HazieraHezkuntza

Zure umea…pertsona ona da

Eta, hala, liburu-dendetako apalak, aldizkarietako orrialdeak, irratiko uhinak “haurren arazoez”betetzen dira: lo egiteko arazoak, jateko arazoak, jokabide-arazoak, eskolako arazoak, anai-arrebekiko arazoak… Haurrek esna daudenean egiten duten edozer arazoa dela dirudi. Inork ez digu esaten gure haurrak, esna daudenean ere (batez ere, esna daudenean) jende zoragarria direla; eta hori ahazteko arriskua dugu. Are okerrago, sarri “arazo” deitzen diegu, hain zuzen ere, haurren bertute handienei.

Zure haurra eskuzabala da

Haizea hondarretan jolasean dabil, bere kubo berdearekin, pala gorriarekin eta zalditxoarekin. Txikixeagoa den mutikotxo bat poliki-poliki hurbiltzen da, Haizearen ondoan esertzen da eta, hitzik esan gabe (ez dirudi hitz askorik esaten dakienik), une horretan “libre” dagoen zalditxoa bereganatzen du. Handik minutu gutxira, Haizeak erabakitzen du zalditxoa eskuartean duen kuboa baino askoz ere dibertigarriagoa dela, eta bizkor berreskuratzen du. Hori ikusita, beste haurra kuboarekin eta palarekin jolasten hasten da. Haizeak begi-ertzetik begiratzen dio, eta bere erabakia zuzena izan ote den zalantzan hasten da. Kuboak hain dibertigarria dirudi orain!

Agian Haizearen amak pentsatuko du bere alabak ez dakiela bere gauzak uzten. Baina gogoratu zaldia eta kuboa Haizearen ondasunik preziatuenak direla, zure autoa zeuretzat izan daitekeen bezala, esate baterako. Eta minutu gutxi batzuk eternitatea dira beretzat. Orain, imajina ezazu autotik jaisten zarela, eta ezezagun batek, fitsik esan gabe, autora igo eta eraman egiten duela. Zenbat segundo beharko zenituzke garrasika eta ertzainei deika hasteko? Zalantzarik gabe, gure seme-alabak askoz ere eskuzabalagoak dira euren gauzekin gu geureekin baino. 

Zure haurra desinteresatua da 

Iurdanek oraintxe hartu du bularra; ez dauka hotzik, ez dauka berorik, ez dauka egarririk, ez du inongo minik… baina negarrez jarraitzen du. Eta orain, zer gehiago nahi du, bada? Zeu nahi zaitu.Ez zaitu nahi janariarengatik, ez beroarengatik, ez urarengatik. Zu zeu nahi zaitu, pertsona gisa. Nahiago ote zenuke akaso zure haurrak zerbait behar duenean bakarrik deitzea eta, gero, “hor konpon, marianton” esatea? Nahiago zenuke zure haurrak interesagatik bakarrik deitzea?

Haurrak gurasoenganako duen maitasuna doakoa da, baldintzarik gabea, etenezina. Ez da beharrezkoa maitasun hori irabaztea, ez iraunaraztea, ezta merezi izatea ere. Ez dago maitasun garbiagorik. Bowlby doktoreak, gazte gaizkileen eta abandonatutako haurren arazoak aztertu zituen psikiatra ospetsuak, egiaztatu zuen gurasoengandik tratu txarrak jasotako haurrek ere haiek maitatzen jarraitzen dutela. 

Hain da handia haurren maitasuna, batzuetan ikaratu egiten gaitu. Beldur gara maitasun horretan murgiltzeko. Guztiak berehala eta bi aldiz pentsatu gabe joaten gara gure haurrak “gosea”, “ura”, “beldurra”, “pupu” esaten badigu; baina, batzuetan, haurrak “ama” bakarrik eskatzen duenean, uste dugu eskubidea —eta betebeharra— dugula haurrari entzungor egiteko. Ondorioz, haur askok behar ez dituzten gauzak eskatzea beste irtenbiderik ez dute: ur basokada bat bestearen atzetik, atea ireki, atea itxi, pertsiana jaitsi, pertsiana igo, argia piztu, ohe azpian munstrorik ez dagoela egiaztatu… Ez dute beste irtenbiderik, izan ere, benetan nahi dutena eskatzen badute —“aita, ama, etorri, behar zaituztet”—, ez gara joaten. Nork hartzen dio ilea nori?

