Zenbat urterekin hitz egingo dugu sexualitate kontuez?
Gurasoen esperientzia sexualak
Gurasook sexualitatea gauza misteriotsua dela ikasi genuen eta sarri modu horretara tratatzen dugu oraindik. Txisteak egiteko gaitasuna dugu, koitoaren inguruko komentario orokorrak egiteko joera… baina norberaren bizipen, fantasia, exitatzeko moduak eta desirak komentatzeko beldur gara. Suposatzen da sexualitateaz asko dakigula, orduan ez gara galdetzera ausartzen eta gutxik aitortzen dute ez jakintasun eta desira ezak. Agian, ez dugu gure seme alabentzat holakorik nahi. Modu natural eta osasuntsuago baten bizi dezaten nahiko genuke. Bestalde, kosta egiten zaigu lehen esandako horiek beraiekin elkartrukatzea edo eszena erotikoak beraien aurrean ikusteko beldur gara. Guzti hau ez balego modura disimula genezake, baina ongi dakigu azpian gordeta hor daudela. Antzeztu genezake, guraso moderno itxurak egin, baina zertarako? Baliteke horrelakotan gure mugak haurraren aurrean onartzea eta gure iritzia ematea haurrarentzat onuragarria izatea, adibidez; “Zure fantasia erotikoen inguruan hitz egitean urduri jartzen naiz. Ez baitut ohiturarik horretarako. Dena den, saiatuko naiz entzuten…“. Uste dut era honetara naturalago egiten dugula errealitate hau. Sexualitate naturalagoa, propioagoa. Sexualitatean gure heziketarengatik mugak ditugula ikusi araziz eta beraiek horietaz ohartzean, errazago gaindi dezakete berau.
Azkarregi ote? Edo beranduegi?
Gai ezberdinak jorratzeko azkarregi edo beranduegi den zehazten duen gomendio taularik ez dago. Beste era batetara esanda, adin bakoitzari ez dagokio eduki bat. Haur eta guraso guztiak ezberdinak baitira. Haur batzuk jakin-min handiagoa dute beste batzuk baino eta guraso batzuk kontatzeko nahi handiagoa izaten dute beste batzuk baino. Berez, lengoaia haurraren ezaugarrietara egokituz gero edozer ulertzeko gai dira; sentimenduak, exitazioak, jolas erotikoak, tentetzeak, masturbazioak… Bai, guzti hau ulertzeko gai dira. Gainera ez dira beldurtzen ez eta aztoratzen ere. Ez. Askotan guri kostatzen zaigu hitz arruntak ahoskatzea; ‘alua’, ‘pitilina tente’, ‘tripan kili-kiliak’, ‘asko maite dut’… moduko hitzak, adibidez.
Ondorioz haurrak ez ditu askotan hitz horiek gure ahotik entzuten. Eta entzuten baditu sarri konnotazio barregarri edo misteriotsu batekin. Haurra horretaz konturatzen da. K
onturatzen da hitz hauek eta horrekin loturiko gaiak gurasoentzat zerbait misteriotsua duela. Ez dutela gai honen inguruan arratsaldeko meriendarena hitz egiten duten tankeran egiten. Irriak, isiltasunak, urduritasunak, gorritasunak, besteak azalduko duela esanda… Poliki-poliki haurra sexualitatearen inguruko naturaltasuna galdu eta zurrunbilo misteriotsu hori ulertu nahian hasten da. Helduon sexualitate eredua bereganatzen hasten da. Gurasoen jokoan sartuz. Hau al da nahi duguna?
Zer kontatu nahi diegu?
Bizipenak, praktika erotikoak, sentimenduak … edo denak.
Askotan sexualitateaz ari garenean gauza pare bat soilik etortzen zaizkigu burura. Noiz ote da haurra gai sarketa ulertzeko? Edo noiz jakin beharko luke? Besteen atzean ez gelditzeko edo besteen aurretik ez ibiltzeko? Badirudi horixe dela azaltzea gehien kostatzen zaiguna. Urteetan guk emandako misterio eta garrantzia hori gehitzen diogulako kontuari. Baina egia esan, zuzenean apainketa gabe azalduz gero, praktika sinplea da.
