Oparipuina: Lumak
Ipuin hau, eraman beza askatasun haizeak Aitzol koloreztatzen duen txoko eta istorio bakoitza jasotzera.
– Gogoratzen zara txikia zinenean zenuen itxuraz?
– Ez dut horretaz hitz egin nahi!
Ez, Aitzoli ez zitzaion txori txiki-txikia zeneko bere itxura gogoratzea gustatzen. Ez zuen orain zuenarekin zerikusirik. Ez zuen orain zenarekin zerikusirik. Aitzol txikia zenean, luma grisek estaltzen zuten bere gorputza.
Bai, zaila izan daiteke sinestea, orain luma bakoitzean kolore bat baina gehiago duela ikusita, baina Aitzol bezalako txorientzat, ez da erraza izaten koloreak lortzea. Lortzea? Pentsatuko duzue agian… bai, Aitzol bezalakoek koloreak lortu behar dituzte, eta hori ez da lan makala.
Duela hogei urte inguru hasi zen guztia, Aitzolek kabitik lehen aldiz jauzi egin zuenean. Beldur handiz hurbildu zen kiribildurik zegoen adarraren puntara. Ama eta aitaren alboan zegoen. Irrikaz eta urduri hiruak. Gurasoei azken begirada izuti bat eskaini eta jauzi egin zuen.
Hegoak zabaldu zituen eta eragiten hasi zen. Poliki-poliki. Gora eta behera, beste txoriei ikusi izan zien eran. Eta berehala hasi zen nahi zuen norantzan bidaiatzen. Astebete inguru igaroko zen hegaz ondo egiten ikasi zuenerako. Poz handiz hartu zuten gurasoek Aitzol txikiaren trebezia berria, eta Aitzol bere bidea egiten hasi zen unea pozez eta tristuraz hartu zuten.
Egun hartan, Aitzolek gurasoen kabia utzi eta bere bizitzari ekin aurretik, amak esan zion:
– Aitzol, maitea, ikusi duzu zure ezker hegaleko luma hori?
– Hara! Berdea da eta! – Aitzolek harriturik.
– Bai, bizipen garrantzitsu bat duzunean luma ere kolore bizizko bihurtuko zaizu. – aitak agur esaten zion bitartean.
Halaxe hasi zuen Aitzolek bere bizitza.
– Eta nora joango naiz orain?
Hori izan zen bere kezkarik handiena lehen hilabete haietan. Gutxinaka bere bidea egiten baino, bere bidea bilatzen. Egun batean zuhaitz altu-altu batera igo eta azken adarraren puntan kokatu zen arte. Han zegoela, begiak itxi, arnasa hartu eta haize bolada bat sentitu zuen.
– Baina zer da hau?
Inoiz ez zuen halakorik sentitu. Inoiz ez zuen halakorik sentitzeko tarterik hartu. Inoiz ez zuen haizea laguntzat hartu. Berriro begiak itxi, arnasa hartu eta haizeak inguratu zuen Aitzol. Haize hori sentitzeak bete egin zuen eta begiak zabaldu zituenean eskuin hegalean luma gorri bat topatu zuen.
– Hauxe da behar dudana! – oihukatu zuen ozen.
Eta berriro, begiak itxi eta arnasa hartu zuen. Oraingoan ordea, ez zen geldirik geratu. Haize harekin joatea erabaki zuen. Hegoak zabaldu eta hara eta hona ibili zen ordu luzez. Gaua iristean soilik hartu zuen atseden. Baina ez zegoen nekaturik, bakean sentitzen zen, aske.
Ordurako lau luma zituen koloreztaturik, eta hori ikusita jakin zuen bere bidea topatu zuela. Egunero, adarrik altuenera igo eta haizeak zeraman lekura joatea erabaki zuen. Eta horrelaxe ezagutu zituen munduko ia lurralde guztiak.
Lurralde bakoitzean haize hark usain eta sentipen bereziak ematen zizkioten, eta luma gehiago aldatzen zitzaizkion kolorez. Zoragarria zen. Aske sentitu eta kolore zoragarrizko lumak zituen txori handi bihurtzen ari zen.
Bai, txori handi bihurtu zen Aitzol. Lagun mordoa egin zuen bidean baina beti itzultzen zen Euskal Herriko kostako herri txiki batetara. Han zuen lagun on bat. Beti istorio berriak entzun eta kolore berriak ikusteko irrikaz. Beti alboan izango zuela gogoraraziz.
Aitzolek aspaldi utzi zion txori grisa izateari. Horrexagatik ez zuen iraganaz hitz egin nahi izaten, koloretako lumek, munduan milaka kolore, pentsaera, usain, zapore eta bizimodu daudela ongi ikasirik zuelako… eta grisak hori ezkutatu lezakelako.
Loari lapurturiko une batean idatzita, hego haizeak abenduan uda giroa ekarri digun gabon bezperan.