0-5Adimen EmozionalaHezkuntza

gogoratzen-EGOKITZAPENA: aldapa gora samurragoa izan dadin 2012-09-10

Egoki-tzapen garai honetan gurasoengandik —atxikimendu pertsonengandik— bereiziko da haurra; espazio berri batean geldituko da; eta bizitzaren lehen urte hauetan objektuen kontzientziarik ez duenez, umeak usteko du bere begien aurretik desagertu dena —gurasoa— agian ez dela berriro agertuko, eta ondorioz, une gogorra izan ohi da umearentzat.

Haurrak lotura afektiboa hautsi dela sentitzen du, eta horrek etengabeko negarra ekarri ohi du, sentimendu hori kanporatzeko duen modu bakarra baita negarra. “Gogorra” eta “zaila”, beraz. Hazi Hezirekin Izartegi haur eskolan bildu diren hezitzaile eta guraso guztiek hitz horiek erabili dituzte egokitzapen-garai hau deskribatzeko. Aldapa leuntzeko, eta egokitzapena haurrarentzat, familiarentzat eta hezitzaileentzat ahalik eta samurrena izan dadin, “lasaitasuna” eta “konfiantza” dira gakoak, Edurne Lekunberri auzo bereko Egunsenti haur eskolako hezitzailearen arabera: “Hezitzailearekiko konfiantza hartu eta gurasoak lasaitzen direnean, orduan haurrak ere lasaiago egoten dira”.

Leire Lopezek “umea sufritzen ikusteko beldurra” zuen Izadi, 8 hilabeteko alaba, Egunsentin hasi behar zen unean. Dulantz alaba nagusia ere  haur eskola berean ibilia zen, baina “nahiz eta lekua eta hezitzaileak ezagutu, eta euren filosofia guztiz konpartitu, beldurrez etorri nintzen”. Ainhoa Saizek hasperen etsi batekin deskribatu du hamar eguneko egokitzapen-esperientzia hau; Haizea eta Izaro, 13 hilabeteko alaba bikiak haur eskolan hasteko lasai eta gogotsu zegoen Ainhoa, “baina lehengo egunean harrituta gelditu nintzen nire sentimenduengatik, Ainhoa berri batekin topatu nintzen”, dio, oraindik ere azala oilo ipurdi jartzen zaiolarik, lehen egunetan ume guztiak, bereak barne, negarrez gelditzen zirela gogoratzean.

 Banaketa garaia, seme-alabentzat bezala, gurasoentzat ere gaitza da, Ikerrek dioen eran, “gehien maite duzuna ezezagunen esku uzten duzu”, eta, kasu askotan, gainera,  gurasoek nahi baino azkarrago utzi behar izaten dute umea haur eskolan, lan-egutegiak horretara behartuta. Baina hezitzaileentzat ere pasatu beharreko esperientzia hau ez da erraza izaten. Ines Zazu maistrak hamar urte daramatza haur eskolan lanean, baina beretzat ere hasierako une hau ikasturte osoko garairik gogorrena da, eta bat datoz Edurne eta Ana Araujo hezitzaileak ere. “Momentu zaila da —dio Anak—: gurasoek bizi duten larritasun hori jasotzen dugu. Haurrarekin egon behar dugu hezitzaileok, baina familiak ere zaindu behar ditugu, haiek lasaitu eta konfiantza sortu”.

 

Haurra egokitu beharrean, familiari egiten zaio harrera

Egokitzapen garaiaren helburua ez da umea eskolara ohitzea, baizik eta familia osoa eta, areago,  eskola bera moldatu behar da egoera berrira. Horrexegatik, Iruñeko lau udal haur-eskoletan “egokitzapena” ez eta “harrera garaia” deitu diote hasierako prozesuari, eta izen aldaketatik harago, kontzeptua bera eta zentzua bera aldatu dute. Alfredo Hoyuelos NUPeko irakasleak eta Jaime Tanco udal teknikariak bideraturik, eskolak umeari —eta horren familiari— harrera egin diezaion egokitu dute prozesua. Hasteko eta behin, abuztu erdi partean hasi dira haur eskolak lanean, guraso gehienak irailean hasiko direla lanean aurreikusirik, aukera gehiago izan dezaten egokitzapena lasai eta egoki egiteko.

Aurreko urteetako moldatze garaitik aldaketa batzuk egin dituzte aldapa samurtu eta esperientziaren protagonista haurra bihurtzeko; hiru dira aldaketa nagusiak: batetik, gurasoak gelan lehen bezala sartzen dira, baina izkinetan edo perimetroan esertzen dira orain, eta hezitzailea  erdigunean, piskanaka umeak eurak izan daitezen gurasoagandik hezitzailearenganako —haur eskolako erreferentziazko pertsona izango denarengana— urratsa egiten duena; bigarrenik, bai guraso eta hezitzaileak isilik egoten dira gelan, ez elkarrekin eta ezta beste gurasoekin ere hitz egin gabe, umearengan zentratzeko helduak eta hark protagonismo erabatekoa izan dezan. Hirugarrenik, gurasoek ere euren harrera-espazioa dute moldaketa garai honetan bizitzen ari diren esperientzia hezitzailearekin edo beste gurasoekin partekatzeko.

