Koldo Gilsanz 2011/12/14
Guraso askok, haurren garapenaren momentu batetik aurrera, hauekin harremana borroka baten modura bizi dute. Esnatzea, gosaltzea, bainua hartzea edo eta jertsea jarri behar izatea, bat batean, haserrealdi desproportzionatu batean bihurtu daiteke. Kasketen aroa hasi da.
Hemen nabil zuekin partekatu nahi dudan mezu bati forma emanez. Kostatzen zait, nahiko nuke ondo egin, zuentzat ulergarria izatea, eta motibagarria ere aldi berean. Ez nuke astunegia izan nahi, baina sinplista izateak beldur handiagoa ematen dit oraindik. Ez naiz errezeten aldekoa. Psikologia ez da egiaren jabe, bakoitzari lagundu behar dio bere egia osatzen. Eta helburu horrekin partekatu nahi ditut zuekin niretzat, hala lanean nola bizitza pertsonalean erabilgarri suertatzen zaizkidan ezagutza batzuk, guraso eta seme-alabaren arteko harremana ulertzeko, baita batzuetan ulertezinak ematen duten kasketaldiak gertatzen direnean ere. Bagoaz!
Kasketaldiak ez dira ume guztietan ematen, baina ematen direnean hezkuntza erronka handienetarikoa izaten dira. Batzuetan liskarrak egunero gertatzen dira, baita maizago ere, eta horrelakoetan oso zaila da hezteko beharrezkoa den indarra mantentzea. Saiatu gaitezen ulertzen noiz eta zertarako ematen diren erreakzio bortitz hauek, ondoren haiei eman beharreko erantzunaz hausnartzeko eta pizten diren emozio desatseginetan behar baino indar gehiago ez galtzeko.
Kasketaldiak garapenaren momentu batean agertzen dira, atxikimenduaren garapenean funtzio bat dutelako. Beraz, goazen partez parte:
Zer da atxikimendua?
Atxikimendua jaioberria eta bere zaintzaile nagusien arteko harremana da, familiaren gainontzeko harremanen sarean toki berezia duena, eta espeziearen bizirautea sustatzeko mesedegarriak diren jokaera, pentsamendu eta sentimenduak aktibatzen dituena bai zaintzailerengan baita haurrarengan ere. Gizakiok oso gaitasun maila baxuarekin jaio egiten gara, eta horri esker gure nerbio sistemaren garapenaren parte handi bat jaio eta gero ematen da, ingurugiroarekin elkarrekintzan. Horrek aberastasun handia suposatzen digu, baina ordaindu beharreko prezioa ere handia da: bizitzako lehenengo urtetan helduen dependentzia handia.
Menpekotasun hori asetzen dela ziurtatzeko, garapenaren poderioz atxikimendu sistema deritzona finkatu egin da. Honen xedea oinarrizko behar psikologiko bat asetzea da: baldintzarik gabeko eta iraunkorrak diren lotura afektiboak izatea, ziurra eta babestua sentitzeko.
Nola eta noiz sortzen da?
Lotura hau ezartzean haurra ez da elementu pasiboa. Bere aurpegi borobilarekin, gizakiongandik datozen estimuluekiko lehentasunarekin, maitekiro botatzen digun irribarrearekin, besarkatzeko erreflexuarekin edo eta elkarrekintza sinkronizatu sinpleetan parte hartzeko gaitasunarekin helduen atentzioa eta berarekiko sentimendu positiboak eragiten ditu.
Ildo berean, zaintzaileek ere atxikimendua faboratzen duten jokaerak azaltzen dituzte, besteak beste gertutik hitz egitea, kontaktu fisiko ugaria, begirada mantentzea, hitz egiteko modu berezia, aurpegi keinu handizkatuak, haurraren deiei erantzutea, etb…
Horrela, pixkanaka pixkanaka, ezarri egiten da bi pertsonen arteko harreman sinbiotikoa (gaur egun badakigu atxikimendu figura bat baino gehiago izan daitezkeela. Are gehiago, erreferentzi figura bat baino gehiago izateak haurraren malgutasuna faboratzeagatik positiboa ere badela esan dezakegu).
Atxikimendua berez zazpigarren hilabetearen inguruan aktibatu egiten da. Momentu honetan haurra, atxikimendu figurak bereizi ez ezik, hauen faltan aztoratu egiten da. Ondo gogoratzen dut nire arrebak garai horretan iloba nagusia zaintzen utzi ninduela, eta ez zion negar egiteari utzi ordu bete batetan!
Zertarako balio du atxikimenduak?
Behar fisiologikoen asetzea bultzatzeaz gain, behar psikologikoen asetzean ere zeresan handia du atxikimenduak: gordelekua da. Haurrak lau hankatan ibiltzen hasten direnean atxikimendu figuratik aldentzeko saiakerak egiten hasten dira. Horrela hasten dira beraien aldentzeagatiko antsietatearekin jolasten eta berori erregulatzen ikasten dute, adibidez, izkutaketan jolasten.
