0-5AmatasunaElikaduraHaziera

Haurrak eta jana

    Haurra jaiotzen denean, arazorik ez badago behinik behin, amaren bularretik elikatzen da. Titia biziraupenerako hain beharrezkoa den esnearen iturritzat hartu ohi dugu, baina askoz ere gehiago da. Titia ematearen bitartez haurra nolabait ere amaren sabelera itzultzen da, bertan bizi izandako segurtasunera. Haren bihotza eta arnasa entzuten ditu berriro, titiari heltzearen bidez zilbor hestetik lotuta bezala sentitzen da, haren besoek sabelak bezala babesten dutela sentitzen du, azal bien arteko kontaktuak plazer izugarria ematen diote… Hitz batean esateko, bat egiten dute biek eta horrela egotea da haurrarentzat naturalena hasierako hilabeteetan, baita amarentzat ere.

Tamalez, gaur egun emakumeoi  gero eta zailagoa egiten zaigu etapa hau plazeretik bizi izatea, beldurrak eta ezjakintasunak ohikoagoak bihurtu direlako (nahikoa esne edukiko ote dut?, ondo egiten ari ote naiz?, ez al dabil denbora gehiegi hartzen?…). Dena den, bide batez aprobetxatuko dut esateko ez dagoela titia emateko orduari itxaron beharrik, ezta ama izan beharrik ere, haurrari gure azalak eta besoek eskaintzen dioten segurtasuna eta plazera nahi beste emateko. Jendeak bestela pentsatzen badu ere, beren premia zenbat eta gehiago ase, orduan eta lehenago askatuko dira gugandik eta gogo handiagoz aterako dira mundua deskubritzera. Baina beste gai bat da hori eta lotu natzaion berriro ere janari.

    Adierazi nahi dudana zera da, haurrari janariaren kontua bizipen emozional aberats horri lotuta geratzen zaiola eta, horregatik, saiatu behar dugula jateko orduan segurtasuna ematen dion bizipen hori eskaintzen; izan ere, bizipen hori falta bada, “mamu” antzeko bat piztuko zaio barruan. Psikologian “fantasma” hitza erabiltzen da hori adierazteko, baina azken batean segurtasun-eza, beldurra, bakardade-sentimendua adierazten ditu. 

    Jakina, mamu horiek batzuetan saihestezinak dira, baina gurasook gure seme-alabak emozionalki osasuntsuak izatea nahi dugun heinean, gure egitekoa da ahalik eta mamu-egoera gutxien sortzea, eta sortzen direnean, gero horiek konpentsatzen ahalegintzea. Nola ordea? 

    Janariari dagokionez, janaria eta alderdi emozionala hain lotuta egonik, hobe da haurrari beti pertsona berak ematea jaten, haurrak lotura afektibo sendoa sortzeko aukera izan dezan, hori izango baita etorkizunean beste pertsona batzuekin lotura, konfiantza eta segurtasuna sortzeko gaitasunerako giltza. Eta horregatik da hobea haurrarentzat etxean bazkaltzea haur-eskolan edo eskolan bazkaltzea baino, halakoetan beren erreferentziazko eta segurtasunezko pertsona eta giroarekin gogoratu eta faltan botatzen dituelako. Gainera, han zailagoa da giro egokia sortzea eta mamuak indarra hartuko dio. Halakorik ezin denean, alegia, haurra eskolan utzi behar dugunean, jakin behar dugu seguruenik gero etxean arreta estratxo bat eskaini beharko diogula. Beharbada, purrustadaka hasiko zaigu afalorduan, ez duela jan nahi esango digu, janaria botako du… Guk hiru  aukera ditugu halakoetan, bat haserretu eta oihuka eta mehatxuka hastea, bi nahi duena ematea gatazka saihestearren, eta hiru pazientzia handiz eta irmotasunez bere ondoan egon eta arreta ematea.

   

Zer da alabaina arreta ematea? Kasketaldi bat baldin badauka, esate baterako, kasketaldia pasatu arte bere ondoan egotea eta dena ondo dagoela esatea. Ona da haurrak bere egonezina ateratzea eta horretarako behar duen denbora ematea. Hasiera guztiek dute bukaera. Ez dugu horregatik errudun sentiarazi behar, txarto portatzen ari dela esanez, pilatu dituen emozioak egunean jartzeko modu bat besterik ez baita. Bukatzen zaionean, seguruenik hobeto sentituko da eta ez du arazorik izango mahaian jarri eta lasai jateko. Horrela jokatzen badugu, bere emozioak onartzen eta maneiatzen ikasiko du, gainera. 

    Beste batzuetan haurrak gu bere ondora erakartzeko purrustadak baino ez ditu izaten. Helduok mila gauza izaten ditugu buruan eta haurrek janaren momentu berezi horretan gu beraiekin sentitzea baino ez dute nahi izaten. Horretarako, beharbada ipuin bat konta diezaiokegu edo kantu bat abestu edo egunean gertatutako zerbait kontatu. Beraz, haurrak purerik ez duela nahi esan badigu, ez du esan nahi makarroiak egin behar dizkiogunik. Makarroiak emanda ez dugu bere benetako premia aseko, alegia, gu ondoan egotearena. Gainera, beti horretan erortzen bagara, alegia, unean uneko apetak asetzen, heldu ahulak garela sentituko du eta horrek areagotu egingo du bere segurtasun-eza. Ez dugu ahaztu behar halako portaerek auto-estima baxuko haurrak sortzen dituztela. Egia da noizean behin ondo dagoela haurrei beren gustuko zerbait edo kapritxoren bat prestatzea, baina haurrek mundua leku segurua eta antolatua dela sentitu behar dute, eta gure ardura da zer jango duten erabakitzea. 