Zure haurra ausarta da 

Bankuan gestio batzuk egiten ari zarela, bat-batean buruan galtzerdia eta eskuan pistola daramatzan tipo bat sartzen da. “Isilik! Denak lurrera! Eskuak kokotean!” Eta zuk, txintik atera gabe, lurrera egiten duzu jauzi eta eskuak kokotean jartzen dituzu. Hiru urteko haur batek halakorik egingo lukeela uste duzu? Ez dago mehatxurik, ez inolako bortxarik, haur bat nahi ez duena egitera derrigortuko duenik. Eta are gutxiago negarrez ari denean negarra isilaraziko dionik. Alderantziz, garrasi bakoitzarekin, masaileko bakoitzarekin, haurrak orduan eta gogorrago egingo du negar.

Urtero, estatu espainiarrean milaka haurrek jasaten dituzte jipoiak eta tratu txarrak. “Negar eta negar ari zen, ezin nuen inolaz ere isilarazi” izaten da ohiko azalpena kasu horietan. Ondorio tragiko eta ustekabekoa, jokabide normalarentzat: gurasoak haserretzen direnean haurrek ez dute ihes egiten; aitzitik, are gehiago hurbiltzen dira haiengana, besoetan hartzeko erregutzen diete, arreta gehiago eskatzen diete. Eta, ondorioz, guraso batzuk are gehiago haserretzen dira. Aldiz, mehatxatzen dituen ezezagun baten aurrean, ihes egiten dute haurrek.

Animaliak ez dira haserretzen beren kumeekin, eta ez diete errieta egiten. Haurrei garrasi egiteko arrazoi guztiak (nota txarrak ateratzea, logela ez jasotzea, hormak zikintzea, kristala haustea, gezurrak esatea…) geure espezieari bakarrik dagozkie, geure zibilizazioari. Duela 10.000 urte haurrei errieta egiteko oso aukera gutxi zeuden. Horregatik, naturan, gurasoek arriskuren bat dagoela ohartarazteko bakarrik egiten diete garrasi haurrei. Eta, horregatik, haurren senezko eta berehalako jokabidea garrasika ari den gurasoarenganantz korrika egitea da, eta haren besoetan babesa bilatzea; zenbat eta haserretuago egon gurasoa, orduan eta biziagoa izango da erreakzio hau.

Zure haurrak badaki barkatzen 

Oihanek sekulako kasketa harrapatu du. Ez zuen bainatu nahi. Indar osoz aurre egiten zuen, ez zen geldirik egoten, ezinezkoa zen hari jertsea burutik ateratzea (zergatik egingo ote diete horren lepo estua jertseei?). Azkenean, amak ezinezkotzat jo du. Bainatuko dugu bihar, senarra lehenago etxeratuko da eta; ea bion artean… 
Bainuaren mehatxua desagertu denean, azken mukiak zurrupatu eta amaren besoetan zotin batzuk egin ondoren, Oihan ezer gertatu ez balitz bezala dago. Saltoka dabil, korrika, barrez, esan liteke maitagarri agertzeko ahalegina ere egiten ari dela. Aldaketa hain izan da bat-batekoa, ama ustekabean harrapatu baitu, eta ordu luzez jarraitu du haserre. “Nola liteke?”, “Begira horri, ez zaio ezer gertatzen, maina hutsak ziren”.  Ez, ez ziren mainak. Oihan bere ama baino askoz ere haserretuago zegoen; azkarrago barkatzen daki, ordea. Oihan ez da arranguratsua. Aitatxo etxera iristen denean, bietatik zein izango da salatia? (“Ama gaizki portatu da…”). Haurren barkamena handia da, sakona, berehalakoa, leiala.

