ElikaduraGehigarriak

Elikagai prebiotiko eta probiotikoak. Benetan beharrezkoak ote?

Bifidus efektudun jogurtak, gailetak, zukuak eta ogiak publizitate ugari eta informazio urriarekin sartu zaizkigu elikabidean. Produktu prebiotiko eta probiotikoen alorrekotzat sailkaturiko super-elikagai horiek familia askoren saskian sartu dira, prezio biziagoa izateaz gainera, “osasuntsu” izatearen labela daukatelako baizik ez. Nola bereizi, ordea, moda hutsa baizik ez dena eta kostua garestixeago ordaintzea konpentsatzen duen elikagai osasungarri eta egokia?

Zertan diren prebiotikoak eta probiotikoak

Bai prebiotikoak, bai probiotikoak ere, elikagai funtzionalen atalean sartzen dira. Propietate nutrizional onuragarriak izateagatik ez ezik, osasunarentzat mesedegarriak gertatzearren ere nabarmentzen direnak hartzen dira halakotzat. Datamonitor -enpresa-informazioaren horniduran aitzindari den konpainia- firmak 2003 urtean argitara emaniko datuen arabera, elikagai funtzionalen erosketa %16 igotzen da urterik urte.

Prebiotiko eta frukto-oligosakaridoak

Prebiotikoak, hezteetako bakterio onuragarrien hazkuntza selektiboaren mesedetan dihardutenez, osasun egoera hobetu egin dezaketen osagai ez-digerigarriak dira. Gehien aztertu diren bi prebiotikoak oligofruktosa eta inulina frukto-oligosakaridoak (FOS) dira. Karbohidrato hauek hainbat ortuaritan dautza, hala nola berakatz, tipula, porru, zainzuri, orburu, txikoria-sustrai, tomate, anana eta beste hamaikatxotan. Populazio osoaren elikabide-azturak aztertuz gero ondorioztatuko dugu egunean 800 miligramo FOS kontsumitzen ditugula, adituek 2 – 6 gramo hartzea aholkatzen duten arren. Horregatik, aipatutako elikagaiak hartzeaz gainera, FOS dauzkaten jangaiak ere kontsumitu behar dira kasu zehatz-zehatzetan. Merkaturatzen diren honelako produktuetan tipikoak dira hainbat esneki, edari, haurrentzako elikagai, gaileta eta ogi.

Prebiotikoak eta esne-bakterioak

Elikagai prebiotikoek mikroorganismo biziak dauzkatenez, horrelakoak kontsumitzea gure osasunari mesedegarri gertatzen zaio, hesteetako floran daukaten eraginagatik, zenbait bakteria onuragarriren –Lactobacillus acidofilus eta Bifidus- ugalpena eragiten dutelako. Egun, merkatuan ditugun elikagai prebiotiko bakarrik ondokoak dira:

  • Jogurta: horrela deritzo Streptococcus thermophilus eta Lactobacillus bulgaricus edo acidofilus izeneko bakterioen bidez hartzituriko esneari.
  • Bestelako esne hartzituak: itxura aldetik, jogurtaren antzeko produktu hauek bestelako bakterioen bidez hartzitu dira, hala nola Bifidobacteria, Lactobacillus casei imunitass, eta tankerakoekin.
  • Zukuaz gainera, esne hartzitu eta bakterio-hazkuntzak dauzkaten edariak.

Horien garrantziaz

Elikagaien digestioaren eta nutrienteen xukatze prozesuaren gehientsuena hestean gertatzen da baina, horrekin batera, bertan sailkatzen dira kontsumitu dugun elikagaiaren “balio duten” eta “balio ez duten” nutrienteak. Digestioa osorik egin ezean, hestetik odoletara substantziak errazegi pasatzen badira edo mikroorganismo-populazioa eraldaturik baldin badago, substantzia kaltegarriak gure organismoan sartzeko arriskua dago eta horren ondorioak era askotakoak izan daitezke: hantura, haizeak, beherakoa, zoldurak eta, areago, alergia eta intolerantziak. Eszenatoki horretantxe agertzen dira funtsez hesteen osasunaz arduratzen diren prebiotiko eta prebiotikoak.

