketak izaten dituzte; solamendutik, izugarrizko bizitza sozialera. Hilerokoan desorekak nabari daitezke eta hortz arazoak agertu.
Nola eragin dezakete haurraren garapenean?
Elikaduraren jokaera nahasteek pertsonon garapen fisikoan eta psikologikoan eragin zuzena dute. Hasieran ikus daitezkeen sintomak: hilerokoaren desagerpen edo desoreka, hortz arazoak, deshidratazioa, familia eta festetako bazkari handiak ekiditzea, azaleko orbainak, nekea, lo ongi egiteko arazoak, idortasuna, odol presioa jaistea…
Gaixotasun bakoitzak ondorio ezberdinak ditu.
Psikologikoki, ordea, energia gehiena janarira eta bere inguruko kontuetara zuzentzen duenez, gaixoak beste gai, harremanetarako… pazientzia eta energia txikiagoa izango du. Umore aldaketa nabarmenak izan daitezke. Bestalde, gaixotasuna onartzeko zailtasunak izaten dira normalean. Kanpora begira oso jatorrak, politak… perfektuak izaten saiatu direnez, gero ingurukoei egia onartzea oso gogorra egiten zaie.
Nola detektatu?
Anorexia kasuak bistakoagoak izaten direnez, lehenago detekta daiteke.
Bulimia kasuetan, ordea, gaixoek kanpo itxura osasuntsuak dituztenez eta analitika orokorrek ongi ematen dutenez, oso zaila da detektatzea. Pista batzuk, baina, hauek izan daitezke: janariekiko jokaera arraroak, dieta zorrotzak, jatorduak saltatzea, jaki batzuk ekiditzea, egoera animikoan aldaketa nabarmenak (depresio puntutik suminkortasuna), askotan pisatzea, kirol gehiegi egitea…
Alarmatzeko sintomak, zeintzuk dira?
Bat-bateko pisu galtzea, hazkuntza garapena etentzea, azaldu ezinezko amenorrea, pisua galtzeko jarrera arraroak, justifikaziorik gabeko kirol gehiegi egitea. Askotan ingurukoak baino kanpokoak ohartzen dira lehenago. Dena den, oso garaiz ez detektatzearen arrazoia gehienetan ez
da etxekoen utzikeria kontuagatik izaten. Gaixotasunaren ezaugarria da oso ezkutuan bizi izatea eta eramatea.
Nola egin aurre?
Jatorria bakarra ez denez, aurre egiteko ere maila ezberdinetan eragin beharko da.
• Maila pertsonalean: gaixotasuna duela onartu beharko da. Sendatzea prozesu luze eta gogorra izango dela jakin. Norberaren burua maitatu eta zaintzen ikasteak asko laguntzen du.
• Familian: komunikazioa erraztu, sentimenduak adierazi… eta gaixoa ulertzen saiatu. Profesionalei laguntza eskatu beharko zaie.
• Jende artean: komunikabideek eta iragarkiek eskaintzen duten emakumearen irudia gaitzetsi eta argaltzeko produktuen salmenta gerarazi.
Bizimodu era osasuntsuak bultzatu.
LARRAITZ ARANDO
ACABE