Zergatik?
Pertsona horien sistema immuneak modu desegokian erreakzionatzen duelako, esnea, ogia edo arrautza bezalako elikagaiak irenstean, intentsitatean oso aldakorrak izan daitezkeen sintomekin. Eta, noski, sintoma horiei aurre egiteko, ezinbestekoa da zein janarik sortzen dituen jakitea.
Alergologoek diotenez, janari-alergien intzidentzia gero eta handiagoa da, helduengan bezala baita umeengan ere. Erreakzio horien erantzuleak ez dira janariak edo elikagaiak bakarrik izaten, baita horiei eransten zaizkien ongailu, koloragarri eta kontserbatzaileak ere. Horregatik, kasuak asko ugaritu direnez azken urteotan, adituek kontuz ibiltzeko gomendatzen dute haurren jan-neurrian elikagai berriak sartzeko orduan.
Eta janari jakin batzuen kontsumoarekin lotutako edozein erreakzio arraro agertuz gero, aholkurik onena medikuari horren berri ematea izango da.
ZER DIRA ETA NOLA AGERTZEN DIRA?
Pertsona baten immunitate-sistemak substantzia jakin baten aurrean —esaterako, janari baten aurrean— modu ezohizkoan erreakzionatzen duenean, eta babesteko intentzioarekin antigorputzak sortzen dituenean, alergia bat agertzen da. Sintomak oso diferenteak izan daitezke, hasi arinenetatik eta oso larriak izan daitezkeenetaraino (shock anafilaktikoa, adibidez).
SINTOMAK
Kasurik gehienetan, horrelako alergien sintomak janaria kontsumitu eta berehala agertzen dira. Hauek izaten dira ohizkoenak:
– Arazo digestiboak: beherakoak, sabeleko kalanbre edo karranpak, flatulentzia edo haize-mina, gorakoak, etab.
– Aho-barrunbea: aho-inguruko azaleko erupzioa, azkura ahoaren barrualdean, eta ezpain, aho eta eztarriko hantura. Arazo larriagoa da laringeko edema, kasu horretan aireak traba aurkitzen baitu biriketarako bidean.
– Azaleko sintomak: urtikaria jeneralizatua (azaleko azkura eta gorritzea), betazal handituak, dermatitis atopikoa,…
– Arnas asalduak: usinak edo doministikuak, sudurreko azkura, muki-jario ugaria, begi gorrituak ager daitezke eta azken buruan, baita asma-atakeak ere.
– Shock anafilaktikoa: koadro oso larria da, hainbat sintoma batera biltzen dituena, eta horien artean tentsioaren jaitsiera oso nabarmena, koma eragiteko arriskuarekin.
NOLA ATZEMAN ALERGIAK
Ikusi dugun bezala, sintomak alergia eragiten duen janaria kontsumitu ondo-ondotik agertzen dira. Itxura batean, bederen, ez luke zaila izan behar kausa/efektua erlazioa ezartzea janariaren (alergenoaren) eta sintomen artean. Baina gauzak ez dira hain sinpleak gertatzen errealitatean. Dena den, susmoren bat dugun bezain laster, espezialistarengana jo behar dugu, honek diagnostiko zehatzagoa egin dezan.
PROBA ALERGIKOAK
Medikuarengana joan aurretik, komeni da gaixoak erreakzio alergikoaren aurretik ze janari mota hartu zituen, zer-nolako sintomak eragin zizkioten eta kontsumitu zituenetik sintomak agertu ziren arte zenbat denbora pasatu zen idatzita eramatea. Argibide horiek oso garrantzitsuak izango baitira medikuarentzat, diagnostikoa egiteko bidean.
Dena den, alergologoak azaleko proba batzuk egitea aginduko du, alergenoa identifikatzen saiatzeko, eta analitika bat eskatuko du, E motako immunoglobulina (E Ig) neurtzeko, horiexek baitira substantzia espezifikoei erantzuteko sortzen diren defentsa nagusiak.
TRATAMENDUA
Jeneralean, horrelako alergien kontra dagoen tratamendu bakarra arrazoia saihestea da, alegia alergia sorrarazten digun janaria ez kontsumitzea. Ez da ahaztu behar kasu gehienetan janari hori beste hainbat prestakinen osagai edo ingrediente bezala ere ager daitekeela, kopuru askoz ere txikiagoan bada ere.
Kontuz, beraz, aurrez prestatuta erosten diren janariek duten konposizioarekin. Umeen kasuan, litekeena da alergia urteen poderioz desagertzen joatea, eta horregatik komeni da aldian behin ebaluazio zehatza egitea, aurrez egindako alergia diagnostikoa baieztatzeko, edo arrisku hori gutxitu edo baita erabat desagertu dela ere jakiteko.
