Frutak

Gerezien onurak

Deskribapena

Oso zuhaitz handia egiten da, 15 edo 20 metro luze izatera irits daiteke. Adar gogorrak izaten ditu, eta azala lodia eta zimela. Hostoek obalatu forma dute, eta berde ilunak dira. Neguan hostoak galtzen ditu. Martxotik ekainera bitartean loratzen da. Kokalekuaren arabera dago hori, halere. Ondoren, fruituak, hau da, gereziak jasoko dira. Loreak gorriak eta zuriak izaten dira. Fruitua, gerezia alegia, gorria da, eta barruan hezurtxo bat izaten du. Zaporez gozoa eta garratza da. Ur asko du, eta mami dezente. Arrosen familiakoa da. Familia horretan denetarik aurkituko dugu: landare txikiak, marrubia adibidez, eta gerezia eta halako beste zuhaitz handi- ak, mertxikondoa, sagarra, udarea…

Zertarako eta nola

Diuretikoa: Erabilienak gerezi adarrak dira, nahiz eta azala ere erabiltzen den. Adartxo horiek oso diuretikoak dira. Beraz, pixeragile gisa erabil daitezke giltzurrunetako arazoetan. Obesitate arazoetarako eta likidoen erretentziorako ere oso onak dira. Kasu horretan gerezi adar lehortuak erabiliko ditugu.

Sukarrerako eta hotzeriarako: Gereziondoaren azala aspalditik erabiltzen da hotzeriarako eta sukarra jaisteko.

Bitamina gabezia kasuetan: A eta B bitaminak ditu; beraz, oso gomendagarriak dira haur eta gazteentzat; eta baita bitamina faltan dagoen edozeinentzat ere. A bitamina oso ona da, halaber, ikusmenerako.

Argaltzeko: Oso gizenak dauden pertsona gomendagarria da. Ez du batere proteina, koipe eta gatzik; horrenbestez, ez du gizentzen. Haatik, argaltzen laguntzen du. Komenigarria litzateke gerezi garaian fruitu horretatik asko jatea. Izan ere, duen energiak ase sentsazioa ematen digu, eta gosea murriztu. Udaberrian gerezi sendaketa egiten dutenak ere badira.

Libragarria: Gerezi batzuk jatea nahiko izaten da askorentzat komunera joateko. Libratzeko gaitasun hori are handiagoa izan daiteke baraurik jaten baditugu.

Noiz eta nola bildu

Normalean fruituak duen adartxoa da sendagarri gisa gehien erabiltzen dena. Lehortu, eta urte guztirako jasoko ditugu. Fruituak jan bezala, adarrak jaso eta toki lehor batean jarriko ditugu lehortzen.

Jan

Gereziak jan egin daitezke. Zuhaitzetik hartu bezalaxe edota marmeladan, zukuan, pastelean, saltsetan…

Osagaiak

Azukrea, azido salezilikoak, taninoak, zitrikoak, azido malikoak, emulsina…

Zer egin

Infusioak, egosketak, ardoak, likoreak eta abar egin daitezke.

Egosketa

Giltzurrunetakoa arazoetarako erabiltzen da batze ere. 25 edo 30 gramo adartxo jarriko ditugu ur litro bakoitzeko. Batzuek, gainera, adartxo horiek aurretik uretan uzten dituzte zertxobait beratzen, eta gero ur berberarekin egosten dute. Beste batzuek, aldiz, zuzenean beratzen eduki gabe egiten dute. Nolanahi ere, ur litro batean 10 minutuz eduki egosten 25-30 gramo adartxo, eta egunean 3 basotxo edan.

NEKANE MARTiARENA

Iturria: berria.info/

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button