Uncategorized @eu

Ttiklik: seme-alabekin beste era batera harremandu daitezkeela sinisten dutenen elkargunea

 

Bizitzak ematen dituen ezusteko bira horietako batek eraman zuen Itxaro Mendizabal Ttiklik proiektuan murgiltzera. Ekimenak 0 eta 12 urte bitarteko haurren guraso eta hezitzaileentzat baliabideak biltzea du helburu eta bi adarretan banatzen da: Ttiklik.com eta Ttiklik Elkargunea. Lehenak guraso eta hezitzaileek izan ditzaketen informazio beharrak asetzeko biltegia izan nahi du. Horretarako, blog formatuaz baliatuta, horien intereseko izan daitezkeen alor ezberdinak (hezkuntza, elikadura, haziera, hezkidetza…) jorratzen dituzten dozenaka eta dozenaka artikulu biltzen ditu sarean (www.ttiklik.com). Bigarrenak, aurrez aurreko tratua du oinarri eta Beasaineko Ttiklik Elkargunean gorpuzten da: Zelaeta Berri plazako lokalean, ohiko hezkuntza ereduak ezbaian jarri eta alternatibak proposatzen dituzten ereduak aurkezten dituzte, hitzaldi, tailer edota ikastaro formatuan.

Izan ere, proiektuaren asmoa guraso eta hezitzaileek izan ditzaketen zalantza eta beldurrei erantzunak bilatzen ahalegintzea, ohiko ereduen aurrean alternatibak egon badaudela erakustaraztea eta, funtsean, «gauzak egiteko hamaika era ezberdin daudela» erakustea da. Horren ziurtasun osoa du proiektuaren sortzaile eta kudeatzaile den Itxaro Mendizabalek. Berak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norako nagusiak, etorkizunerako asmoak, eta baita jatorria ere. «Lan egiten nuen enpresan haurrak gaixo zeudenean etxetik lan egiten uzten zidaten, baina nagusi aldaketa egon zen, eta, aukera hori desagertu zenez, eszedentzia hartu nuen alaba txikienak 3 urte bete arte». Lan-utzialdia alabak zaintzeko, eta, bide batez, Haur Hezkuntzan elikadura master bat egiteko beta eman zion informatikari honi, eta, hain zuzen, elikadurak ireki zuen Ttiklik sortzeko atea: «Alaba zaharrenak arrautzari alergia dio eta segituan konturatu nintzen sendagileak eman zizkidan argibideak ez zirela nahikoa», azaldu du. Hala, bere informazio beharrak asetzera Internetera jo eta erabilgarri zitzaion informazioa blog batean biltzen hasi zen.

Hasieran errezeta ezberdinak eta elikaduraren gaineko artikuluak biltzen zituen bloga izan zen Ttiklik, baina, denborarekin, amatasunak sorrarazten zizkion kezka eta zalantzen gaineko sarrerak egiten ere hasi zen: «Gurasoak istripu batean hil ziren orain 15 urte eta haurrak eduki ditudanean oso galduta sentitu naiz. Ez nuen nori galdetu, fardelak aldatzen ere ez nekien, kasketak hartzen zituztenean zer egin… Informazio eta aholku horien bila joateko beharra sentitzen nuen, eta, poliki-poliki, sarean aurkitzen nuen informazio hori guztia ere jartzen joan nintzen».

Orduantxe hasi zen forma hartzen Ttiklik proiektua: batetik, webgunean Hego Amerikatik bisita ugari zituela ikusita, menuak gazteleraz ere eskaintzen hasi zen, eta, bestetik, Hitzan blogari lanean hasi zenez, sartzen zituen artikulu guztiak euskaratzeko konpromisoa hartu zuen. Horretan ari zela etorri zen proiektuari bestelako tamaina emango zion gertakaria: «Nire bikoteak eta biok leku berean egiten genuen lan, eta, eszedentzia amaitu eta lanera itzuli nintzenean, bera bidali zuten, oso modu txarrean gainera. Ez bueltatzea erabaki nuen».

