Adimen EmozionalaFrustrazioakHezkuntza

0-5 urteko haurren emozioen erregulazioa

 

Haur-hezkuntzari dagokionez, ohikoa da entzutea, batez ere hezkuntzako erakunde formaletan lan egiten dutenen artean, honako baieztapena: “Gurasoak ez dira gai seme-alabak frustratzeko, hots, mugak jartzeko; ez behintzat espero zitekeen neurrian”.

Honakoak izan litezke adierazpen horren azpian agerian gelditzen diren arazoak edota jokaera horren ondorioak: inolako mugarik jartzen ez duen hezkuntza sustatzea, inpultsoak kontrolatzeko arazoak izatea, aldika bulkada agresiboak ez kontrolatzea, gero eta jokabide-arazo gehiago erakustea eta abar.

Gainera, irakasle askoren kezka ez da bakarrik haurtzarora mugatzen; nerabezaroa ere kezka iturri dute. Izan ere, kezkatuta agertzen dira umeak frustrazioa nekez toleratzen duelako eta horrek sintoma batzuk eragin ditzakeelako: jokabide-nahasteak, arauak errespetatzeko zailtasunak, egokitze-arazoak, drogakontsumoak dakartzan arazoak eta abar. Eztabaida hau gizarte mailara zabaltzen badugu ohikoa izaten da honelakoak entzutea: “Lehen, umeak bai frustratzen zirela, bai, eta horregatik ez zituzten jokabide arazoak erakusten, txiki-txikitatik tente ibiltzen ziren eta, gainera, ondo hazitakoak ziren”; “Gaur egun haurrak mimatuta daude; ez dute ez goserik izan, ez urritasunik ezagutu, nahi duten guztia daukate. Errua gurasoena da eta ez beste inorena…” .

Frustrazioa, jatorriz, sentimendu negatiboa da: gure jomugak, desioak, itxaropenak betetzen ez direnean sortzen dena. Tradizioz uste izan da, ondo garatutako eta gizartean ondo txertatutako haurrak frustrazioaren aurrean jasankortasun altua duela. Eta frustrazioaren jasankortasun altua ikaskuntza prozesu baten ondorioa dela. Txiki-txikitatik bultzatu behar den ikaskuntza. Baieztapen hauek ez dira erabat okerrak. Hala ere, modu dogmatiko batean hartuta, nahasteak sortu ditzakete. Adibidez, umea asko frustratu behar dela pentsatzea, askotan modu ez oso naturalean, bere jasankortasuna igotzeko asmoz. Horrelako ekimenak, ondo hausnartu gabe, desegokiak izaten dira haurraren garapen aproposerako. 

Lehenik eta behin, argitu nahi dut frustrazioaren jasankortasuna emozioen erregulazioaren mekanismo bat dela. Beraz, frustrazioaren jasankortasuna ulertzeko, lehenbizi emozioen erregulazioa zer den jakin behar dugu. Hurrengo lerrootan 0-5 urte bitarteko haurren emozioen erregulazioei buruz jardungo gara. 

Jaiotzen denetik sei hilabetera, haurraren izaera funtzio fisiologikoek osatzen dute: loa, elikadura eta mugimenduak.

Haurrak, lehenengo bi urteak bete ondoren, atxikimendu-lotura sendotuta duela esan daiteke. Atxikimendu-estiloa segurua badu, bere emozioak adierazteko eta mundua ezagutzeko segurtasuna lortuko du. Aldiz, atxikimendua ezsegurua bada, bere garapenari kalte asko egingo dio. Garapenaren hurrengo etaparen helburu nagusiena nolabaiteko independentzia-maila lortzen hastea izango da; hau da, zaintzaileengandik bereizitako self bat jartzea, bakarrik moldatzen ikastea eta erregulazio emozionala.Sei hilabete eta urtebete bitartean, emozioen bizipenak eta sentimenduen zabalkuntza ematen da. Atxikimendu irudiaren beharra sentitzen hasten da, ez bakarrik behar fisiologikoak asetzeko, bai eta emozionalki suposatzen duenarengatik ere. Amaren eta haurraren arteko elkarrekintza, bien arteko batasuna eta sinkronia, estresari errez aurre egitea eta elkarri maitasuna adieraztea. Horiek guztiak emanez gero, egokitzapena arrakastatsua izango da etapa honetan.

 

Haurra, 18 eta 36 hilabete dituenean hasten da besteekin izango duen harremanaren irudikapena eraikitzen. Atxikimendu-harreman segurua edukitzea baliagarria izango zaio haurrari bere gaitasunak, helburuak, ekintzak eta sentimenduak zeintzuk diren ohartzeko.

Laburki esanda: gizartean pertsona trebea da, batetik, bakoitzak dituen eta testuinguruan diren baliabideak erabiliz asetasuna lortzen duena, eta, bestetik, bera partaide den talde, komunitate edo gizarteari ekarpen aktiboa egiten diona.

Ez dugu ahaztu behar seme-alaben eta gurasoen arteko harremanaren kalitateak lotura estua duela autoestimuarekin eta konpetentzia sozialarekin. Harreman hori ona ez denean autoestimu eta konpetentzia sozial gutxi izaten da, bai eta gizartean egokitzeko zailtasunak ere. Ondorioz, zenbat eta seme-alaben eta gurasoen arteko harremanen kalitatea hobea, orduan eta konpetentzia sozial gehiago; haurrak frustrazioaren jasankortasun altuagoa izango du, autonomia egokia eta autoestimu altua.

Hortaz, lehenengo urteetan, bereziki 6-24 hilabeteen artean, harreman seguruak sustatu behar dira, hauxe izango delako emozioen erregulazio onaren oinarria.

ALEXANDER MUELA
Psikoterapeuta
EHUko Psikologia Fakultateko Irakaslea

seme-alabak aldizkaria

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button