Momentu honetan ingurua miatzen hasten dira, eta miaketa horretan buru-belarri aritzeko ziurtasuna sentitu behar dute. Haurrak egoera berri baten aurrean bere amaren begirada bilatuko du, jakiteko egoera ziurra den ala ez, jakiteko lasai miatzen jarraitu dezakeen ala ez. Amarekin kontaktu bisualak lasaitasuna ematen dio.
Hala ere, denboraren poderioz, amarengandik aldentzen joango da. Ikasiko du harreman sinbiotiko hori bi pertsonek osatzen dutela eta, bat ez direnez, berak ezetz esan dezakeela konturatzen da. Oposizioa eta rebeldia ezagutu ditu!
Zertarako balio dute kasketek?
Momentu horretan hasi daitezke kasketak agertzen. Haurra izaki independientea dela konturatu da eta horrek ematen dion boterearekin esperimentatzen hasten da. Horrela, kontrakotasuna sentitzen duenean, ezetz esan eta haserretu egiten da. Hau borondatearen hazia da (helduaroan ezetz esateko, haserretzeko, zailtasunei aurre egiteko… balioko diona), oso baliotsua beraz. Ikasi dezagun hau nola zaindu, haurrak errotik moztu behar izan ez dezan.
Haur hauekin modu prebentiboan egin dezakeguna aukerak ematea da. Hotza egiten duenean, aukeran eman txamarra berdea ala morea jarri. Haiek aukeratu dutela sentitzen badute, ez dute ezezkoaren beharrik izango.
Baina hala ere, nahiz eta detaile txikietan hautatzeko aukera eman, horrek ez ditu kasketa guztiak saihestuko. Beraz, jakinda haien garapenean horren garrantzitsuak direla, ikus dezagun haiekin zer egin.
Nola eskuhartu haurren kasketen aurrean?
Lehenik eta behin, jakinda horren baliotsuak direla, ez dira zigortzen ezta erreprimitzen ere. Web gune honetan bertan autoritatea eta autoritarismoa ezberdintzen duen artikuluan oso ondo azalduta dagoen bezala, autoritateaz jokatuko dugu eta haientzako onena dena gogoan edukita eskuhartuko dugu.
Haurrek behar dutena mugak dira; izan ere oposizioa egiten badute, muga hauek existitzen direla ziurtatzeko egiten dute, eta horrelako frogetarako esparrurik egokiena atxikimendu harremana da. Imagina ezazue lau erreiko errepide batetik gidatzen zoaztela, eta halako batean, trafiko asko dabilen puntuan, erreiak banatzen dituzten marrak desagertu egiten direla. Ziurrenik beldurra sentituko genuke, marrak jartzearen arduradunarekiko haserrearekin batera. Momentu honetan ere haurrek atxikimendu figurengandik behar dutena ziurra eta babestuta sentitzea da.
Erreferente ezberdinen arteko adostasuna ere ezinbestekoa da. Bestela, haurrak ikusten baldin badu batek muga jartzen dionean bestearengana penaz joan daitekeela bere desioa lortzeko, errepideko marrak borratzen ariko gara, haurrari gure artean liskarrak sortzeko boterea ematearekin batera. Neurri hezitzaileei buruzko eztabaidak kasketaldia pasa eta gero eta intimitatean eduki behar dira.
Kasketa harrapatzen duenean, askotan jendearen aurrean, ikasi duelako orduan kasu gehiago egiten zaiola, hartu egingo dugu eta aparte eramango dugu, berarekin kontaktu fisikoa mantenduz eta haserrea pasatzen lagunduko diogu: “haserre zaude, kasketa bat izaten ari zara, lasai, pasako zaizu. Ni zurekin nago…”
Lasaitasunez erantzutea ez da bat ere erraza, inplikazio emozionalak handiak izan daitezkeelako. Haurrarengandik erasotua sentitzen banaiz, bere kontra egiteko edo bertan bakarrik uzteko inpultsoa sentituko dut. Baina horrelakoetan transmititzen diodan mezua “haserre bazaude ez zaitut maite” izango litzateke.
Aldiz, ulertzen badut kasketaldiak haurraren tenperamenduagatik sortzen diren erreakzioak direla, ez naiz erasotua sentituko eta bere ondoan gelditu ahal izango naiz emozio hori erregulatzen ikasi dezan. Ondoren, pasatu zaionean, bere erreakzioari erreferentziarik egin gabe, jarritako mugaren inguruan berba egin dezakegu, negoziaziorako atea irekiz, baina autoritatean mantenduz, gogoratuz neu naizela errepideko marrak margotzearen arduraduna.
Koldo Gilsanz 2011/12/14
http://guraso.com/kolaborazioak/kasketaldiak-ulertzen-esku-hartzeko-irizpideak-izateko/
Oso artikulu ona, asko gustatu zait.
eskerrik asko!!!