Alergiek gora egin dute azken urteotan, haurren alergiek bereziki. Duela urte batzuk umeen artean apenas ikusi ere egiten ez ziren trastornoak -polen edo lore-hautsaren kontrako alergia, esaterako- inoiz baino usuagoak dira gaur egun. Eta gorakada hori azaltzen saiatzen diren teoriak ugaritu egin diren arren, oraindik ez dago argi fenomeno horren zergatia. Ingurumeneko kutsadura eta gaizki ulertutako gehiegizko higienea izan daitezke arrazoietako batzuk.
Zertan da alergien sekretua?
Alergiak gorputzaren erreakzio gehiegizkoak dira, inolako kalterik eragin ez arren gure sistema immunologikoak kaltegarritzat hartzen duen substantzia baten aurkako gehiegizko erantzunak. Gure gorputzak, substantzia horretatik ÒdefendatuÓ nahian, alergietan ohikoak diren sintomak eragiten ditu. Horrexegatik, erabat kaltegabeak diren substantziak -horrelakoak baitira printzipioz polena, hautseko akaroak eta zenbait elikagairen proteinak- era guztietako asalduak eragiten dituzte gai horiekiko sentiberak diren pertsonengan: arnasbideetako gaitzak, larruazaleko erreakzioak, eta abar.
Polena eta akaroak. Alergiarik usuenak polenak eta hautseko akaroek eragindakoak dira, eta, besteak beste, errinitisa eta konjuntibitisa eragiten dituzte. Hasiera batean trastorno arinak diruditen arren, ez genituzke gutxietsi behar; izan ere, gaizki kontrolatutako errinitisak bizi-kalitatea nabarmen aldrebesten du, asma bilakatzeko arriskua izateaz gainera. Horregatik garrantzi handikoa da alergia sorrarazten duen arrazoia kontrolatzea eta garaiz diagnostikatzea. Asma trastorno aski usua da haurtzaroan -umeen %6-14ri erasaten die-, eta kasuen %80 alergia baten ondorioz agertzen direla uste da. Atera kontuak.
Janari-alergiak. Era honetako alergiak 2 urtetik beherakoetan usuagoak dira, eta gorakada nabarmena izan dute orain urte batzuk gertatzen zenarekin alderatuz gero. Gure gizartean umeen %2-10 bitartean daude janariek eragindako alergiak jota. Aditu guztiek diotenez, ohitura dietetikoetan gertatu diren aldaketek alergia-kasuak gora egitea ekarri dute, eta gaur egun lehenago liburuetan ere aipatzen ez ziren alergiak dituzte umeek -anisakisak, arrainen parasito batek, eragindakoak adibidez-. Hala ere, behi-esnea, arraina, arrautzak eta fruitu lehorrak -hurrak eta intxaurrak, batez ere- dira umeengan alergia gehien eragiten dituzten janari-edariak.
Zer egin?
Adituek, beraz, espezialista batengana -alergologoa esaten zaio profesional horri- joatea gomendatzen dute, alergia baten susmoa eduki bezain laster. Ez baita egia, inondik inora, oso zaila dela alergia bat detektatu edo antzematea. Gaur egun dauzkagun baliabideekin, aparteko arazo edo zailtasunik gabe diagnostika daiteke alergia bat.
Proba diagnostikoak. Gakoa, noski, alergenoa identifikatzea da, alergia zerk sortzen duen jakitea alegia. Horretarako, larruazaleko test edo proba bat egingo da, beste ezeren aurretik: alergia eragin ohi duten hainbat substantzia jartzen zaizkio umeari azalean. Substantzia horietako baten edo gehiagoren kontrako erreakzioa sortzen bada, odol-analisi bat egingo zaio umeari, alergeno horren kontrako antigorputzik badagoen ala ez jakiteko.