Hala, informatikari lotutako proiektuak euren kabuz garatzen hasi ziren, eta, era berean, Zelaeta Berriko lokala alokatu eta Ttiklik egitasmoari bestelako tamaina emateko aukera ikusi zuen: «Irakurriz informa zaitezke, baina batzuetan zalantzak argituko dizkizun norbait behar duzu, ‘egin ezazu hau horrela’ esango dizuna. Horregatik, Ttiklikek eskaintzen duen guztia espazio fisiko batean ematea erabaki nuen».

Lehen adarra: Baliabideak sarean

Baina, zehazki, zer da Ttiklik egitasmoak «eskaintzen duen guztia?». «0 eta 12 urteko haurren guraso eta hezitzaileentzako baliabideak. Hasi elikaduratik eta hazierara arte, irudika dezakezun guztia. Denak du kabida Ttikliken», laburtu du Itxarok. Sarean begiratzen hasita, denetariko gaiak topa daitezke, esate baterako, opari hezigarriak, adimen emozionala, etxean erditzea, etxeko lanen egokitasuna, erditzearen ondorengo sexualitatea, aspektu legalak, edoskitzea, sozializazio prozesuak… «Haurrei dagozkien kontuetan interesgarriak edo baliagarriak iruditzen zaizkidan artikuluak bildu, erabiltzeko baimena eskatu, itzuli eta Ttikliken zintzilikatzen ditut alde batetik, eta, gero, kolaboratzaileak ere baditugu». Kolaboratzaile horiek alor ezberdinetan adituak dira eta sarean kontsultak egiteko aukera ematen dute. Bestelako zerbitzuak ere eskaintzen dituzte, “Liburuen txokoa” edo “Oparipuinak” esaterako: Ttikliken kolaboratzen duten zenbait idazlek eskaeren araberako ipuinak idazten dituzte, doan. Sare sozialetan ere topa daiteke Ttiklik: «Facebooken milatik gora jarraitzaile ditugu eta webgunean egunean 300 bisita, pozik egoteko modukoa da». Bestalde, Itxaro kolaboratzaile gisa ere aritzen da, bai Goiberri atarian bai Naiz.info bertan ere (www.naiz.info/es/blogs/ttiklik).

Ttiklikek duen filosofia agerrarazteko, adibide garbia jarri digu: «Iaz makrobiotika ikastaro bat egin nuen, adibidez, baina ez gara makrobiotikoak, etxean denetik jaten dugu: gauzak ikasi eta interesgarritzat jotzen dudana aplikatzen joaten naiz. Gauza da ohiko ereduen gaineko webgune piloa daudela sarean, baina zerbait ezberdina nahi duzunean Interneten arakatzen hasten zara eta leku batean gauza bat jartzen du, bestean bestea… eta, maiz, zeharo ezberdina da batak eta bestea dioena. Orduan zer? Nora jo behar dugu zalantzaren bat dugunean? Horregatik sortu zen Ttiklik: informazioak kontrastatzen hasi ginen, elkarteekin hitz egiten, informazio fidagarria eta zehatza eskaini ahal izateko. Gure asmoa Ttiklik baliabide zentro bat izatea da, norbaitek zerbait behar duenean ‘ea han badagoen’ esan eta gugana jotzea, eta, aurkitzen ez badu, gurekin harremanetan jarri eta nondik jo dezakegun ikustea. Hori da gure filosofia».

Orain artean, informazioaren hautaketa bere beharren araberakoa izan dela aitortu du Itxarok, ama bilakatu den unean argibideak emango zizkion norbaiten beharra sumatu duelako. Denborarekin, bere beharrak eta gainontzekoenak berak uste baino antzekoagoak direla ondorioztatu du. Webgunean bertan, esaterako, ondoko esaldia irakur daiteke: “Gaur egungo gurasoak gure arbasoek zorionez zeukaten triburik gabe gaudela iruditzen zaigu”.