Sexualitatea ez da praktika erotiko isolatuen multzo bat. Sexualitatea hori baino gehiago da. Emakume nahiz gizon izate prozesuan izaten ditugun bizipenak; lotsak, harremanak, jolas erotikoak, pentsamenduak… Kontatzea hainbeste beldur ematen dizkiguten praktika horiek ere sexualitatea osatzen dute, baina ez horiek bakarrik.
Sexualitatea osotasun horretan ulertu dezaten nahi badugu, guk ere hala kontatuko diegu; “Atzo triste nengoen, ez banintzen nire buruarekin ongi sentitu…”, “Amatxok bere gorputza ukitzen duenean asko gozatzen du”… Ziur horrelakoak kontatzeko ohiturek aurrez esandako zailtasunak leunduko dituztela. Hau ez da egun batetik bestera aldatzen, eguneroko lan luzea da.
Nola kontatu?
Sexualitatea praktikatan banatu (musukatzea, koitoa , masturbatzea, ukitzea, …) bakoitzaren inguruan hitz egiteko adin gomendagarriak jakin nahi izaten da askotan. Ez dago praktika bakoitza ulertzeko adin egokirik. Denak izan daitezke egoki edo desegoki. Nola kontatzen den da kontua.
Saia gaitezen ahalik eta xumeen kontatzen, esplikazio arruntenak dira baliogarrienak haurrarentzat-eta. Lehen esan bezala, agian, gauza batzuk kontatzea beste batzuk baino zailagoa egiten zaigu. Musuak ematearena erraz egiten dugu, baina orokorrean kostatzen zaigun praktika batekin ahaleginduko gara. Nola azaldu dezakegu koitoarena? Gogoratu; xume eta apaindurik gabe. Ukitzen hasi, musuka, alua umeldu, pitilina tente eta bata bestearen barruan sartzen da. Azalpen sinple hau ia adin guztietako haurrek uler dezakete. Txikiagoentzat egokitu daiteke baita helduentzat. Horrelako azalpenak bizipen eta praktika guztietarako erabil daitezke. Arazoa da, obulu eta espermatozoide, maitasun handietan, hazia eta loretxoetan… trabatzen garenean. Hori ez dute haurrek ulertzen. Askotan azalpen eta teoria handien atzean gordetzen gara. Gure lotsak eta ezintasunak gorde nahian.
Noiz kontatu?
Haurrak berak esango du zer jakin nahi duen eta noiz. Berak emango digu pistaren bat edo beste. Berak esango digu emandako azalpena balekoa den edo gehiago jakitea nahi duen. Egia da zuzenean galdetzen ez duten haurrak ere badaudela. Sarri guzti hau, hitzez ez bestela esango digute; ez ulertuaren aurpegi arraroz, interesa adierazten duen begi handiz, lotsatuta, beste gela batera ihes eginda… Azalpenak bortxatzeak ez du mesede egiten. Haurra ez da inozoa eta konturatzen da gurasoa zerbait kontatu nahian dabilela. Hori kontatzeko terrenoa gertatzen ari dela. Egoera naturala aldatzen ari dela hori horrela izan dadin. Egoera naturala zakusten ari dela. Orduan, haurra ere larritu egiten da eta ez da eroso egoten. Agian oraindik ez da bere momentua. Agian ez du jakin nahi edo badaki. Baliteke haurrak kuriositatea ez izatea edo bere kabuz ikaistakoarekin nahikoa izatea. Dagoen horretan uzteak ez dio kalterik egingo.
Haur bakoitza ezberdina da eta bakoitzak bere beharrak izango ditu. Bestalde, guraso denak ezberdinak gara eta gure beharrak ditugu. Bi beharrak asetzeko orekan dago gakoa. Ez da erraza, batzuetan balantza alde baterantz eroriko da eta bestetan besterantz. Baina balantza hori da heziketa. Balantza hori da sexu heziketa. Bizitza bera. Animo eta zorte on!
Larraitz Arando 2010/06/11
Iturria: http://guraso.com/kolaborazioak/zenbat-urterekin-hitz-egingo-dugu-sexualitate-kontuez/
Oso ona artikulua! Gustoa irakurri det!
Gai horri buruz gehio bai?
Bai. interesgarria denez, hurrengo egunetan gehiago jarriko dugu. Eskerrik asko Mirari! Ez dakizue zenbat animatzen gaituzten zuen komentarioek!