Gurasoei Gutunanabarmenduak

Korapiloa askatzen – Nagore Etxeberria (Berria)

LARUNBATA, 2018KO OTSAILAREN 10A berria

m   a   n   t    a   n   g     o   r    r    i

‘Gurasoei gutuna’ liburua

Gurasoei gutuna lehiaketan jasotako hainbat gutun liburu batean jaso ditu Ttiklik elkarguneak: ‘Gurasoei gutuna’. Emozioak eta sentimenduak lantzeko aitzakia eta tresna izan nahi du liburuak.

Egun guztiak ez dira berdinak. Pertsona ez da beti berdin sentitzen: oso pozik egoten da batzuetan, haserre beste batzuetan, triste beste hainbatetan… Arrazoiak mila izan daitezke. Dena delakoarengatik dagoen bezala egonda ere, sentimenduak azaleratzea eta kanporatzea da garrantzitsuena. Barruko korapiloak askatzeak norbera askatzea dakar.

Helburu hori betetzeko asmoz argitaratu du Gurasoei gutuna liburua Itxaro Mendizabal Amundarainek, Beasaingo  (Gipuzkoa) Ttiklik elkarguneko arduradunak. «Emozioak eta sentimenduak lantzeko tresna izan nahi du liburuak. Jendeak barruan duena ateratzeko liburua da, eta, bide batez, gurasoekiko harremanei buruz hausnartzeko tresna».

Liburuan, Gurasoei gutuna lehiaketako «gutun esanguratsuenak» bildu ditu. 2012an antolatu zuen lehen gutun lehiaketa Mendizabalek, gurasoei idazteko «premia» sentitzen zuelako. Izan ere, Mendizabalek auto istripuz galdu zituen aita eta ama. Elikadura arazoak izan zituen gaztetan Mendizabalek, eta Donostiako zentro batean egon zen, sendatu artean. Sendaa-giria eman zioten egunean galdu zituen gurasoak, istripuz, etxera bueltan zihoazela. Gurasorik gabe bere erruz geratu zirela pentsatu du orain gutxira arte.

Mendizabalek aitortu duenez, barruan zuena kontatzeak, korapiloa askatzeak mesede  egin dio. Jendeak emozioei eta sentimenduei buruz hitz egitea nahiko luke, eta horregatik erabaki zuen lehiaketako gutunak liburu batean aurkeztea. «Bestela, gutun pila bat geratuko ziren apal batean gordeta. Liburuan jasota dauden gutunetako asko gutun irabazleak baino askoz ere hunkigarriagoak dira. Azken batean, irabazleak aukeratzerako garaian alderdi asko hartzen dira kontuan, ez soilik emozionalki transmititzen dutena», kontatu du Ttiklik elkarguneko arduradunak. Argitaratu gabeko altxorrei argia emateko sortu zen liburu formatuan jasotzeko ideia. «Hasieran, denak on line publikatzea pentsatu nuen, baina ez da gauza bera. Liburu batean  jaso nahi dituen».

Gutun «potenteenak»

Hala, bost lehiaketatan aurkeztu diren gutunak irakurri, eta haietako batzuk bildu ditu liburuan.

Bost urtetan, mila gutun inguru jaso dituzte, eta, beraz, aukeraketa bat egin beharra izan du.

27 gutun «potenteenak» sailkatu ditu.  Ez du lan erraza izan, baina Ekaitz Goikoetxeak lagundu dio aukeraketa hori egiten.

«Azkenean, barrua gehien nahastu nauten gutunak hautatu ditut. Jendearengana  gehien iritsiko diren gutunak sartzen ere saiatu naiz», aitortu du. Bestalde, askotariko gaiak lantzen dituzten gutunak hautatzen ahalegindu da, helburua ere badelako jendeak askotariko sentimenduak identifikatzea eta haiei buruz hitz egitea. Hala, adopzioari buruz mintzo den gutun bat hautatu du: «Ez da benetakoa, baina lantzen duen gaiarengatik aukeratzea  erabaki nuen. Gaia gelan asko landu daitekeelako», onartu du.

