Egia da gizakiok berezko joera daukagula harremanerako. Haurrak 6 hilabete bete aurretik giza estimuluekiko arreta selektiboa agertu ohi du: aurpegiak bilatzen ditu (begiek eta ahoak osatzen duten hirukian jartzen du arreta) eta gizakion ahotsei modu berezian erantzuten die.
Hala ere, egoerak direla medio, badaude gaur egun giza estimulu barik hazten diren haurrak. Horrelakoetan ikusten da hazkuntza motelago ematen dela eta helduaroan besteengan konfiantza izateko zailtasunak daudela.
Beraz lehenengo galdera erantzun dugu. Zertarako? Haurren garapena optimoa izateko eta haien bizitzan izango dituzten harremanak asegarriak izateko.
Kasu askotan (gaur egun Euskal Herrian kasu gehienetan, zorionez), haurrak berez trebatzen ditu harreman ororen oinarrian dauden gaitasunak. Esan dezakegu helduok konturatu ere ez garela egiten horretan dugun paperaz. Baina zer da askotan ikusi ere egiten ez dugun hori eta horren garrantzitsua dena?
Esan bezala, haurrak 6 hilabeteen inguruan, oraindik bere zaintzaile nagusiak bereizten ez baditu ere, giza estimuluekiko lehentasuna du, bere arretarekin geurea bereganatzen duelarik. Elkarrekintza horietan oso garrantzitsua da aurpegien elkar ikustea, haurrak horrela ikasten baitu zaintzaileen aurpegi keinuak ezberdintzen.
Erreferentzia soziala egitea esaten zaion gaitasun hau momentu honetan agertzen da eta bizitza osoan zehar mantenduko da. Adibidez 4 urterekin ezezagun batek goxoki bat eskaintzean haurrak gurasoari begiratuko dio bahimena duen jakiteko. Ala 15 urterekin lagunen arteko begiradan bilatuko du bere intimitatea irekitzeko bahimena. Hitzik gabeko komunikazio gaitasun hau oso garrantzitsua da harremanen oinarria modu egokian eraikitzeko.
Gaitasun horrekin batera badago beste bat ere funtsezkoa dena eta lehen urtean zehar garatuz joan behar dena: sintonia emozionala. Erreferentzia soziala egitearekin batera haurrak ikasiz joango da bere zaintzaileen keinu ez berbalei modu egokian erantzuten. Hau da, helduen egoera emozionala irakurtzeko gai izango da eta bere jokaera egoera horretara moldatzen ikasiko du.
Bi gaitasun hauek oinarrizkoak dira eta berez eman ohi diren jokaerei ezker garatzen dira, besteak beste: gurasoen keinuen eta ahots tonuen handitzea, kontaktu bisuala mantenduz egiten diren elkarrekintzak pardela aldatzean, titia zein biberoia ematean arnasaren akonpasatzea, elkar laztantzea eta berba goxoak esatea, bestelako jolas sinpleak…
Bestalde, gurasoek ere ikasten dute haurren adierazpen ez berbala interpretatzen, bere negarretik ulertuz ez duela gehiago jolastu nahi, gose dela ala besoetan hartua izan nahi duela.
Lehen urtearen amaieran, aipatutako jolas sinpleak konplexuagoak egiten hasten ditugu. Haurrak bere jokaera geurera sinkronizatzeko gaitasun handiagoa du eta partekatutako jolasak izaten hasten dira, biok aktiboak garelarik.
Dagoeneko badago tarte bat jolasetan aldaerak egiteko. Gogoratzen dut nire urte bete inguruko ilobarekin ezkutaketan jolasten (kuku…) zelako barre algarak egin zituen aulkiaren ohiko aldetik etorri beharrean beste aldetik etortzea bururatu zitzaionean.
Aldaketetarako eta inprobisaziorako tartea geroz eta handiagoa izango da, elkarrekintzek konplexutasun maila handiago hartzen joango direlarik. Baina badago gaitasun bat kualitatiboki ezberdina eta esanguratsua dena eta urte eta erdirako agertu ohi dena: konponketa ekintzak (erreparazioa).
Oraindik ere elkarrekintza ez berbaletan gaude, hots, ez gara hitzekin komunikatzen (nahiz eta hitzak egon, noski), baina dagoeneko bestearen erreakzio emozionala interpretatzeko gai gara. Horregatik, ekintzaren batetan mina ematen badigu normalean mina hori keinuz handizkatu egiten dugu. Eta mina hori adibidez ahizpari egiten badio ezetz esan eta haiengana goaz konpentsazio moduan “laztanatxu” egin diezaion.
Gaitasun hau oso garrantzitsua da elkarrekintzetan agertuko diren erregulazio arazoei aurre egiteko eta aro berbalera pasatzean barkamena eskatzearen hazia direlako. Haurrak hauek garatu ezean ez du jakingo zer egin nahi gabe mina eragiten duenean eta horrek estresa eta harreman ez asegarriak eragin ditzake, besteak beste.
Hemendik aurrera harremanaren bitartekaria hizkuntza izango da: kanpoko munduak partekatuko dira, barnekoak ere bai, eta harreman iraunkorrak egiten ikasiko du haurrak. Baina aldi berean arestian azaldutako oinarrizko gaitasun horiek ere garatzen jarraituko du. Beroriek nahi ditugu gaurkoan nabarmendu, izan ere, berbalak ez diren heinean askotan gure gizartean “ikusi” ere ez dira egiten.
Gainera, gure gizarteak hainbat oztopo jartzen dizkio gaitasun horiek berez garatzeko prozesuari. Gehiegizko lan kargak haurrekin jolasteko denbora murrizten du. Hortaz, haiekin gauden denbora urrian autoritateari dagokion rol normatiboan gaude, bestelako elkarrekintza ludiko zein afektiboak trebatu ezinean ibiltzen garelarik.
Beste askotan, adibidez, elkarrekin ematen dugun denboran (azkaria ematen, adibidez) telebista ala bestelako pantailaren bati begira gaudela izaten ditugu harremanak. Horrela ez dago erreferentzia soziala ezta sintonia emozionala garatzerik.
Beraz, laburbilduz, haurraren garapena optimoa izan dadin eta familiako harremanak jasangarriagoak eta aberasgarriagoak izan daitezen ez hitzezko komunikazioa faboratzen duten ariketetan inbertitu behar da, hala lehen urtean nola haurtzaro osoan zehar.