Zure haurrak badaki amore ematen 

Suharrek gurasoek harentzat hautatu duten gelan egiten du lo, gurasoek erosi dioten ohean, gurasoek aukeratutako pijama eta maindireekin. Deitzen diotenean jaikitzen da, esaten dioten arropa janzten du, ematen diotena gosaltzen du (edo ez du gosaltzen), berokia janzten du, amari berokia lotu eta txanoa janzten lagatzen dio hark hotza duelako, eta gurasoak hautaturiko eskolara joaten da, ikastetxeko zuzendaritzak finkatutako orduan iristeko. Han, hitz egiten diotenean entzuten du, galdetzen diotenean hitz egiten du, esaten diotenean patiora irteten da, agintzen diotenean marrazten du, kantatu behar denean kantatu egiten du. Ordua heltzen denean (hau da, andereñoak ordua dela esaten dionean) bila etorriko zaizkio, besteek erosi eta prestatu duten zerbait jateko, bera jaio aurretik jada han zegoen aulki batean eserita.

Bidean, kiosko aurretik igarotzean, “Xixtrintxo” bat erostea nahi du, plastikozko ziztrinkeria kaskar bat, bere gelako guztiek jada badutena. “Goazen, Suhar, presaka gabiltza eta. Ez duzu ikusten hori zerrikeria bat dela?” “Nik Xixtrintxo bat nahi dut, nik Xixtrintxo bat nahi dut…!” To,  sesioa orain ere.

Amatxok ez daki zer egin. Huskeria horrek balio dituen 20 duroak dira gutxienekoa. Baina jada esan dio ezetz. Ez ote da txarra izango orain atzera egitea? Suharri nahi duena lortzen utz diezaioke? Ez dute, bada, liburu guztiek, aditu guztiek esaten diziplinari eutsi egin behar zaiola, haurrek frustrazioak eramaten ikasi behar dutela, mugak ezarri behar dizkiegula galduta eta zoritxarreko senti ez daitezen? Noski, noski, ez dezala beti nahi duena lortu. Xixtrintxo hori erosten badiozu, emakumea, zure semea kriminal hutsa izango da, erreformatorioan amaituko du, drogan eroriko da eta, azkenean, bere buruaz beste egingo du.

Izan gaitezen serioak, mesedez. Helduek bere neurrira eraikitako mundu batean bizi dira haurrak. Egun osoa eta gauaren zati bat haien partez erabakiak hartzen pasatzen dugu, haien bizitzak moldatzen, gure irizpideak inposatzen. Eta txintik esan gabe ia guztiari egiten diote men, ezpainetan irribarrea dutela, beste aukerarik ba ote dagoen pentsatu ere egin gabe. Geuk “lortzen dugu nahi duguna” ehun bider egunero, eta haurrek ematen dute amore. Hain gaude ohituta haiek men egitera, independentzia-keinurik txikienak ere harritu eta, zenbaitetan, izutu egiten baikaitu. Noizean behin nahi dutena lortzeak ez die inolako kalterik egingo eta, are gehiago, ziurrenik ezinbesteko esperientzia izango da haien garapen egokirako.

Zure haurrak zintzotasunez jokatzen du 

Ederra izango litzateke, gero, seme-alaba gezurtiak izatea! Inoiz ez galdetzea jendaurrean “andre hori zergatik da burusoila?”, edo “gizon hori zergatik da beltza?”. Ohera joan nahi duen galdetzen diogunean erantzutea “bai”, eta ez hamaikagarrenez hau galdetzen diogunean: “baina zuk uste duzu jostailu guztiak horrela lurrean botata utz daitezkeela?”. Baina ez dira horrelakoak. Haur txikiei egia esatea gustatzen zaie. Urte asko behar izaten ditugu “bizio zatar hori” kentzeko. Eta, bitartean, engainu eta disimuluzko mundu honetan, erraza da haurren zintzotasuna lotsagabekeriarekin edo egoskorkeriarekin nahastea.

Zure haurra senide ona da 

Imajina ezazu egun batean zure emaztea zu baino gazteagoa den morrosko eder batekin iristen dela etxera, eta esaten dizula: “Begira, Imanol, hau Mikel da, nire bigarren senarra. Hemendik aurrera hirurok elkarrekin biziko gara, eta oso zoriontsuak izango gara. Espero dut gai izango zarela zure ordenagailua eta bizarra mozteko makina berari ere uzteko. Ohean hirurok kabitzen ez garenez, zuk, zaharrena zarelako, zeuretzat bakarrik izango duzu logela bat. Baina nik berdin-berdin maitatuko zaitut aurrerantzean ere, e?”. Ez duzu uste “jeloskor samar” egongo zinatekeela?Bada, haur batek askoz gehiago behar ditu gurasoak senar batek emaztea baino eta, beraz, lehiakide bat iristea askoz ere mehatxu handiagoa da harentzat. Batzuetan senide txikia arnasarik gabe uzteraino gogor besarkatzen duten arren, aitortu behar dugu haurrek nahiko ondo eramaten dutela mehatxu hori.

