Jone Areta Urrestarazukolaborazioak

AMATASUN ERROMANTIKOA

2017/01/08 Jone Areta Urrestaratzu

Aurreko astean, ohiturari jarraituz, lagun batzuk mahaiaren inguruan bildu ginen. Bildu ginenen artean, duela bi aste lehen aldiz ama izandako bat zegoen. Haurdunaldia, erditzea, erditzearen ondorengoa …. oso presente zuen beraz, eta logikoa den bezalaxe horri buruz aritu ginen hizketan. Mahaian eseri bezain pronto, berari bizi izandakoaren antzekorik inork ez ziola aurretik kontatu esan zigun. Esaldi honek zer hausnartu eman zidan eta hausnarketa honetan azaldu zaizkidan hainbat pentsamendu zuekin partekatu nahi ditut lerro hauen bidez.

Amatasunaren kontzeptuaren alde erromantikoa saldu izaten da, amodioarekin gertatzen den bezalaxe. Nik txikitatik ama izan nahi nuela argi nuen, baina emakumea izateak ama izan nahi izatea dakar? Ez, inolaz ere. Ama izan nahi ez duten emakumeak badira, zergatik ez? Ama izatea aukera bat da, emakume bakoitzak hartu beharreko aukera bat. Ama izatea erabaki eta haurdun gelditzen zarenean, erromantizismoa eta kontsumismoaren zurrunbiloan sartzen zara. Zure gorputza aldatzen hasten da, bizi berri bat zure barrenean duzu eta bion arteko erlazioa ezartzen hasten da. Zure gorputza zaintzeko hamaika produktu eskaintzen dizkizute eta haurdunaldia aurrera doan heinean, eskaintza zabaltzen doa. Haurdunaldi bakoitza desberdina da, emakume bakoitza desberdina baita. Hala ere, errepika daitezkeen prozesuak edo gertaerak eman daitezke. Ni prozesuak ahalik eta modu naturalenean ematearen aldekoa naiz, baina eskaintzen diren produktu gehienak prozesu natural horiek oztopatzen dituzte. Eta jakin badakit zailtasunak eman daitezkeela, eta eman ematen direla. Zailtasunak ematen direnean, zailtasun hauek gainditzeko orduan amaren jarrera egokia ezinbestekoa da, eta jarrera egoki bat ez dizu produktu batek ematen, prozesua modu kontzientean bizitzeak aldiz bai.

Gero erditzea iristen da eta honen inguruan ere muturreko iritziak eta esperientziak aurki daitezke. Epidurala bai, epidurala ez, etxean, ospitalean, zesarea bai, zesarea ez, … hamaika aukera eta hamaika iritzi. Zein da norberarentzako egokiena? Norberak erabakitzen duena. Norberak erabakiko du momentu horretan egokien iruditzen zaiona. Hausnartutako erabakia izan dadila eta erabaki hori aurrera eramateko gai garela kontzientea izanik hartutakoa. Zure erditzea modu batez ematea nahi izatea eta azkenean beste modu batez burutzea gerta daiteke. Niri halaxe gertatu zitzaidan. Prozesu naturalei buruz ari gara. Izaki bakarra eta aldaezina jaiotzera doa. Eta prozesu horretan eragin zuzena duten aldagai ugari dago: ama, umea, ingurua, alde fisikoa, psikologikoa, emozionala, … Ikaskuntza norberaren bizipenetatik badator, zertarako balio zaigu besteen esperientzia ezagutzea? Norberaren esperientzia azaltzea ona da norberarentzat, prozesu horren barneratze lanari dagokionez, prozesua zaila izan bada are gehiago. Baina nire ustetan ezin da beste edonoren bizipenaren oinarria izan. Esperientzia bera oso modu desberdinez bizi dezake bakoitzak eta.

Eta azkenik, erditzearen ondorengoa dator. Garai honetan aholkuak jasotzen dituzu toki guztietatik, baita ezagutzen ez dituzun pertsonengandik ere.  Mundu guztiak daki momentu guztietan zure seme – alabak zer behar duen eta zu nola sentitzen zaren. Zergatik tematzen gara aholkuekin? Norbaitentzat erabilgarriak izan dira? Lagungarria da zure kezkak eta zalantzak plazaratzeko aukera izatea eta esperientzia nola bizitzen ari zaren adieraztea, guzti honek prozesu guztia barneratzen eta egoera berrira egokitzen lagunduko baitigu. Amaren “gainean” egon beharrean, zergatik ez gara “ondoan” jartzen? Ikuskatu ordez, lagundu dezagun.

Amatasunaren alde erromantikoa, prozesuak aurrera egiten duen heinean, difuminatzen doa. Bizitzan gerta dakizukeen bizipen garrantzitsuenetako bat da, niretzat behintzat halaxe izan zen. Baina prozesua ez da beti arrosa kolorekoa. Kolorea bakoitzaren bizipenak zehazten du. Amatasun erromantikoa, non dena arrosa kolorekoa den eta bikain doan, izanen da, baina arruntena ez da. Prozesu gogorra izan daiteke, oso gogorra. Ama izatea erabaki eta haurdun ez zarela gelditzen ikusten duzunean adibidez. Eta prozesua hau luzea bada eta azkenean haurdun gelditzea lortzen baduzu, gaitz erdi!! Baina ama izan nahi eta ez zarela inoiz haurdun geldituko esaten dizutenean? Edo erditzean arazoak ematen direnean? Eta zer esanik ez umeak arazoren bat badu… Eta prozesua zaila izan arren, ziur naiz prozesu polita izan daitekeela, esan bezalaxe prozesuaren kolorea norberaren bizipenak zehazten baitu.

Niretzat prozesu errepika-ezina eta bakarra izan zen. Amatasuna bizitza honetan, betirako diren gauza gutxi horietako bat da. Bizitza betirako aldatzen dizun gertaera. Baina ziur naiz bigarren bat izanen banu, prozesua erabat desberdina izanen litzatekeela. Nik neuk bizi izan nuena erabat desberdina izan daiteke. Arazoa, arrosa kolorea saltzean datza,  norberaren itxaropena horretara bideratzen baita.

Hamaika bizipen, hamaika kolore. Zein da egokiena? Norberak aukeratzen duena.

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button