0-5Adimen EmozionalaHazieraHezkuntzaIkasketak

“Txikiegia naiz eskolara joateko”

 

  • Zure haurrak badu ordu luzez bere lotura afektibotik bereizi eta eskolara joateko behar den heldutasun emozionalik?
  • Bere heldutasun-maila kontuan hartuz, une egokia da hau beretzat urrats hori egiteko, helburu hori inolako kalterik jasan gabe lortzeko?
  • Lasai eta segurtasunez esaten dio agur amari (edo haren ordezkoari)?
  • Edo, alderantziz, nahigabe handiz egiten du negar, berak hautatu ez duen banantze baten aurrean, “laguntxo” berri mordoarekin, leku berriarekin eta andereño berriarekin beldurtuta edo desorientatuta?

Eskolaratzeko eskubidea

Horiek dira 0 eta 3 urte bitarteko haurren “eskolaratzeko eskubidea” definitzeko garaian egin beharko genituzkeen hausnarketa garrantzitsuetako batzuk. Noren eskubidea da? Gehienek, txupetea eta pixoihalak soinean dituztela, estres handia eragiten dien egoera arrotzari egin behar diote aurre; ondorioa negarraldi bortitzak, atsekabea eta desesperazioa —edo, okerrago, apatia eta etsimendua— izan ohi dira.

Baieztapen hori zalantzan jartzen badu inork, joan dadila egokitzapen- edo integrazio-aldi luzerik ez duen ikastetxe batera lehen ikasturtearen hasieran, haur txikien egoera emozionala zein den ikustera. Inork zalantzarik badu, galdetu diezaiela bere haurrei hurrengo egunean eskolara itzuli nahi duten. Galdetu diezaiela irakasleei nola bizi duten horrenbeste beso txiki edukitzea bere arreta eskatzen. Galdetu diezaiela haurrak utzi eta haien dei desesperatua ez entzuteko presaka irteten diren aita eta amei.

 

Errudunak?

Inor ere ez. Kontua ez da inori errua leporatzea, hausnarketa egitea eta inor ez kaltetzeko bitartekoak jartzea baizik. Ez sufritzeko eskubidea duten lehenak ahulenak dira: haur txikiak. Eskubidea duten bigarrenak gurasoak dira (behar bezalako prestakuntza-oinarririk ez dutenez, beren haurrentzat “onena” hori dela uste baitute). Lan egiteko eskubideak eta aitatasunaren/amatasunaren garrantzia sozialki ez aitortzeak bateraezin bihurtu baitituzte guraso izatea eta lana. Eskubidea duten hirugarrenak maisuak eta andereñoak dira, etengabe arreta eskatzen duten 18 edo 24 haurrez osaturiko gelen aurrean inpotentziaz ezer egin ezinik geratzen baitira.

 

Irtenbideak? 

Egokitu ditzagun legeak haurrak babes ditzaten, eta aitatasuna/amatasuna gizartearen etorkizunerako funtsezkoa den funtzio soziala dela aitor dezaten.

 

Nola?

Osasunaren arloko profesionala, helduen psikoterapeuta eta haurren prebentzioko aditua naizen aldetik, hauxe mahaigaineratu nahi dut:

  • Begi-bistakoa da gizartea abiadura zorabiagarrian aldatzen ari dela, eta gizarte-ingurunera moldatzeko berehalako erantzunak eskatzen dituela. Baina norantz goaz? Hauxe da galdera giltzarria: haur txikiak egungo gizartearen garapenera eta estresera moldatu behar ditugu, eredu honek aurrerago biztanleen osasun mentalean izango dituen ondorioei ez ikusi eginez? Men egin nahi diegu kanpotik inposaturiko erritmo geroz eta desgizatzaileagoei?
  • Bistan da gizarteak dikotomia artifiziala ezartzen duela ama izatearen eta lanpostua izateko eskubidearen artean.
  • Bi funtzio horiek aldi batera bete nahi izateak gehiegizko estresa ekartzen du familia-sistemara, eta haurrak zaintzeko beste aukera batzuk bilatzeko premia sortzen zaigu. Europako beste herrialde batzuetan, ama izatea aukeratzen duen emakumeak (edo haren ordezkoak) lansaria jasotzen du amaren funtzioa betetzeagatik, eta ez du horregatik lanpostua galtzen, espainiar estatuan gertatzen den bezala. Horrela, ez zaio gatazkarik sortzen eskubide osoz bereak diren bi funtzioen artean, bata aukeratzean bestea ez baitu baztertzen. Hau da, amek haurrak hazteagatik lansaria jaso beharko lukete 2 edo 3 urtez.
  • Amaitzeko: gizarte-sisteman haur-hazkuntza INSTITUZIONALIZATZEKO joera nabari da. Zerbitzu paregabeak eskaintzen dira, baina hezkuntza geroz eta adin txikiagoetan uzten da instituzioen esku. Haurren sozializazioaren defentsa bi ahoko arma ari da bihurtzen: sozializatzeko premia benetako eskubide bat da haurrak lehen bi edo hiru urteetan erabat dependentea izateko duen premia gainditu duenean, baina ez gizarteak unea iritsi dela arautzen duenean. Hilabete gutxiko haur batek ez du sozializatzeko premiarik, haren heldutasun-gabezia biologikoak eta emozionalak eragozten diolako. Beraz, nork du presa, berak ala guk?

Instituzionalizatu

Haur-hazkuntza geroz eta gehiago instituzionalizatzeko joeraren aurrean, beste zenbait herrialdetan (Txekoslovakian, besteak beste) egin diren azterketa batzuek hauxe frogatzen dute: haur-hazkuntzaren aldi baterako (lehen urtetako) funtzioa baloratu eta aitortzea, estatuarentzat merkeagoa izateaz gain (haur bakoitza eskolaratzea 5.000 eta 7.300 euro bitartean kostatzen da), haurren garapen orokorrerako osasungarriagoa ere badela, guztiontzat haurtzaindegiak sortzea baino.

Komenigarriagoa eta eraginkorragoa da haurtzaroan osasun integralaren prebentzioa egitea, gero helduaroan egin beharko diren prebentzio-programa eta programa terapeutiko guztiak egitea baino. Lehen haurtzaroa eta, bereziki, 0 eta 3 urte bitarteko aldia zaintzea ezinbestekoa da gizabanakoen eta gizatalde osoaren garapen psikoafektiboa osasungarria izan dadin. Gizatalde osoak bere gain hartu beharko luke haurren osasuna bultzatzeko ardura, bai eta lan-legeria ahulenen —hots, haur txikien— beharrak zapaldu gabe eraldatzeko ardura ere. Horrela, biharko helduen osasun soziala zainduko dugu.

Yolanda González
Psikoterapeuta. Haurren prebentzioan aditua. ZELAUN eta APIReko lehendakaria.

 

Iturria: http://guraso.com/

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button