Familia ugariek laguntza ugari behar!
Espainiako Estatuan, ofizialki, 487.354 familia ugari daude; hau da, Familia Ugariaren titulua dutenak, Espainiako Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioak emandako azken datuen arabera. Familia horiek aukera dute Estatuak ematen dituen laguntza orokorrak eskuratzeko, 40/2003 Legeak esaten duenari jarraituz (familia ugariak babesteko legea da horrako hori). Baina, horretaz gain, hiru seme-alaba baino gehiago dituztenek, Familia+ Plana esaten zaion programaren bidez, hainbat alorretako enpresek ematen dituzten beherapenak eta abantailak ere eskura ditzakete. Horretarako, Familia Ugarien Espainiako Federazioa osatzen duten 80 elkarteetako batean partaide izan beharra dago (tokiko elkarteak dira batzuk, probintzia mailakoak besteak eta erkidego mailakoak beste zenbait).
EROSKI CONSUMERek beherapen eta laguntza horietako batzuk hautatu, eta honako zerrenda honetan bildu ditu:
Etxebizitza eta etxeko gastuak
- Etxea eskuratzea eta OHZ: udalek beherapena egiten diete beren ohiko etxebizitzagatik ordaindu behar duten kuotan (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga). Beherapenak aldatu egiten dira udalerri batetik bestera (errenta hartzen da aintzat, haur kopurua eta etxearen katastro-balioa), baina % 90erainokoa ere izan daiteke. Edonola ere, aurrez udaletxean galdetzea komeni da, eta garaiz eskatzea.
Horretaz gain, hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familiek lehentasuna dute babes ofizialeko etxe bat eskuratzeko (halaxe dio 40/2003 Legeak, familia ugariak babesteari buruzkoak).
- Etxerako laguntza: familia horiek norbait kontratatzen badute haurrak zaintzeko eta etxeko lanak egiteko, % 45eko beherapena izaten dute langile horrengatik Gizarte Segurantzan ordaindu behar diren kuotetan. Hiru haur edo gehiago dituzten familiek laguntza hori eskuratzeko, ezinbestekoa da bi gurasoek etxetik kanpo lan egin dezatela. Maila bereziko familiek, ordea, bost seme-alaba edo gehiago dituztenek, ez dute baldintza hori bete beharrik. Halaxe esaten du Espainiako Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioak 2012rako eman duen Kotizazio Aginduak.
- Gizarte-bonoa argindarraren tarifan: 2009. urteko uztailetik aurrera, familia ugariek azken aukerako tarifa kontratatua baldin badute argia eta energia banatzen duen enpresaren batekin, hau da, 10 kilowatteko gehienezko potentzia, aukera dute gizarte-bonoa eskatzeko, behar gehien duten herritarrentzat ezartzen dena, alegia. Etorkizunean argindarra igota ere, gizarte-bonoa dutenek ez dute igoera hori ordaintzen, izoztu egiten baitu tarifa.
Hezkuntza
- Unibertsitatea: familia ugarietako kide guztiek % 50eko beherapena (orokorra) edo % 100ekoa (berezia) izaten dute unibertsitate publikoetan gradu eta graduondoko ikasketen matrikulan; berdin gertatzen da beste zenbait tasa eta zerbitzurekin: unibertsitatera sartzeko hauta-probaren matrikularekin, adibidez.
- Ikastetxe publikoak edo itunduak: familia ugaria izatea aintzat hartzen dute ikasleak onartzerakoan. Edonola ere, arauak eta baremoak aldatu egiten dira urtetik urtera autonomia erkidego bakoitzean. Hori dela eta, familia ugarien elkarteetan galdetzea komeni da informazio eguneratua eskuratzeko.
- Hizkuntza Eskola Ofizialak: sail horretako ikastegien sareak % 50eko beherapena eskaintzen die sail orokorreko familia ugariei eta % 100ekoa sail berezikoei.
Bidaiak eta garraiobideak
- Trenak: Renfek % 20ko beherapena egiten die sail orokorreko familia ugarietako kideei eta % 50ekoa berezikoei, honako zerbitzu hauetan: AVE, ibilbide luzekoak, ibilbide ertainekoak, Avant eta aldirietakoak. Beherapen horiek bateragarriak dira beste hobari batzuekin, hala nola joan-etorriko txartelak hartzeagatik egiten dituzte beherapenekin. Familia Ugarien Espainiako Elkarteak auzitara jo zuen bere garaian eskari hori onar zezaten, eta lortu egin zuen.
- Hegazkinak: Espainiako Estatuan aritzen diren hegazkin konpainiek % 5eko beherapena egin beharra diete hegaldi nazionaletan sail orokorreko familia ugarietako kideei, eta % 10ekoa berezikoei. Edonola ere, zer-nolako baldintzak bete behar diren jakitea komeni da aurrez, eta konpainiari garaiz eskatzea.
- Autobusak: ibilbide ertainak eta luzeak egiten dituzten autobusen konpainiek % 20ko beherapena egiten diete sail orokorreko familia ugarietako kideei eta % 50ekoa berezikoei. Hemen, trenean bezala, beherapenak bateragarriak dira beste hobari batzuekin.
Kultura eta familia-aisialdia
- Aisialdiguneak: zoologikoek, jolas parkeek eta haurrak jolasteko beste zenbait gunek ere beherapen onak eskaintzen dizkiete zenbaitetan familia ugarietako kideei. Hona hemen adibide batzuk: Warner parkeak % 10etik % 18ra bitarteko beherapena, Madrilgo Zooak % 40tik % 50erakoa, Arteen eta Zientzien Hiriak % 15ekoa…
- Museoak: familia ugarietako kideak doan sar daitezke Estatuarenak diren museo guztietara (halaxe arautzen du 40/2003 Legeak, familia ugariak babesteari buruzkoak). Horien artean daude Arkeologia Museo Nazionala, Reina Sofía Arte Zentroa eta Prado Museoa, nahiz eta azken horretara, gutxienez, heldu batek eta hiru haurrek joan behar duten bisitaldia egitera. Thyssen Museoan, Bartzelonako Picasso Museoan, Kataluniako Arte Museo Nazionalean eta Zientziaren Valladolideko Museoan (pribatuak dira guztiak) % 30etik % 40rainoko beherapenak egiten dizkiete.
Familia+ Plana
- Hotelak eta bidaia-agentziak. Familia+ Planaren barrenean (Familia Ugarien Espainiako Federazioaren ekimena da) beste beherapen batzuk ere sartzen dira, zenbait erakunde pribaturekin egindako akordioen ondorioz: arropa-marka jakinetan, telefono-konpainietan, aseguru-etxeetan… Hotel-kate batzuk ere sartzen dira programa horretan, eta % 10etik % 15erako beherapena eskaintzen diete familia ugarien elkarteren batean izena emanda daudenei. Eta bidaia-agentzia batzuek, berriz, bidaia-eskaintza bereziak egiten dituzte era horretako familientzat.