 Prozesu berri honen bidez, hasieran behar den denboran sartu-irtenak eginez, eta egunero umearekin gelan egonez, esperientzia osoa bizi-tzen ari denaren sentsazioa dauka Leirek, “orain egiten ari garen eran oso kontziente ari naiz izaten; umea nola dagoen ikusten dut, nabaritzen dut zer ari zaion gehiago kostatzen eta zer gutxiago; hezitzaileek nola jokatzen duten ikusten ari naiz, inork kontatu gabe, neu umearekin bizitzen ari naizen esperientzia da, nahiz eta gogora izan”.

Dulantz alaba nagusiarekin pare bat egunez egon zen gela barruan, baina gero ez zuen haurra eta hezitzailea nola moldatzen ziren bertatik bertara ikusteko aukerarik izan. Ikerrek ere une hau kontzienteki bizitzearen garrantzia nabarmentzen du, hezitzaileek lan ildoak, moduak edo filosofia kontatzetik harago, eurek euren begiz ikusi eta sentitzearen garrantzia: “Egoi seme nagusiarekin oso arin egin genuen egokitzapena eta ez nintzen ia ezertaz jabetu, eta ez nion eman duen garrantzia; orain ikusten ari naiz hau ez dela haurtzaindegi bat, hau haur heziketa dela, eta hori moldaldiaren parte naizelako ikusten dut”. Ainhoak ere berebiziko garrantzia ematen dio hezitzaileekiko konfiantza hartzeari eta haur eskolaren lan moldeak ezagutzeari.

Argi dauka prozesua barrutik bizitzea, haurrekin egotea, eta hezitzaileen lana bertatik bertara ikustea oso aberasgarria izan dela berarentzat: “Ikaragarri gustatu zait hezitzaileen jarrera haurrarekiko, nola errespetatzen duten haurra pertsona bezala, bere sentimenduekin, bere erabaki-hartzearekin, eta bere negarrarekin; haurra den bezala onartzen eta errespetatzen dute, eta hori ikusteak lasaitasun handia eman dit. Harrera garai hau barrutik bizi izan ez banu ezingo nuke hori guztia ikusi”.

 

Gurasoak, hasieratik, eskolaren parte

Eskolako harrera malkartsua izan ez dadin, eta konfiantza eta lasaitasuna erdiesteko, gardentasuna da gurasoek eskatzen duten ezaugarri nagusia. Egunsenti eta Izartegi haur eskoletan espazioak gardenak dira, kristalezko hormak dituzte, eta gela bakoitzean gertatzen dena kanpotik ere ikus daiteke. Alabaina, gardentasuna ez da arkitektura soilik, gardentasuna haur eskola hauen leit-motiva da, “oinarrizko kontzeptu demokratiko bat”, Anaren arabera. Ikerrek ez du irudikatu ere egin nahi, umea atean utzi eta haren gelan sartu ezinezko egoera bat, hezitzailearen eta bere semearen arteko elkarrekintza ikusterik ez lukeen egoera. “Ze gogorra!”, dio, “aita bezala, niretzat ezinbestekoa da umea nola ari den egokitzen ikustea”. Gardentasun hori funtsezkoa da Ainhoarentzat ere, “gardentasunak ikaragarrizko konfiantza ematen dizu, hezitzaileak zer ezkutaturik ez daukala, eta bere lana ikus dezazun konfiantza osoa daukala erakusten dizu”.

 Garai honetan konfiantza eraikitzen da, beraz, gurasoek hezitzailearekiko konfiantza hartzeko unea da, baina baita hezitzaileek familiarenganako ere. “Gurasoak eskolaren parte direla sinesten dugu guk —dio Anak—, eta konfiantza daukagu ez daudela gure lana epaitzeko edo juzio bat egiteko”. Gurasoak eta hezitzaileak, ikasturte hasieran, elkarrekin zerbait ikasteko jarrera eduki beharko luketela uste du Anak: “Guk onartzen dugu gurasoak esateko zerbait daukala nire lanari buruz, eta onartzen dut; eta era horretan, gurasoak ere onartuko du nik ere zerbait daukadala esateko umearen hezkuntzari buruz”.

 Gurasoak ere eskolaren parte direla sinesten dutenez, familiari harrera egiteko aurten, lehengo aldiz, aita-amentzako harrera-gelak prestatu dituzte Izartegin eta Egunsentin, haurrak gelan hezitzailearekin bakarrik egon behar duten unean gurasoak ere babestuak senti daitezen, eta beldurrak, edo haurra negarrez uztearen sufrimendua parteka dezaten. 

 Hiru hezitzaileak bat datoz, harrera garaian umeari nagusiki, baina familiari ere kasu handia egin behar zaiola, gauzak azaldu bai, baina entzun ere egin behar zaiela gurasoei. Eurak, hezitzaileak, egoeretara moldatu behar direla diote. “Umearen arabera, eta familiaren arabera moldatu behar gara hezitzaileok”, dio Edurnek; “batzuen errealitatea da lanera joan behar dutela eta utzi egin behar dutela umea lehenbailehen, eta horretara ere moldatu egin behar dugu”. Izan ere, Edurnek moldaketa ahalik eta pertsonalizatuenean sinesten du, haur hezkuntzako eskola askotan egiten ez den bezala. “handien eskolan moldatualdia deitzen diote, baina guztiek berdin egin behar dute, ordutegi berdinarekin; nik hor ez dut ikusten moldaketarik, haur bakoi-tzak eta familia bakoitzak oso behar desberdinak baititu, eta erantzun egin behar zaie”.

 

Iturria: http://www.hikhasi.com/

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button