Udazken eta neguan jatekoa
Gorputzeko defentsa naturalak gutxitu daitezke udazkenean eta neguan, eguraldi hotz eta hezearengatik, besteak beste. Elikadura bereziki zaindu behar da urteko sasoi honetan.
Urte sasoi honetan, argi orduen gutxitzeak, tenperaturaren jaitsierak eta euriak, besteak beste, eragin dezakete nekea, suminkortasuna eta logura areagotzea, gure gorputzeko defentsa naturalak murriztuz. Horren ondorioz, zenbait infekzio pairatzeko arriskua handitu egiten da.
Elikadurak, besteak beste, gure sistema immunitarioan ere eragina du. Elikadura orekatua eta egokia bada, sistema immunea indartsuago mantentzen da, eta babestuago egongo gara birus, bakterio, onddo eta halakoen aurka. Desegokia bada, aldiz, defentsen beherakada gertatzen da, eta hotzeria, gripe eta horrelakoak jasateko aukerak areagotzen dira.
Nola elikatu defentsak ahalik eta hoberen edukitzeko
Askotariko elikagaiak hartu behar dira jateko orduan:
• Barazki fruta anoak: Egunean gutxienez 5 barazki-fruta anoa kontsumitu. Maiz esan izan dugun bezala, talde honetako janariak aberatsak dira antioxidatzaileak diren bitamina eta gatz mineraletan. Horiek immune sistemako zelulak babesten dituzte, infekzioen aurka indartsuago bilakatuz. Arreta apur bat jarrita ez da zaila hori lortzea. Hasi eguna fruta ale edo zuku bat hartuz, hamaiketakoa eta meriendan ere beste fruta bana hartzeko aprobetxa daiteke, eta, azkenik, bazkarian edo afarian barazki-entsalada plater bana sartu edo barazkiak erabili hainbat jakiren prestakuntzan: pasta-arroza barazkiekin presta daiteke (pasta barazki pistoarekin; tomate saltsa, azenarioa, kuia eta porruarekin; lekaleak barazki anitzekin; ziazerba tortilla; haragia edo arraina barazkiz lagunduta…).
• Zitrikoak: Laranja, mandarina, limoia, lima eta pomeloa zitrikoen taldekoak dira, C bitamina, A probitamina eta azido folikoan aberatsak. Urte sasoi honetan eguneko 5 barazki edo fruta anoetatik gutxienez bat zitrikoa izatea gomendatzen da, onura hauek lortu ahal izateko: alde batetik, C bitaminak immune sistema indartzen du; hala, katarroetatik babesten gaitu, edo harrapatzen diren hotzeria edo katarroen sintomen indarra gutxitzen du eta sendakuntza azkartu. Bestetik, interferon substantziaren ekoizpena handitzen dute, eta horrek zelula sanoetan birusen ugalketa galarazten du, eta ia infekzioa duten zelulak suntsituz.
• Baratxuria: Defentsak indartzeko, bakterio eta birusen aurkako propietateak dituen antibiotiko naturala dugu. Horregatik, baratxuria beti etxean eduki, eta jaki gehienak prestatzerakoan erabiltzea gomendatzen da: edozein barazki, entsalada, lekale, pasta, arroza, arrain, haragi, eta arrautzekin (baratxuri, tipula eta perrexilaren tortilla esaterako).
• Tipula: Arnas aparatuko infekzioen aurka erremedio natural egokiena da, batez ere faringitis, laringitis eta biriketako infekzioen aurka. Gordinik, eztula baretzen du, eztarriko mukiak kanporatzen lagunduz, eta egosita, berriz, bronkioen kongestioa arintzen du.
• Probiotikoak: Osasuneko Mundu Erakundeak dioenez, mikroorganismo bizi horiek kopuru egokietan jakiei gehitu eta bere neurrian kontsumituz, osasunari efektu onuragarriak eragiten dizkiote, hesteetako flora osasuntsu mantenduz eta sistema immunea orekatuz. Gehien ikertu diren probiotikoak Lactobacillus edo bakterio azido-laktikoak dira. Probiotiko horiek, orokorrean, jogurta, edateko esneki eta esne hartzituei gehitzen zaizkie. Urte sasoi honetan, egunean horietako esneki pare bat hartzea gomendatzen da.
• Zinka, manganesoa eta kobrea: Zinka, manganesoa eta kobrea dira immune sistemaren funtzionamendua hobetzen duten gatz mineral garrantzitsuenak. Zinka zitu integral eta moluskuetan (muskuiluak, muxilak…) dago batik bat; manganesoa eta kobrea, berriz, lekale (dilista, garbantzu, babarrun, soia eta baba beltza) eta fruitu lehorretan.
• Eztia: Betidanik erabili izan da eztarriko mina eta eztularen sendagai gisa. Eztiak dituen inhibidina izeneko substantziei esker, propietate bakterizida eta antiseptikoak ditu (infekzioaren aurkakoak). Amigdala eta eztarriaren narritadura edo faringitis kasuetan izugarri laguntzen du ur epel baso erdian koilaratxo bat ezti eta limoi zukua nahastu eta horrekin gargarak egiteak.
• Erregina-jelea: Sistema immunitarioa indartzeko gomendatzen da batez ere, esan bezala, defentsek jaisteko joera duten urte sasoi honetan.
• Landare sendagarriak: Gorputzeko defentsa naturalak indartzen laguntzen diguten landareak, ekinazea, propoleoa, ezkaia eta tila dira, besteak beste.
Horrek guztiak ez du esan nahi hemen esandakoa betez gero gaixotuko ez garenik, elikadura faktore garrantzitsua izanik ere, ez baita bakarra. Baina zalantzarik gabe defentsak indartsuago izanen ditugu, babestuago egongo gara, eta gaixotuta ere, sintoma gutxiago izanen dugu. Hala, errazago gaindituko dugu gaixotasuna.
Sesamo haziak
Sesamo haziak India eta Afrikako izen bereko landaretik eratorriak dira. Gaur egun produktu asko dira osagai gisa sesamoa daramatenak, opil, ogi eta gailetak batez ere. Bestalde, hainbat entsalada, pasta eta arrozari gehituta ere izugarri aberasten da jakia, zapore eta nutritizio aldetik.
Izan ere, sesamoa aberatsa da proteina, koipe asegabe eta lezitinan. Koipe onuragarri eta lezitinaren funtzioetako bat odoleko kolesterol kaltegarriaren maila gutxitzea da, horixe da sesamoaren propietate garrantzitsu bat.
598 Kcal inguru ditu 100 gramoko, eta oso aberatsa da kaltzioa (670 mg 100 gramoko), burdina (10 mg 100 gramoko) eta zinka (5 mg 100 gramoko) moduko gatz mineraletan, baita E eta B taldeko bitaminetan ere.
Sesamo haziekin gurinaren antzekoa den tahin izeneko pasta bat osatzen da. Zalantzarik gabe dituen koipe motak kontuan izanik, gurina edo margarinaren ordezko osasuntsua izango litzateke.
Arantza Lorenzo
http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-10-18/045/001/udazken_eta_neguan_jatekoa.htm