EdoskitzeaElikaduraOsasuna

Nutrizioa eta haurren osasuna. Zero urtetik hamaikara bitartean I

 

Pedro Gorrotxategi Gorrotxategi Pediatra. Beraungo Osasun Etxea
Itzulpena: Koro Garmendia

SARRERA

Elikadura, nutrizioa eta osasuna guztiz elkarlotuta daude gizakion kasuan. Ezin da osasun bikainik izan nutrizioa egokia ez bada, eta nutrizioak, aldi berean, behar bezala elikatzea eskatzen du. Hortaz, bai nutrizioa, bai elikadura, guztiz garrantzitsuak dira bizitzako lehen urteetan; alde batetik, gizakia behar bezala hazi eta garatzeko beharrezkoak direlako, eta, bestetik, haurtzaroan hartzen ditugulako bizitza guztian zehar izango ditugun elikadura ohiturak.

Lan honetan, edoskitze eta eskola adinean dauden haurren nutrizioarekin lotutako alderdiak aztertuko ditugu, eta arreta berezia eskainiko diogu amagandiko edoskitzeari. Gizakion bizitzan garapenari eta nutrizioari dagokienez garrantzi berezia daukan beste aro bat, nerabezaroa da. Honi ere artikulu bat eskainiko diogu monografiko honetan.

AMAGANDIKO EDOSKITZEA

Bularreko haurrentzako elikadurarik onena, amaren esnea da. Sei hilabete betetzen dituzten arte, amaren esneak beren nutrizio behar guzti-guztiak estaltzen ditu. Behiaren esne eraldatutik abiatuz egiten diren formula egokituak ere, nutrizioaren ikuspuntutik aproposak dira bularreko haurrentzat, baina, dena den, amaren esneak ordezkaezinak diren hainbat ezaugarri dauzka.

Argazkia
Argazkia: www.osakidetza-svs.org

Haurra garatzen joan ahala, amaren esnea ere garatu egiten da. Lehen egunetan, amak esne berezia izaten du bularretan, oritza izenekoa, proteinatan aberatsa; gero, laugarren astetik aurrera, “esne heldua” izaten du. Baina, esnea, edoskaldi bakoitzaren ondoren ere garatzen da: hasieran, likido eta gozoagoa izaten da, eta bukaeran, berriz, lodiagoa eta ez hain gozoa. Esne lodi honekin, haurra bete egiten da, utzi egiten dio xurgatzeari, eta beste bularrera jotzen du edoskitzera, hemen berriz ere esne goxo eta likidoa aurkituko baitu. Esne honek hazkuntzarako beharrezkoak diren hainbat hormona eta faktore dauzka, organo eta ehunak osatzeko garrantzitsuak, eta baita defentsarako elementu ugari ere: immunoglobulinak, linfozitoak eta makrogagoak, besteak beste, haurrak hesteetako infekzioetatik babesteko.

“Amerikar Estatu Batuetako Pediatriako Akademiako Amagandiko Edoskitzeari buruzko Lantaldeak” prestatutako txostenak jasotzen duenaren arabera, amaren esneak beherakoen, arnasketako infekzioen, otitisen, meningitisen eta gernu aparatuko arazoen larritasuna murrizten duela frogatu dute. Dirudienez, amaren esneak edoskitzailearen bat-bateko heriotza, diabetesa, Crohn-en gaixotasuna, ultzeradun kolitisa, linfomak, gaixotasun alergikoak eta beste gaixotasun digestibo kronikoen aurrean babestu egiten du. Eta amaren esneak garapen intelektualari eragiten diola ematen du.

Osasunaren Munduko Erakundeak hainbesteko garrantzia ematen dio ospitaleetan amarengatiko edoskitzea sustatzeari, dekalogo informatzaile bat argitaratu berri duela, amei eta ospitaleetako langileei zuzenduta. Jarraian ikus dezakezuen taulan daukazue aipaturiko dekalogoa. 

Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioak, ospitaleetan amarengatiko edoskitzea sustatzeko
Edoskitze natural zoriontsua izateko hamar pausoak

Amatasuneko eta jaioberriak artatzeko zerbitzu guztietan:

1. Edoskitze naturalari buruzko politika bat eduki beharko dute, idatziz jasoa, eta langile sanitario guztiei sistematikoki emango zaie ezagutzera.

2. Langile guztiei prestakuntza egokia eman beharko zaie, estrategia hau abian jartzeko moduan egon daitezen.

3. Haurdun dauden emakumeei edoskitze naturalari eta bere onurei buruzko informazioa eman beharko zaie.

4. Amei, erditu direnetik ordu erdiko epean, edoskitzen hasten lagunduko diete.

5. Bularra nola eman erakutsiko diete amei, eta edoskitzea nola mantendu, haurrengandik aldendu behar badute ere.

6. Jaioberriei amaren esnea baino ez diete emango, ez bestelako elikagai edo edaririk, betiere sendagileek medikaziorik agintzen ez duten bitartean.

7. Amak eta beren haurrak egunaren 24 orduetan elkarrekin egoteko ahaleginak egingo dituzte.

8. Amagatiko edoskitzea sustatuko dute.

9. Bularra hartzen ari diren haurrei ez diete biberoi-titi edo txupete artifizialik emango.

10. Edoskitze naturala sustatzeko lantaldeak osatuko dituzte, eta amak, ospitale edo klinikatik ateratzean, eurekin harremanetan jartzen saiatuko dira.

Ezaugarri hauek guztiak betetzen dituzten ospitaleei, azterketa bat egin ostean, “Haurren lagunak” titulua ematen zaie. Erakunde sanitario eta zientifikoek, liburuxka informatiboak prestatzean, kontuan izaten dute amagandiko edoskitzearen sustapena. Adibidez, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak “Jaioberriaren Gurasoentzako Gida” argitaratu zuten 1995ean, non lau orri eskaintzen baitzitzaizkion amagandiko edoskitzeari, eta hiru edoskitze artifizialari. Edukiaren aldetik garatuagoa dago “Guía de salud Materno-Neonatal” (1997) liburua, Sociedad Española de Neonatología y Sociedad de Medicina Perinatal-ek kaleratua. Bertan, zazpi orri zuzentzen zaizkio amagandiko edoskitzearen garrantzia eta teknika azaltzeari, eta amek sarritan planteatzen dituzten galderen erantzunak jasotzen ditu: nahikoa esne al daukat? Jaioberri guztiak berdinak al dira?, etab.

Gurasoei haur bat izatean ematen zaien kartilak, zehazki zera esaten du haurraren lehen urteko elikadurari buruz:

 

· Lehen hilabeteetan, haurrarentzako elikagairik onena amaren esnea da. Nutritiboena da, digeritzeko errazena, eta gaixotasunei aurre egiteko defentsak ematen dituen bakarra. Bularra ematea, gainera, osasungarria da amarentzat ere.

· Jaioberri gehienek egunean hainbat aldiz egiten dute negar; horregatik, negar egiteak ez du beti haurra goseak dagoenik adierazi nahi. Sekula ez ezazue biberoi gehiago ematearen edo amagandiko edoskitzea eteteko erabakia zuen kabuz hartu. Zuen pediatrak azalduko dizkizue bularra ematen jarraitzeko edota edoskitze mistoarekin hasteko dauzkazuen aukerak.

 

 

Iturria: euskonews

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button