Nolako mesedeak egiten dizkigute prebiotiko eta prebiotikoek?

Hainbat gaixotasunen prebentzio eta tratamendua

  • Beherakoa. Esne-bakterioek hainbat mikroorganismo patogeno edo kaltegarriren hazkuntza galarazten dutenez, antibiotikoak hartzearren, birus edo bakterioak harrapatu ditugulako, etc., gertatu den beherakoa sendatzeko baliozkoak dira. Era berean, FOS horiek heste-habitatean eta entzimen jardueran dute eragina eta, horrela, patogenoen ugalpena eragozten duten zenbait substantzia -kate laburreko gantz-azidoak- ekoizten dituzte.
  • Idorreria eta haizeak. Bai esne-bakterioek bai FOS horiek ere, hesteetako floraren oreka mantentzea laguntzen dutenez, haize gehiegi izatearekin lotzen den hantura moteldu eta heste-trantsitua hobetzen dute.
  • Gaitz kardiobaskularrak eta diabetesa nozitzeko arriskua. FOS-ek zuntzaren oinarrizko propietateak berak dituztenez, heste-trantsitua erregulatzeaz gainera, kolesterol eta triglizeridoen maila eraisteaz gain, gluzemia hobeki kontrolatzen laguntzen dute.
  • Hestean eragina duten gaitzak -Crohn eta kolitis ultzerosoa, adibidez- egonkortu eta sendatzen ditu prebiotikoen kontsumoak, bereziki.

Digestioa hobetzen dute

  • Esne-bakterioek hainbat bitamina (K eta B multzokoak) sintetizatzen eta nutriente zenbaiten -kaltzioa, magnesioa, zinka, burdina- absortzioa laguntzen, hezurren mineralizazioaren mesedetan.

Defentsak bizkortzen dituzte

  • Hesteetako flora bi osagaiek orekatzen dute, zolduren aurkako erresistentzia areagotuz.

Ezinbestekoak ote dira?

Horrelakoen salmenta bultzatzen duen marketin ahaltsuak produktu horie ezinbestekoak direla sinestarazi nahi badigu ere, kasu gehienetan elikagai anitzetan oinarrituriko dieta orekatua aski izaten dugu saltzailek iragarritako mesedeak eskuratzeko. Zergatik, ordea, horrelakoak erosteko diru gehiago gastatzea, horietako batzuek baliokide “arruntak” baino bi aldiz gehiago kostatzen direlarik? Areago, berez, gaitzik prebenitzeko edo sendatzeko balio ez dutelarik? Izan ere, ez dira botika eta, gainera, beren eraginak biziki aldatzen dira, pertsona batetik bestera.

Horien alde zerbait argudiatzekotan, esan dezagun, tamainan hartuz gero, egoera batzuetan mesedegarri gerta daitezkeela, hala nola, dieta bera aski gertatzen ez denean osasun arazo batzuk hobetzeko: azkenean sabel hanpatua eta gasak ondorioztatzen dituzten digestio astunak edo, beherako bat nozitu ostean, bakterio-flora berreskuratzeko, adibidez. Era berean, berez prebiotikoak dauzkaten elikagaiak dietan sartzen ez ditugulako (horien aurreko intolerantzia nozitzearren edo atsegin ez ditugulako, besterik gabe), gabezia hori orekatzeko balio dute. Horrelako kasuetan, nolanahi ere, gogoan har dezagun etekina ateratzeko pazientzia behar dugula, hots, prebiotiko eta prebiotikoak bai beren dosi eraginkorra, baita kasu bakoitzean komeni den maiztasunaz hartu beharko genituzke. Oraingoz, dena den, kontu bi horien inguruan ez da egin behar bezainbeste azterketa.

Iturria:http://revista.consumer.es/

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button