Ez! Hori nesken komuna da…
Gure arbasoak, pixa edota kaka egin nahi zutenean, ukuilura joaten ziren, ondoren behar hauek asetzeko espazio zehatz bat egokitu zen eta azkenik gaur komunak bezala ezagutzen ditugun espazioak sortu ziren. Gure herrian ez zegoen emakume eta gizonen arteko bereizketarik. Espazio berdina erabiltzen zuten batzuek zein besteek.
Urteak aurrera joan ahala, espazio publikoetan komunak bereizten joan ziren, emakume eta gizonentzako komunak bereizten hasi ziren. Zenbait lekuetan bereizketa hau egitera behartuak egon ziren, legeak halaxe eskatzen duelako. Gaur egun espazio publiko guztietan emakume eta gizonentzako komunak aurki ditzakegu. Gehienetan irudi edota ikono batengatik bereizten dira. Irudi edo ikono hauei esker haurrek ere berehala identifikatzen dute norentzat den komun bakoitza. Hasieran batean zein bestean sartzen dira, baina ondoren, euren burua gizona edo emakume bezala identifikatzen doazen heinean, euren sexuarekin erlazionatzen duten komunean sartzeko joera garatzen dute. Batzuentzat gainera iraingarria bihurtzen da beste sexuarentzako komunean sartzea.
Egoera guzti honen aurrean hausnartzen hasi nintzen benetan zentzurik gabekoa iruditzen zaidalako. Zentzurik gabeko bereizketa bat egiten ari gara eta bereizketa honek ez du hezkidetzan batere laguntzen. Are gehiago esango nuke, hezkidetzari kaltea besterik ez dio egiten. Gizon eta emakumeen gorputzari erreparatzen badiogu desberdintasuna agerikoa da: genitalak. Genitalen ezaugarriengatik gizonek zutik egin dezakete pixa eta emakumeek ez. Baina kaka?? Kaka gizonek zein emakumeek eserita egiten dute. Honek esan nahi du komun batean zein bestean eserita egoteko pixatokia behar dela. Askotan bi komunen arteko bereizgarri bakarra atean jartzen den irudia edo ikonoa izaten da. Batean eta bestean sartu eta berdin – berdinak dira.
Orduan zergatik mugatu behar zaio espazio baten erabilera sexu bati edo besteari??
Jendeak atean dagoen ikurrari ez diola begiratzen sinestu nahiko nuke, baina errealitateak beste zerbait erakusten dit.
Penagarria da haur bat “ez! hori nesken komuna da” esaten entzutea.
Nik nire semearekin honi buruz askotan hitz egin dut. Bi komunetara sartu eta ea baten eta bestearen arteko desberdintasunik baden begiratu izan dugu. Ondorio berdinera iristen gara beti, garrantzitsuena komun zuloa da, pixatokiaren forma bata edo bestea izanik, eta behar berdinak ditugu gizonek zein emakumeek. Non dago orduan bi espazio desberdin bereiztu edo mugatzearen beharra?
Gure seme – alabak hezkidetzan hezi nahi baditugu eta benetan gizonak eta emakumeak berdinak garela sinesten badugu, horrelako bereizketek ez digute ezertan laguntzen. Gure seme – alabek euren gorputzaren ezaugarriak ezagutu behar dituzte. Euren gorputza naturaltasunez bizi behar dute.
Nik gizonentzat zein emakumeentzat definituta edota identifikatuta dauden komunak erabiltzen ditut eta batzuetan begirada arraroak sumatu izan ditut gizonen komunetik ateratzerakoan. Ez al da logikoagoa libre dagoen komunean sartzea?
Batzuei agian artikulu honen edukia tontakeri bat irudituko zaizue. Hala bada, pozten naiz. Horrek horrelako taburik ez duzuela esan nahi duelako. Eta beste batzuengan hezkidetzak gure bizitza guztia, bizitzaren detaile guztiak kontuan harturik, zeharkatu behar duela pentsatzea lortu izana espero dut.
Guztiok gara berdinak!
Guztiok gara desberdinak!
Garrantzitsuena errespetua eta aniztasunean heztea da.