Familietatik tribuetarako aldaera

«Nire amak zazpi anai-arreba zituen, eta, zerbait behar izanez gero, ni izebaren batekin geratzen nintzen, amona-aitonak ere hor neuzkan, haien etxera edonoiz joaten nintzen… Nik, nire zirkunstantziengatik, ez daukat halakorik, baina ikusten dut ingurukoak ere ni bezala daudela: bat alaba bakarra da, besteak ahizpa badu baina ez dira gurasoekin ondo konpontzen edo oraindik lanean ari dira, beste batzuek ez dute giro ona familian… Egun ez dago garai bateko familia babes hori eta asko galduta sentitu gara haurrak eduki ditugunean», ziurtatu du. Bere kasuan, gaixotzen zirenean haurrak norekin utzi ez zuela azaldu du, eta, bere iritziz, egoerok guraso taldeak barneratzen dituzten elkarteak sortzea bultzatu dute: «Ni Irriargin nabil, Tolosan-eta badaude halakoak, haurren ikastolako lagunen guraso taldeak dira askotan… Azkenean, bestelako tribuak ari dira sortzen: nik badakit nire gizonak eta biok lana badugu elkartekoren batekin utz ditzakedala haurrak».

Itxaroren iritziz, «bestelako konexio edo egitura batzuk sortu dira, eta, maiz, lehen familiak betetzen zuen papera gurasoek edo seme-alaben lagunen gurasoek betetzen dute, eta hori erabat aberasgarria dela uste du: «Nire ama irakaslea zen, nire amaren familian irakasle asko zeuden, eta gauzak era batera egiten ziren. Leku ezberdinetatik datorren jendearekin egoteak asko irakasten dizu, gauza asko kuestionatzen dituzulako eta aukera ezberdinak ikusten hasten zarelako. Honek kasketak hala konpontzen ditu, besteak haurrari haragirik ez ematea erabaki du, etxean erditzea erabaki du, haurra ez txertatzea… Ados egon zaitezke edo ez, baina beti errespetuaren barruan. Eta, behin zergatiak ezagututa, norberak berarentzat gura duena har dezake. Orduan, Ttiklik bezala, eurentzat ere hitzaldiak antola ditzakegula uste dugu».

Bigarren adarra: Elkargunea

Hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak… Jakintza bat partekatzeko dauden hamaika moduek dute lekua Ttiklik Elkargunean (www.ttiklik.com/elkargunea), eta euskara da lehenetsitako hizkuntza. Ideia bat egiteko, une honetan eskuartean dutenaren gaineko lau azalpen emateko eskatu diogu Itxarori: asteartetan 4 eta 7 urte bitarteko haurrekin adimen emozionala lantzeko tailerra egiten dute, asteazkenetan Irriargi elkarteak edoskitze tailerra eskaintzen du doan –«eurek doan ematen didate eta nik ere doan eskaintzen dut»–, ostegunetan 6 eta 10 urte artekoekin yoga, hilean behin Guraso Eskola Leticia Garces eta Nerea Mendizabalekin (hitzaldi-solasaldiak banaka ere har daitezke), eta, ostiral arratsalde eta larunbatetan, denetariko tailerrak: pintura emozionala, haurdunaldia eta erditzea, josten ikasteko tailerra, haur sexualitatea, erditzearen ostean bikote harremanak berreskuratzearen gaineko ikastaroak… Abenduan 7 eta 14 urte bitarteko haurrekin hamalau orduko antzerki tailer intentsiboa egitekotan direla eta gurasoentzat ere zerbait antolatuko dutela gaineratu du.

