2014-02-07: Itxaro Mendizabal Amundarain
TTiKLiK! ELKARGUNEA
GOIBERRI aldizkarian ateratako artikulua
Aurrekoan elkarrizketa batean haurdunaldian eta umea izandako aurreneko bi urteetan zerbait faltan bota nuen galdetu zidaten, nire erantzuna, barru-barrutik atera zitzaidana zera izan zen: “amatxo”.
Bizitzak eman dizkidan ‘zaplaztekoak’ direla eta duela 2 urte t’erdi behar propioetatik sortu zen proiektu bat martxan jarri nuen. Guraso izan nintzen momentuan neuzkan gabeziak betetzeko sortu zen proiektua; gabezi hauek batez ere informazio falta edo informazio-iturri falta batetik sortuak izan ziren.
Baina zein izango zen nire sorpresa, proiektu hau niretzako bakarrik ez, jende askorentzako beharrezkoa zela ikusi nuenean. Proiektuak izan duen erantzuna ikustea besterik ez dago. Aurreko batean Igartza Jauregian (Beasain) hitzaldi sorta bat antolatu genuen, guraso-hezitzaileei zuzendua (elikadura eta emozioak ardatz hartuta) eta hitzaldi gela beteta izan genuen ia egun osoan.
Proiektu honen muina guraso eta hezitzaileei gure haurren haziera eta hezkuntzarako baliabideak eskura jartzea da.
Beste alde batetik, oso gertukoa dudan pertsona batek kontrakoa esan zidan. Bere ustez gaur egun berak ez du edo ez dago gurasoentzako baliabideak eskaintzen dituen zentro baten beharrik; dioenez, ‘gu aurrera atera gintuzten bezala, guk ere gure haurrak aurrera aterako ditugu. Eta gure gurasoek seguruena ez zutela ez liburu eta ez hitzaldien beharrik izan’.
Tribua
Agian hala izango da, baina gure gurasoen garaian altxor handi bat zeukaten, beraien ‘tribua’. Gaur egun daramagun bizitza estresagarria dela eta, familia edo tribu kontzeptua galdua dugula ikusten da; gu txikiak ginenean behintzat, inguruan ama, aita, izeba-osabak, amona-aitonak … bata ez bazen bestea, denak genituen inguruan. Orain, kasu gehienetan ez da horrela; denok gabiltza lan munduan murgilduta, berandu arteko ordutegiekin. Eta horrela ez bada ere, denbora inondik atera ezinda …
Gure haurrek ere ez daukate guk geneukan lasaitasuna. Zenbat ordu libre izaten genuen guk? Zenbat denbora jolastu eta irudimenari emateko? Gaurko umeek eskola ordu asko izaten dute, eta eskola ordu horietatik kanpo, beste betebehar pila jartzen dizkiegu. Hori gutxi bada, jolasteko izan dezaketen denbora asko pantailei begira pasatzen dituzte …
‘Tribua’ diogunean, ez dugu talde handi baten beharra adierazi nahi, nahikoa da gure haziera eta hezkuntza modua konpartitzen duten konfiantzazko pertsona multzo batekin. Familiakoak edo lagunak.
Haur bat hezteko, tribu osoa behar da
Artikulu honen izenburuari jarraituz, afrikarrek daukaten lema batekin bukatu nahiko nuke: “haur bat hezteko tribu osoa behar da”. Esaldi honek haurra bakarrik heztea zein zaila den esaten digu, eta egia da; bere haurtxoarekin ordu guztiak bakarka pasatzen dituen guraso batek oso ondo daki egoera hau zein gogorra izatera iritsi daitekeen. Ezin da ardura guztia ama edo aitaren gainean ezarri. Gurasoa ezinean dagoenean, gaixo, nekatuta edo tope eginda, diogun tribu edo sare hori beharrezkoa da, eta ez da tamaina inporta duena.
Eta zuk? Zure tribua topatu duzu?
UBUNTU: “NEU naiz, GU garelako
One Comment