Zure haurrak ez du aurreiritzirik 

Errepara iezaiozu zure haurrari parkean zaudetenean. Inoiz egin dio uko beste haur batekin jolasteari beltza, txinatarra edo ijitua delako, edo haren arropa markakoa ez delako, edo ume-kotxe zaharra eta gastatua duelako? Inoiz entzun diozu “pateratan etortzen dira eta bertakoei dindanak kentzen dizkigute” edo antzekorik? Oraindik urte-mordoxka beharko dugu gure haurrei horrelako gauza “politak” irakasteko.

Zure haurra ulerkorra da 

Hainbat seme-alaba dituen familia bat ezagutzen dut. Zaharrenak adimen-urritasun larria du. Ez du hitzik egiten, ez da bere eserlekutik mugitzen. Urte askoan ohitura ez oso atsegina eduki zuen: eskueran jartzen zitzaizkion guztiei, haur ala heldu, iletik oratzen zien eta indarrez egiten zuen tira.Hunkigarria zen bi edo hiru urtetxo besterik ez zituzten senide txikiak iletik harrapatuta nola gelditzen ziren ikustea, garrasirik ere egin gabe, gehienez ere aiene ahul bat egin eta pazientzia osoz itxaroten, heldu batek askatzen zituen arte. Beste haurrekin, ordea, ez zuten halako egonarririk erakusten. Argi eta garbi uler zezaketen euren anaia ez zela egiten zuenaz jabetzen.

Arretaz begiratzen badiezu, dohain hau eta beste asko aurkituko dituzu zeure seme-alabengan. Ahalegindu zaitez horiek aurkitzen, idatz itzazu beharrezkoa bada, aipa iezazkiezu beste senitartekoei, gogoraraz iezazkiezu zure seme-alabei hemendik urte batzuetara (“txikia zinenean, hain zinen goiztiarra, beti goizeko seiak baino lehen esnatzen zinen…”). Haurrak heztearen helburua ez da bizioak zuzentzea, bertuteak garatzea baizik. Eta horiek bultzatzea, aintzat hartuz eta haientzat eredu izanez.

Ontasunaren hazia

Haurtzaindegi batean urtebete eta hiru urte bitarteko haurren jokabidea aztertzen ari ziren psikologo batzuk, konturatu ziren haur batek negar egin zuenean, besteak berehala hura kontsolatzera joaten zirela. Baina jipoiak eta tratu txarrak jasan zituzten haurrek, aldiz, kontrakoa egiten zuten; negarrez ari zenari errieta egiten zioten eta jo egiten zuten. Adinez hain txiki izanik ere, tratu txarrak jasandako haurrek besteak baino bi aldiz gehiago egiten zuten borrokan, eta beste haurrei ageriko arrazoi edo probokaziorik gabe erasotzen zieten. Arrazoirik gabeko bortxakeria hori ez zen maitasunez hazitako haurretan inoiz ikusten.

Sarri entzungo duzu gazteen delinkuentzia edo eskoletako bortxakeria “diziplina-faltaren” ondorioa dela, ez legokeela halakorik “garaiz belarrondoko eder bat eman izan baliete”.  Horiek txorakeriak dira. Arazoa ez da diziplina-falta, maitasun- eta arreta-falta baizik, eta inoiz ez da “garai egokia” belarrondoko bat emateko. Emaiozu besarkada bat garaiz zure haurrari. Milaka besarkada. Horixe da benetan behar duena. 

“Bésame mucho” liburutik aterata. Lide Azkuek itzulita.

Iturria: www.guraso.com

16. 10. 2005

Autor: Dr. Carlos González, pediatra

Fotos | Flickr – Robert Whitehead

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button