Arrakasta gehien dutenen hitzaldi eta ikastaroengandik galdetuta, haurren kasketaldien eta zigorren gainekoak aipatu ditu, eta, gurasoei dagokienean, sexualitatearen gainekoak: «Azkenean, orain artekoak nire beharretatik sortutakoak dira. Etxean 6 eta 2 urteko bi alaba ditut eta argi nuen Nerea Mendizabal ekarri behar nuela zigorren eta kasketen inguruan hitz egiteko. Hitzaldi-solasaldiez gain eguberrietan egingo dugu hamabi orduko intentsibo bat, komunikazio ez bortitzean oinarrituta haurrekin nola hitz egin eta harremandu ikusteko. Gero, Nerea Sanchorekin sexualitatea lantzearena ere oso argi nuen: nire buruan eta nire inguruko emakumeengan ikusi dut haurrak eduki ostean gorputzak izaten dituen aldaketekin eta gero haurrek ekartzen dituzten nekeekin, ez ditugula bikote harremanak zaintzen».

Elkargunean denetariko ekimenak antolatzeaz batera, espazioa alokairuan hartzeko aukera ere badago: «Dena dago prest edozein pertsona etorri eta nahi duen ikastaroa egiteko, proiektorea, pantaila, sukaldea… Orduka edo blokeka aloka daitezke, eta, nahi izanez gero, sukaldaritza biologikoan oinarritutako catering zerbitzua ere eskaintzen dugu. Kontuan hartzen dugun bakarra Ttikliken dugun filosofiarekin bat egitea da, eta, gerora, meriendak eta halakoak egiteko ere alokatu nahi dugu, azkenean hemen sekulako inbertsioa dagoelako egina, eta, gure asmoa hemendik aberastea ez bada ere, gastuak estaltzeko adina eman behar duelako. Gure helburua hau aurrera ateratzea da; oinarria ez da dirua ateratzea, baizik eta jendeari baliabide horiek eskaintzea».

Alde horretatik, eskuartean dituzten salneurriak askok uste baino merkeagoak direla argudiatu du. Adibidez, haurrentzako antzerki tailerrak hilean 30 euro balio ditu, Guraso Eskolako bederatzi saioek 145 euro edota hitzaldi solteek 15 euro. «Niri ez zait iruditzen garestia denik, ia denon eskura dagoen zerbait da; garestia da yoga, judo, musika eskola eta gainerako ikastaro guztiak gehitzen hasten bazara. Gainera, nik helarazi nahiko nuke ez direla ohiko ikastaroak, inbertsioak direla: zure haurraren etorkizunean inbertitzen duzun diru bat da. Nahiz eta guraso eta hezitzaileei zuzenduta egon, haurrekin hartu-emanak izatean du oinarria. Horregatik nahi nuen proiektu hau batez ere gurasoei begira egitea, haurrentzat hamaika aukera daudelako, baina gurasoentzat ez. Azkenean gurasoak dira euren haurrak hazi behar dituztenak, ez du balio leku batera bidali eta ‘hor ikasiko dute’ pentsatzeak; umeei ahalik eta onena eskaintzeko ardura gurasoek dute lehenik eta behin».

Aipatzekoa da izandako irabazien %30-40 Ttikliken bertan geratzen direla, «publizitatea, kartelak, argindarra eta gainerako gastuak ordaintzeko. Esan bezala, gure helburua ez baita aberastea, baizik eta hau mantendu eta baliabideak eskaini ahal izatea».

Bigarren urteurrenari begira

Hurrengo urteari begira eskuartean «zenbait proiektu interesgarri» dituela ere iragarri du Itxaro Mendizabalek, baina, horien aurretik, beste hitzordu garrantzitsu bat ere badu gogoan: Ttiklikek bi urte betetzen ditu azaroaren 29an.