URTEBETE AZPIKO HAURRAK
Urtebetez azpiko haurren sistema immunologikoa ez dago oraindik erabat heldua. Horixe da adin horretan janari-alergiak hain usuak izatearen arrazoi nagusia. Haurraren gorputzak janarien aurrean modu desegokian erreakziona ez dezan, garrantzi handikoa da arau hauei jarraitzea:
* Esnea eta eratorriak. Amaren esnea da egokiena bizitzako lehen hilabeteetarako. Oso nutritiboa izateaz gain, etorkizunean alergiak izateko arriskua gutxitzen du. Horregatik, ez da komeni urtebete egin aurretik umeari behi-esnea ematea. Jogurtak eta gazta bigunak, ordea, zortzigarren hiletik aurrera sar daitezke haurtxoaren elikaduran.
* Arrautzak. Lehendabiziko urtea bete ondoren has daiteke haurra arrautza hartzen, hobe egosita frijituta baino, eta hobe gorringoa bakarrik, zuringoa alergenikoagoa gertatzen delako.
* Zerealak. Garia zazpigarren hilabetetik aurrera har daiteke arazo berezirik gabe (ogia, galletak, etab. ).
* Frutak. 4-6 hiletik aurrera, normalean alergiarik eragiten ez duten frutak (esaterako, sagarra edo udarea, laranja, platanoa, eta antzekoak) umearen jan-neurrian sartzen has gaitezke. Beste fruta batzuk, ordea, marrubia eta bestelako fruitu gorriak, kiwia, mertxika, etab. ahalik eta beranduen sartu beharko lirateke umearen elikaduran.
* Haragia eta arraina. Sei hilabete egin ondoren, haurra has daiteke oilaskoa jaten, horixe baita alergia eragiteko arrisku gutxien duen haragia. Arraina, berriz, zortzi-bederatzi hilabetetik aurrera.
* Berdurak edo barazkiak. Tomatea da alergia-arriskurik handiena duen barazkia, eta horregatik ez litzateke 8. hilabetea baino lehen eskaini behar. Patata eta azenarioa dira, aldiz, seguruenak eta 4-5. hiletik aurrera har daitezke lasai-lasai.
ALERGIKOENTZAKO JAKIRIK ARRISKUTSUENAK
Janari osasungarriak dieta mediterraneoaren barruan daudenak dira, baina pertsona sentikorrentzat kaltegarri izan daitezke.
Ondorengo zazpi produktu hauek eragiten dituzte erreakzio alergikoen % 90 baino gehiago:
1. ESNEA. Hauxe da alergiarik usuena. 2 urtez azpiko umeen % 3-5ek alergia dio behi-esnearen proteinari. Helduetan, ordea, alergia mota hau ez da batere ohizkoa.
2. ARRAUTZAK. Albuminak, zuringoan dagoenak, lehen haurtzaroan oso sarritan agertzen diren alergiak sortzeko gai diren proteina batzuk dauzka. Arrautza gordinik jatea da arriskutsuena, egosteak % 70ean murrizten baitu elikagai horrek alergiak sortzeko duen gaitasuna.
3. KAKAHUETEA. Fruitu lehorra baino gehiago, lekalea da. Eta erreakzio alergikorik larrienetakoak eragin ditzakeen janarietako bat, gainera.
4. FRUITU LEHORRAK. Kakahueteei alergia dioten pertsonen erdiak, aldi berean, fruitu lehorrei (almendra, intxaur, hur eta gainerakoei) eta baita haziei ere (ekilore-pipita edo sesamo-haziei) alergia izaten die.
5. ARRAINA ETA MARISKOA. Badira era guztietako arrain eta mariskoen aurrean alergikoak diren pertsonak, eta badira espezie edo klase jakin batzuen aurkako alergia besterik ez dutenak ere. Pertsona helduen artean oso usua da alergia hau, eta umeen artean, berriz, ez da beti adinarekin gainditzen.
6. SOJA. Bere proteinak dira erreakzio alergikoak eragiten dituztenak. Bitxikeria bezala, esan daiteke behi-esnearen proteinari alergikoak diren haurtxoen % 30-40 soja-proteinari ere alergikoak direla aldi berean.
7. GARIA. Ez da nahastu behar alergia hau gaixotasun zeliako edo glutenarekiko jasanezintasunarekin. Zeliakiak jota dauden pertsonek glutena duen edozein zereal (garia, adibidez, baina baita olo, zekalea edo garagarra ere) kontsumitzen dutenean izaten dituzte sintomak.
Jabier Agirre, UZEI