Elikadura zaintzea da sendagairik onena
Mentxu Amunategi (Bermeo, 1970) – sendabelarrei buruzko EHNEren tailerretako irakaslea
Medikuaren aginduz hartutako botikak osasunerako kaltegarriak izan daitezkeela ezaguna bada ere, badirudi gizartean norbera bere burua sendatzeko gai dela. Hala egin nahi duenak laborategietan produktu kimikoekin sortutakoak erabili ordez, naturak eskaintzen dituen sendagaiak erabiltzeko aukera dauka; aski da sendabelarrak ezagutzea.
Noraino izan daitezke osasunerako lagungarriak sendabelarrak?
Edozein prozesu bideratzeko eraginkorrak dira, baina tratamendu luzeak behar dituzte. Gaixotasunei aurre egiteko, baina, alderdi sikologikoa ere kontua hartzekoa da. Eragin handia dauka buruak gure osasunean.
Zer-nolako edukiak jorratuko dituzue ikastaroan?
Bederatzi saio izango ditugu, ia lau ordukoa bakoitza. Horrekin oinarrizko landareak ondo ezagutzeko aukera izango dugu, 25 inguru. Bakoitzaren ezaugarriak eta nola eraldatu ahal ditugun, alegia, zer- nolako prestakinak egin ahal izango ditugun bakoitzarekin: ukenduak, xaboiak, olioak, xarabeak edota infusioak, esate baterako. Bitxia izan da halako ikastaro bat euskaraz antolatu izana, non eta Barakaldon.
Modan omen dago osasunerako bitarteko naturalak erabiltzea. Ez al da natura gure aurrean betidanik egon?
Gure amamek egiten zutena berreskuratzen ari dira orain batzuk. Agian egungo ezagutzak ahalbidetzen dituen onurekin, baina, funtsean, betiko gauzak baino ez dira. Bizimodu batekin apurtu izanaren ondorio da naturarekiko deserrotze hori. Hala eta guztiz ere, gaixotasunik ez izateko, elikadura zaintzea da sendagairik onena.
Baina gaixotzen garenerako, sendagarriak ere badira, ezta?
Noski, baina, esan bezala, ez gaixotzeko modurik eraginkorrena elikadura da. Sendabelarrak oso lagungarriak izan daitezke, baina denbora behar dute, egungo gizartean faltan dugun hori. Gaixotzeko denbora behar den bezala, ezinezkoa da ondo sendatzea arineketan lortzea. Sendabelarrak hartzeko pazientzia behar da, baina arin bizi gara, eta bizi nahi dugu.
Zer-nolako ikasketak egin dituzu sendabelarrak behar bezala ezagutu ahal izateko?
Baserri munduko eraldaketari buruzko ikastaroetan hasi nintzen. Sendabelarren eremuan, Laura Gurbindu izan nuen irakasle; Iruñean eskaintzen ditu berak halakoak. Ikastaro batzuk egin ondoren, Bizkaia aldekoak nik egiteko proposatu zidaten eta, halako batean, onartu egin nuen. Duela lau urte inguru hasi nintzen eta martxa ikaragarriarekin ari gara. Uztailera arte ia egunero daukat eskolaren bat.
Landa mundutik urrundu garela diozu.
Hezkuntza sisteman, nonbait, okerren bat dago. Eskolan, haurrek indaba bat landatzen ikasten dute, baina 30 urte dituztela nekez desberdin ditzakete bi landare.
Oparoak al dira Euskal Herriko baso eta mendiak sendabelarretan?
Bai, baina politikaren ondorioz, gero eta zailagoa da. Labore bakarra lantzearen aferarekin zerikusi handia du horrek. Horrez gain, sendabelarrak mugatu nahi dizkigute Europako Batasunetik, zerrenda luze bat argitaratu dute, laborategiek bakarrik erabili ahal dituzten landareekin. Noski, multinazionalak daude laborategi horien atzean, eta interes ikaragarriak daude horren guztiaren inguruan.
Noraino ezagutu behar dira landareak helburu hauekin erabiltzen ikasteko?
Hasi berri dugun ikastaroarekin nahikoa da, gehienentzat, oinarrizko landareak ezagutu eta erabili ahal izateko. Garai batean aski ezagunak ziren gauzak gogoraraztea da ikastaroaren helburuetariko bat: noiz bil daitezkeen fruituak, landareen atal bakoitzaren ezaugarriak eta bil daitezkeen kopuruak naturari kalterik ez sortzeko, besteak beste.
Ba al da arriskurik, sendabelarrak gaizki erabiliz gero?
Gauza guztiak bezala, gaizki erabilita kaltegarriak izan daitezke. Esate baterako, tentsio baxua duenari ez diogu tentsioa are gehiago apaltzen duen sendabelarrik emango. Halakoak kontuan izan behar dira, baina landareak ondo ezagutuz gero, ez da zertan arazorik izan.
Hemendik moldatuta: http://paperekoa.berria.info/plaza/2007-02-06/049/005/lege_info.htm