Aspektu legalak

Seme-alabak Errenta Aitorpenean

 

Maiatza eta ekaina bitartean Errenta Aitorpena aurkezteko kanpaina abiarazten dute Foru Aldundietako Ogasun sailek. Artikulu batean PFEZ-aren inguruko datu guztiak biltzea ezinezkoa bada ere, familia unitateari buruzko azalpen batzuk bildu ditut bertan, seme-alabek Errenta Aitorpenean izan ditzaketen izaera desberdinak argitze aldera.

Maiatza eta ekaina bitartean burutzen dute Foru Aldundiek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ edo IRPF) aitortzeko kanpaina. Foru Administrazioek biltzen duten zerga izanik, EAE-ko Lurralde Historiko bakoitzak bere Foru Araua du, baina funtsean ez dago desberdintasun askorik berauen artean.

Aipatu Foru Arauen arabera, familia unitate bereko kide diren pertsona fisikoek aukera dute Baterako Tributazioa aukeratzeko. Mota honetako tributazioa aukeratzeak famili unitateko kide guztiak hartuko ditu barne, eta aldiz kideetako batek banakako autolikidazioa aurkezten badu, gainerako kideek ere araubide bera erabili beharko dute. Kontuan izan behar da baterako tributazioa aukeratzeak ez duela ondorengo zergaldietarako loturarik ekarriko.

Familia unitatearen modalitateak.

Familia unitatea ondorengoek osatzen dute:

  1. Legez banandu gabeko ezkontideek eta izatezko bikoteko lagunek (beti ere Izatezko Bikoteak arautzeko 2/2003 Legearen arabera inskribaturik badaude), bai eta, halakorik badago, hauek ere:

    a) Adin gabeko seme-alabek, salbu gurasoen onespenaz eurengatik aparte bizi direnek.
    b) Judizialki ezgaituta dauden seme-alaba adindunek, guraso-agintea luzatuta edo birgaitupean daudenean.

  1. Era berean, senar-emazteak legez banantzen direnean edo ezkontza-loturarik nahiz izatezko bikoterik ez dagoenean, eta horri buruzko ebazpen judiziala eman denean, gurasoetako batek eta aurreko apartatuan aipaturiko baldintzak betetzen dituzten seme-alabek osatuko dute familia unitatea, norekin bizi diren alde batera utzita. Kasu horietan, beste guraso bat egonez gero, hori ez da aipaturiko familia unitateko kide izango.

Familia unitatea osatzeko, seme-alaba guztiak gurasoetako bati bakarrik egotziko zaizkio, bien arteko akordioz.

Akordiorik ez badago aldiz, epailearen erabakiz seme-alabak bakar-bakarrik bere ardurapean dituen gurasoak osatuko du familia unitatea seme-alaba guztiekin batera. Kasu horretan, bi familia unitate egon daitezke, eta gurasoak eta judizialki berari bakar-bakarrik esleitutako seme-alabek osatuko dute familia unitate bakoitza. Hori gertatzen denean, familia unitatea osatzeko, epaileak seme-alabaren baten zaintza esleitua behar da izan.

Inor ezingo da bi familia unitateko kide izan aldi berean eta familia unitatea zeintzuek osatzen duten jakiteko, urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoerari begiratuko zaio.

Urtean zehar familia unitateko kideren bat hiltzen bada, familia unitateko gainerako kideek batera aitortzea aukeratu ahal izango dute, euren autolikidazioan hildakoaren errentak sartuz.

Ondorengoengatiko kenkariak (dedukzioak).

Familia unitatearen kide izan nahiz ez (aurreko lerroetan azaldutakoaren arabera), zergadunarekin bizi den ondorengo bakoitzagatik (salbuespen batzuk tarteko) kenkaria aplikatuko da errenta aitorpenean, eta kenkari horren zenbatekoa handituz doa seme-alaba gehiago izan ahala. Gainera, 6 urtetik beherako seme-alaba bakoitzagatik kenkari osagarria egingo da.

Kenkari honen efektuetarako, ondorengoekin parekatuko dira Tutoreta edo Harrera egoera dela medio, zergadunarekin lotura duten pertsonak.

Bestalde, epailearen erabakiz seme-alaben mantenurako pentsioak ordaintzen dituzten gurasoek, kopuru horiengatik kenkaria egiteko eskubidea izango dute.

Errenta aitorpena sarean.

Errenta aitorpenaren inguruko informazio guztia sarean dute Foru Ogasunek, eta aitorpenak internet bidez aurkezteko kanpaina abiarazi dute aurten inoiz baino gehiago. Hona hemen araudia nahiz bestelako informazioa kontsultatu ahal izateko web-guneak:
GIPUZKOA
BIZKAIA
ARABA
NAFARROA

Errenta aitorpena euskaraz.

Bide batez, guraso euskaldunak izaki, Errenta Aitorpena euskaraz egitera animatu nahi zaituztet. Askotan kontzeptu asko ulergaitzak egiten bazaizkigu ere, kontuan izan aitorpena euskaraz aurkeztu arren gaztelerazko kopia bat ere eska dezakegula zalantzak argitzeko.

 

 Onintze Guridi 2010/05/07

www.guraso.com

 

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button