Elkargunean festa antolatuko dutela aurreratu du Itxarok eta egun horretan izango da, baita ere, Gurasoei Gutuna I. Ttiklik Idazlan Laburren Lehiaketako sari banaketa. «Irailaren 29an hamabost urte bete ziren gurasoak galdu genituenetik eta haiei omenaldi txiki bat egin nahi genien, horregatik sortu genuen lehiaketa hau», agertu du Itxarok. Parte hartu nahi duenak hilaren 15a bitartean du lanak bidaltzeko aukera, haurrek eta helduek har dezakete parte eta oinarriak Ttikliken webgunean bertan topa daitezke. Sariei dagokienean, helduen atalean Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea izango da irabazlea hautatuko duena; irabazleak, Elkarreko opari bonoa eskuratuko du. Haurren mailan epaimahaia bi lagunek osatuko dute eta Kilimak jostailu hezitzaileen dendako bi bono oparituko dituzte.

Atzera begiratuta, proiektu honetan barneratzeko erabakia hartu osteko lehen hilabeteak «benetan gogorrak» izan zirela baieztatu du Itxarok, «baina inork ‘zure artikulu bat irakurri nuen eta lagundu dit’ esatea izugarria da. Jendea oso gustura dago, errepikatu egiten dute, baina oraindik kosta egiten zait jendea erakartzea; Bilbotik, Sakanatik, Tolosaldetik… ari da pixkanaka jendea etortzen, ikastetxeekin harremanetan jartzen ari gara, elkarteekin, eta ari da forma hartzen».

Ttiklikek zer izan nahi duen galdetuta, baliabide eta informazio zentroa izateaz gainera, behar pertsonalizatuagoak eskaintzen dituen gune ere izan nahi duela aurreratu du Itxarok. «Jendeak zalantza edo beharren bat duenean konfiantza osoz hona etorri eta hemendik pertsona hori bideratu ahal izatea gustatuko litzaidake, askotan eskuartean arazo bat dugunean badakigulako hura konpontzeko bide ezberdinak daudela, baina horiek ezagutzea kostatzen zaigu, norbaitek ze aukera ditugun jakinaraztea behar dugu».

Laguntza pertsonalizatuari so

Etorkizunari begira, ideiak behintzat ez zaizkio falta Itxarori eta argi du horiek egia bilakatzeko lanean jarraituko duela. Esate baterako, haurren dietetika eta nutrizioan duen jakintzarekin gurasoei haurren elikadura zaintzen laguntzea dago bere planen artean: «Eduki dudan esperientziatik eta ikasi dudanetik lagundu nahi diet gurasoei, hemen kontsulta pasatzea gustatuko litzaidake, baita eduki ditzaketen gainerako beharrak betetzen hasi ere. Psikologoa, osteopata… Nik zuzenean eman ezin ditudan zerbitzuak emateko profesionalak ekarri nahi ditut». Momentuz, haur psikologoarekin eta reiki ematen duen irakaslearekin akordioa egina duela azaldu du, «baina poliki joango gara, ziurtasunez, gauzak nola bideratu ikusi behar dugu».

Alor profesionalari dagokionean, elkargunearen inguruko denda eta zerbitzu emaileekin ere harremanetan jarri direla azaldu du Itxarok, elkarren aurka aritu beharrean elkarlanean aritzeko: «Borrokan aritu beharrean, elkarrekin zer egin dezakegun ikustea interesgarria da. Coworking filosofian sinesten dut, eta, adibidez, hemen ondoan homeopata ekartzeko asmoa dutenez, nik ez dut ekarriko eta hara bidera ditzaket, ireki berri duten jostailu hezitzaileen denda batekin ere harremanetan gaude eta agian tailerren bat antolatuko dugu….».

Elkarlanean sinesten du Itxarok, guraso eta hezitzaileen jakin-minean eta ikasteko irrikan, eredu ezberdinekiko errespetuan, eta ez du zalantzan jartzen puntu batera iristeko dozenaka bide egon daitezkeenik. Eta hori guztia izan nahi du Ttiklik egitasmoak: seme-alabekin eta gure buruarekin harreman sano eta osoago bat izaten lagunduko digun baliabide eta informazio gunea.

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button