0-5Hezkuntza

0-5 años. Haurraren garapena: autonomia, ezinbestekoa

 

Autonomia ez da haurraren nortasunaren parte diren gainerako dimentsioekin inolako loturarik ez duen zerbait, ez da aparteko zerbait; izan ere, haurrek modu globalean bizi dute dena, eta, jakina, garatu ere, halaxe garatzen dira, globaltasunean.

Piaget psikologo suitzarraren arabera, haurraren garapenean bi etapa edo aldi nagusi bereizi behar dira: etapa sentsomotorea eta aurreoperatorioa.

Lehen etapan, sentsomotorean (0-2 urte), haurrak entsaio-errore bidez ikasten du. Baldin eta haurrak ikasiko badu, bere ingurunea esploratu, hor aurkitzen dituen objetuak behatu, ukitu, sentitu… egin behar ditu.

Etapa aurreoperatorioan (2-6 urte), berriz, haurrak simbolismora jotzen du. Bigarren garapen-aldi edo -etapa honetan, hizkuntza, pentsamendu intuitiboa, autoestimua, soziabilitatea… bezalako alderdiak garatuko ditu nagusiki. Halaber, haurraren errealitate zein bizipenak egozentrista samarrak izaten dira.

Beraz, eta aurrez esandakoak esanda, zer leku du autonomiak haurraren garapenean ?

Haurraren garapen pertsonalean jazotzen den prozesua da autonomia, gehien maite dituen pertsonekiko distantzia edo independentzia emozionala jartzeko gai izatea. Baina ez hori bakarrik!

Nork bere buruarekiko duen ziurtasunarekin, arauen onarpenarekin, frustrazioa gainditzeko gaitasunarekin eta erantzunkizunak hartzen jakitearekin ere harreman estua du autonomiak.
Garapen-bide horretan, hasieran aipatu dugunez, haurrak etapa bat baino gehiago bizi izaten ditu. Dena den, horrek ez du esan nahi haur guztiak modu eta garai berean pasatzen direnik etapa horietatik.Gurasoek nahiz haurra bizi deneko inguruneak berak honi ematen dioten heziketak ere eragin nabarmena baitu.

Hortaz, ozen eta garbi aitor dezagun: haurraren autonomia garapenari dagokionez, zuok zarete, familiok zarete, eragilerik printzipalenak.

0-1 URTE

– Haurrak bere burua manten dezakeenean.
– Haurra eserita bakar-bakarrik mantentzen denean.
– Haurra desplazatzen hasten denean, bai lau hanketan, bai ipurdia lurrean jarrita… Hori da, ziurrenik, autonomiari dagokionez haurrak egiten duen deskubrimenturik latzena: bere kabuz ingurunea esplora dezakeelako, ingurunean ikusten dituenak ukitu eta esku artean senti ditzakeelako…

1-2 URTE

– Oinez hasten denean.
– Bakarrik bazkaldu, askaldu, afaltzeko… gai denean.
– Arroparen bat edo beste, inolako laguntzarik gabe, janzten hasten denean.
– Komunera joateko beharra adieraz dezakeenean…

2-3 URTE

– Egunez esfinterra kontrolatzeko gai denean, painalak kentzen zaizkionean, kaka eta txixa komunean egin ditzakeenean…
– Biberoia kentzen zaionean eta Haurra edalontzitik edateko gai denean.
– Haurrak hainbeste maite duen eta momentu txarretan gozatzen zein lasaitzen duen txupetea kentzen zaionean.
– Arropa erosoa erantzi eta janzteko gai denean.
– Inguruan dauden arriskuez jabetzen denean.
– Otorduetan behar bezala eserita jan/edateko gai denean.
– Eskuak eta aurpegia berak bakarrik garbitzen dituenean…

3-4 URTE

– Arriskuak saihesteko gai denean.
– Botoiak lotzeko eta oinetakoak jantzi-eranzten dituenean.
– Instrukzioak emanez, hortzak berak bakarrik garbi ditzakeenean…

4-5 URTE

– Bakarrik jantzi eta erantzi daitekeenean.
– Etxean jatorduetako bere plater, goilara eta sardeska jaso ditzakeenean.
– Hortzak, aurpegia, eskuak… garbitzeko ohitura barneratzen duenean.
– Mukiak zintzatu ditzakeenean.
– Bakarrik garbitu eta bainatu daitekeenean.
– Gauean komunera joateko esnatu daiteke.
– Bakarrik orraztu daitekeenean…

5-6 URTE

– Etxean erantzukizunen bat hartzeko gai denean.
– Zein arropa jantzi behar duen erabakitzeko gai denean.
– Jatorduetan sardeska taxuz erabiltzeko gai denean.
– Etxetik gertu dauden dendetara Joan eta enkargu bat edo beste egiteko gai denean.
– Bidea pasatzeko kotxerik ba ote datorren bagiratzen duenean…

Frogatu ahal izango zenutenez, uste duzuena baino gauza gehiago egiteko gai, izan, badira zuen seme-alabak. Horrekin bat, argi utzi nahi genuke, kaltegarria litzatekeela oso, seme-alabak gehiegi babestea. Eta baita eurek euren kabuz egin lezaketen hori guk euren partez egitea ere.

HORTAZ, ZER EGIN ZENEZAKETE GURASOOK ZUEN SEME-ALABEI AUTONOMIA GARATZEN LAGUNTZEKO?

– Egunean zeharreko gertaera, egoera… diferenteetan baliatu eta ekiten ikas dezaten, iniziatiba har dezaten, egiten duten horren protagonista izan daitezen.
– Izan ditzaketen oztopo edo gatazken aurrean, beraiei utzi horiei aurre egiten.
– Erantzun edo iritziak eman baino lehen, eurei pentsatzen utzi.
– Izan ditzaketen arazoei irtenbideak bilatzen lagundu.
– Ikasteko gogoa azaltzen dutenean, estimulatu eta animatu…

UTZ DIEZAIEGUN BADA, HEGAN POLIKI-POLIKI HAS DAITEZEN!

BEATRIZ EZEIZA
Psikologa. Psikolagun Gabinetea.

Seme-alabak aldizkaria

8. alea / 8º número
2009ko Urria / Octubre 2009

[youtube]http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=N1xSKQ3EtN0[/youtube]

Bideo honetan, haurren autonomia pertsonalaren parte diren motrizitate fina eta astuna lantzeko hainbat ariketa agertzen dira.

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button