Sintomak arindu. Behin alergia sortu edo eragiten duen substantzia identifikatu eta gero, hurrengo urratsa, ahal dela, gai horrekin kontaktu edo harremanik ez edukitzea da, eta sintomak arindu eta gutxitzeko tratamendu egokia agintzea. Helburu horrekin antihistaminikoak errezetatuko ditu medikuak, ahotik, edo begietarako kolirio moduan, doministikuak eta malko-jarioa gutxitzeko. Kortikoideak ere oso botika erabiliak dira: beti medikuak aginduta, eduki ditzaketen albo-ondorioengatik, azalean modu topikoan erabil daitezke, baita injekzio bidez ere.
Txertoak. Alergiaren kontrako immunoterapiak oso emaitza onak lortzen ditu kasu batzuetan. Zenbait hilabetetan alergeno jakin baten kantitate gero eta handiagoak injektatzen dira, aurrez zehatz-mehatz kalkulatutako eredu baten arabera, gorputza alergeno horretara pixkanaka ohituz joan dadin. Haurren kasuan, metodo horri esker, posible da hasieran alergia sinple bat -errinitis edo sudurreko jarioa- besterik ez zena haurra koxkortzen denean asma ez bilakatzea.
Etxea alergien kontra blindatzeko
Umeek, haur txikiek zer esanik ez, denboraren %80 etxe barruan ematen dute. Horregatik, etxeko garbiketa lanak kontu handiz egin behar dira. Ez da ahaztu behar etxe barruan ere badirela substantzia narritagarriak -hautsa, lizuna eta produktu kimiko jakin batzuk-, eta horiek sintomak okerragotu ditzaketela.
Umearen gelan. Saiatu jostailuak, pelutxeak, liburuak eta abar begi bistan ez pilatzen, horietan hautsa pausatzen baita. Hobe da armairuan edo kutxa batean gordetzea. Kontuz gortina edo errezel, moketa eta alfonbrekin. Haurrak hainbeste maite duen pelutxezko panpina izozkailuan sar daiteke gau batez, hotzak akaroak suntsitzen ditu eta.
Umearen ohean. Maindireak, ohe estalkiak, mantak, burko-zorroak eta oheko gainerako arropak %100 kotoizkoak izan daitezela. Hamabost egunean behin-edo koltxoia eguzkitan jartzea gomendatzen da, hezetasuna eta akaroak ez ugaltzeko. Nahi izanez gero, merkatuan salgai daude alergiaren kontrako koltxoiak eta burkoak.
Egongelan. Kendu etxe barruko landareak, lizunak eta hautsa pilatzeko besterik ez dute balio eta. Sofak, kuxinak, alfonbrak, eta abar garbitzeko orduan xurgagailua edo trapu hezeren bat erabiltzea komeni da, akaroak etxe osoan ez barreiatzeko.
Bainugelan. Bainuko errezeletan oso erraz pilatzen da lizuna. Horregatik ondo garbitu behar dira, edo sarri samar aldatu bestela.
Sukaldean. Armairuetako, hozkailuko eta gainazaletako lizuna saihesteko, pasatu iezaiezu ozpinetan bustitako trapu bat.
Aireztapena. Etxeak ondo aireztatua eta egurastua egon behar du, baina polenak edo lore-hautsak alergia eragiten baldin badio haurrari, hobe leihoak ez irekitzea haurra etxean dagoen bitartean, edo, irekiz gero, ireki gauez bakarrik.
ALERGIAK, ADINAREN ARABERA
0 urtetik 2 urtera: Adin honetan alergiarik usuenak elikagaiek sortutakoak dira, behi-esneak, arrautzak, arrainak eta glutenak eragindakoak batez ere. Sintomak hauek izan ohi dira: tripako mina, kolikoak, beherakoak, arnasteko zailtasunak, larruazaleko arazoak…
2 urtetik aurrera: Garai honetan hasten dira agertzen arnas alergiak, hautseko akaroek, polenak edo animalien ileak eraginda gehienbat. Sintoma nagusiak, berriz, doministiku-ak, eztulaldiak, errinitisa, konjuntibitisa eta dermatitisak dira.
Bi etapen arteko harremana. 2 urte egin aurretik elikadura alergiak jasaten dituzten haurren %80k arnas alergiak izan ohi dituzte pixka bat koxkortzen direnean.
Asma Krisiei buruz (gazteleraz): Crisis asmáticas