Bizipena: Nire bizitzako egunik zoriontsuena
Esku bat sentitu nuen nire hankartea ukitzen baimenik eskatu eta abixurik eman gabe, eta azkar kendu nion bertatik. Orduan konturatu nintzen, kontrola ez zela nirea, eta haiekin konpondu beharko nuela.
Eskatu nien bertan erditu ahal izatea, senarraren laguntzaz behintzat, baina ez zuen ezertarako balio izan. Nire txikiak bi zirelako, ezin izan zuen aitak bere txikien jaiotza ikusi.
Kirofanoan egin nuen. Azkar-azkar. Peru oso ondo jaio zen. Ez nuen nire gustuko postura hartu, baina indar egiteko, hanka bat guztiz tolesturik jartzen utzi zidaten.
Loreren txanda zen, baina goian zegoen, hankak aurretik, eta ez zidaten zutik jarri eta mugitzeko aukerarik eman. Anestesia jarri zidaten medikuak eskua sartu, hanketatik tira eta Lore ateratzeko. Atera zuen, eta bitartean beso batean min eman zion. Hilabeteetako erreabilitazioa behar izan zuen besoa sendatzeko.
Anestesia jarri zidanean, azaldu zidan hankak esnatu bitartean gela batetara joan behar nuela. Aurretik idatziz egin nuen eskaeran zioen bezala, erregutu nien, txikiak nirekin ezin bazuten egon, aitarengana joan zitezen. Erizain batek esan zidan saiatuko zela. Eta hala izan zen. Jaio eta lehen ordua bere aitarekin pasa zuten Peruk eta Lorek.
Titiburuak kitzikatzen eta hankak astintzen eman nuen ordubete. Pozik, oso pozik, laister nire txikiak besoetan izango nituelako. Oso pozik, oso oso pozik, nire bizitzako egunik zoriontzuena bizitzen ari nintzelako.
Gelara iritsi eta Eñautek Peru jarri zidan bularrean. Ekarri Lore! esan nion kriston subidoiarekin. Lorek azkar hartu zuen beste titia. Hala jarraitzen dute, hiru urte betetzera doazen bikotea, titizaleak biak.
Erditzea, zoragarria izan zen, nire eskuetan zegoena egin nuen, eta disfrutatu nuen, minak min.
Pena batzuk baditut: Ginekologoaren izena ez dakit. Beti gogoratuko dut, hitzik esan gabe, ukitu ninduen momentua. Erditze ona izan bazen, zergatik ez zuten senarra sartzen utzi? Zergatik ez zidaten altsatzen eta bigarren txikia jeisten lagundu, anestesia ekiditeko? Zergatik banandu ninduten nire semealabengandik, jaiotzeko lehen orduan? Protokoloengatik. Zentzugabekeria, eta erditzeari errespetu falta.