Denetariko sentimenduak eta emozioak dituzte mintzagai gutunen igorleek: barkamena, elkarrizketa, esker ona, maitasuna, alzheimerra, haserrea, tratu txarrak, dolua, ausardia, itxaropena, zoriona, tristura, minbizia eta beste hainbat sentimendu gehiago. Orotara, 60 bat emozio identifikatu dituzte.

Liburuaren amaieran, sailkapen bat ageri da, gutun bakoitzean zein gai edo sentimenduri buruz hitz egiten den zehaztuz. Aurkibide hori «oso orientagarria» dela dio Mendizabalek, gutuna irakurtzen den unearen arabera «beste emozio batzuk pizten» direlako: «Unearen arabera, gauza bat edo beste senti dezakezu».

Ttiklikeko arduradunak aitortu du: «Ez da liburu normal bat, liburu emozional bat da». Gutunetan aipatzen diren egoera asko eta asko «oso gogorrak» direla aitortu  du Mendizabalek, eta, horregatik, ez zaio iruditzen haurrek zuzenean irakurri beharreko liburua denik. «Haurrekin irakurri eta landu daitekeen liburua da, baina, haurrei aurkeztu aurretik, aurrez heldu batek landu behar du liburua. Azken batean, lanketa bat eskatzen duen liburua da».

Sentimenduak lantzeko beharra

Edukiaren aldetik liburu gogorra eta berezia izanagatik, esku artean  hartu beharrekoa dela deritzo Mendizabalek. Izan ere, haren ustez «oso garrantzitsua» da emozioak lantzea, eta txikitatik lantzea. «Guri ez digute emozioak lantzen erakutsi, eta, beraz, lehen lanketa helduek egin behar dute. Guk ez badakigu gure emozioei eta sentimenduei izena jartzen eta ez badakigu haiek identifikatzen, ezin dugu haurrekin landu. Lehenik, guk landu behar ditugu emozioak, eta, gero, haurrei eman behar dizkiegu erremintak, txikitatik lantzeko.

Haurra emozionalki osasuntsua bada, arazo asko saihesten dira», adierazi du.

Emozioak lantzeko bidean, Gurasoei gutuna liburua baliabide edo tresna izatea nahiko luke. Orain arte,  «harrera ona» izan du liburuak. 1.000 aleko argitalpen bat egin zuten, eta jada laurehun bat salduak izango direla uste du, eta «oraindik jendeak erosten jarraitzen  du», kontatu du, pozez. Hainbat liburu dendatan salgai da liburua, eta Internet bidez ere eros daiteke, Gurasoeigutuna.eus helbidean.

Liburua eskuratu ostean, jende askok idatzi izan dio, bere iritzia emanez eta sentitzen duena adieraziz, eta Mendizabalentzat hori da «ederrena». Bere barrua askatzeko, idazteak mesede egin dio, eta jendea idaztera animatuko luke: «Beharbada, ez dakizu zer ari zaren sentitzen idatzi arte. Idazten hastean ohartzen zara barruan zer daukazun gordeta».

Eta aditu denek diote: barruan gordetakoa askatzea komeni da.

FITXA

Izenburua: ‘Gurasoei gutuna’.

Ideia:  Itxaro Mendizabal Amundarain.

Ilustrazioak:  Josu Maroto.

Edukia:  Gurasoei gutuna lehiaketara aurkeztutako 27 gutun jasotzen dira.

Orrialde kopurua: 70 orrialde, koloretan.

Argitaratze urtea: 2017ko abendua.

Prezioa: 15 euro.

Non eskuratu: Liburu dendetan edo www.gurasoeigutuna.eus helbidean.

Argitaletxea:  Autoedizioa.


Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button