    Horrela, gaur egungo haurrek mesprezua agertzen dute janariarekiko, eta ez da harritzekoa. Izan ere, eztabaidak saihestearren edo protestarik ez entzutearren, askotan janari ezberdina edo haiei egokitua eskaintzen diegu (helduek babarrunak eta haurrek makarroiak tomatearekin, adibidez); beste batzuetan jan behar dutena aukeratzen uzten diegu, edo zerbait azkarra prestatzen dugu momentuko gerra saihestearren… Azkenean, benetako arazoa da ez dugula jakiten irmotasunez mugak jartzen eta haurrarekin benetan egoten, eta janarekiko mesprezu hori haserrea baino ez da, gurasoen presentzia segurua faltatzearen ondoriozko haserrea.

    Tamalez, guraso askok jangelara bidaltzen du haurra, nahiz eta etxean jaten emateko aukera izan. Gaizki ulertzen ditugu haurren adierazpen horiek eta pozik egoten gara haurrak haur-eskolan etxean baino hobeto eta “panplinarik” gabe bazkaltzen duelako. 

    Esandako guztiak etxean bazkaltzen duten haurrentzat ere balio du jakina. Etxera doan haurrak bazkalordua aprobetxatuko du askotan, eskolan bizi izan dituen sentimendu ugari horiek egunean jartzeko, eskolan mila konflikto eta bizipen sortzen baitira egunean zehar. Eta ez dugu ahaztu behar etxean seguru sentitzen delako edo gurasoen premia duelako hasten dela purrustadaka. 

 

   Gai honekin amaitzeko, bazkalorduan kontuan hartu beharreko ohitura batzuk emango ditut:

 

   -Garrantzitsua da behin haurrak adin bat duenean ahal dela gurekin eta guk bezala jatea. Dagoena jan behar du, bereizkeriarik egin gabe. Eta beraz, irmotasunez jokatu behar dugu horretan.

    -Inportantea da, halaber, haurrak janari hori prestatzen ikustea eta ahal duen neurrian prestatzen laguntzea. Haurra janaria prestatzeak duen lanaz jabetuko da eta hobeto baloratuko du horrek eskatzen duen ahalegina. Gainera, txikitxoa denean disfrutatu egingo du, helduek egiten duten guztia egitea gustatzen zaiolako. Bestalde, esperientzia horren bidez, bizitzarako behar diren makina bat trebetasun garatuko ditu (motrizitate fina labana erabiltzeko orduan, gauzak egiteko ekimena, bere buruarekiko konfiantza helduen gauzak egiteko gai dela ikusten duenean…).  

    -Bazkaltzen hasi baino lehen, bazkariaren prozesuan parte hartu duten pertsonei eskerrak eman diezazkiekegu, adibidez, ama lurrari, eguzkiari, baserritarrari, dendariari, mahaia jarri duenari, amari edo aitari… Ez dago denak aipatu beharrik, baina horrela, janaria lagun askok guretzat egindako lanaren emaitza dela ikusiko du, eta eskerrona garatzen lagunduko diogu. Bestalde, gaur egun dena etortzen zaigu eginda, ez dugu ikusten gauzak prozesu baten eta hainbat lagunen lanaren emaitza direla, eta gure burmuinak prozesuak behar ditu ikusi gure pentsamenduak eta ekintzak antolatzen ikasteko nahiz munduan denak osotasun eta batasun baten barruan funtzionatzen duela sentitzeko. Azkenik, halako bizipenen bidez haurrak mundua leku ordenatua dela ikus dezake eta bertan seguruago sentitu.

    -Inportantea da, bestalde, lasai eta giro onean jatea eta balore hori erakutsi nahi badugu, jatorduetan alde batera utziko ditugu telefonoa, telebista eta edozein musika. Beraz, norbaitek deitzen badigu ez diogu erantzungo eta zarata guztiak kenduko ditugu. Era berean, eztabaidarako gairik ere ez dugu aterako. Zerbait eztabaidatu beharra badago, beste momentu bat hartuko dugu horretarako eta ez bazkalordua.  

    -Mahaia txukun jartzea ere beste balore bat da. Haurrengan edertasuna edo txukuntasuna piztu dezakegu, mahaian loretxo batzuk jarrita edo kandela bat piztuta. Baina plater eta serbileta polit batzuk ere nahikoa izan daitezke. Gizakiok askotan ez diegu garrantzirik ematen halako gauzei, baina barru-barruan edertasuna maite dugu eta gusturago sentitzen gara leku goxo eta panpoxetan. Haurrei erakutsi beharreko beste balore garrantzitsu bat dela iruditzen zait. 

    Hauek izan dira lagunok gai honen inguruan eginda ditudan gogoetak eta espero dut baliagarriak izatea.

 

Irene Txurruka 2011/09/02
Iturria: guraso.com

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button