Gorputzaren mapa esploratzen
3 urte bete behar zituen alabarekin batera baineran.
– Ama, zuk pototarekin jolasten al duzu?
Galdera hori egiteko toki aproposa zen. Mikrosengundu batez zer erantzun horren inguruko zalantza sortu zitzaidan.
Ama eta pertsona moduan bere eraikuntza pertsonalerako egokia zen zerbait bota nahi nuen, hartara naturaltasuna eta zintzotasunaren bidea hartu nuen.
– Bai maitia, baina ez beti, momentu jakin batzuetan.
Segundo batzuetan uraren soinua besterik ez zen entzun. Ni alabaren aurpegiari begira geratu nintzen. Ta barne bakarrizketan…
“Ondo egin ote dut? Baietz esan diot baina ezetza sartu dut gero. Eneee ezetzaren kontrako teoria ugari daude hortik, ea gaizki egin deten! baina kontua da ez dudala etengabe egiten, momentu jakin batzuetan bakarrik…”
Alaba urari so zegoen kontzentratua bezala.
“Bai bai Nora, egia esan diozu eta kitto. Ez da lotsatzeko zerbait, gure bizitza sexualaren parte da ta! Nola hasi zinen zu ba zure gorputza esploratzen?! Ba hoixe. Ze ederra den alabarekin horrelako konplizitatea edukitzea. Bufa!! bertsosaio batentzako gai ona da hau, jjj.”
Konplizitate horrekin jarraitu nahi nuen eta zera galdetu nion:
– Ta zuk? Pototarekin jolasten al duzu?
– Bai ama, momentu batzuetan bakarrik.
Adi zegoen alaba beraz eta antza berarekin sintonian nengoen edota belaki baten moduan nire hitzak jaso eta bere errealitatera eraman zituen. Galdetzen jarraitu nuen (haurra ni nintzela ematen zuen)…
– Eta zuk nola jolasten duzu pototarekin?
– Kili kili kili kiliiii
“Latza!! ezingo nuke hobeki adierazi” pentsatu nuen eta izugarrizko barne poza sartu zitzaidan.
Pertsona batzuk egoera beraren aurrean nire antzeko erantzuna edukiko zuketen, beste batzuk ordean gaia saihestuko zuten lotsagatik, blokeoagatik edo kontu moralengatik, edota hitzaldi sakonagoa edukiko zuten haien alaba-semearekin.
Benetako pasarte hau txikikeria bat suertatu daiteke baldin eta pertsona baten sexualitatearen lehen urratsen adierazlea izango ez balitz. Eta horra gurasoaren zalantza, ardura, urduritasuna… izango duen erantzunaren harira.
Eta kontuak badu bere garrantzia gainera, haurtxoek eta haurrek poliki poliki haien gorputzaren mapa osatzen joaten baitira. Esploratu gabe geratzen diren zatiak zulo beltz batean bilakatzen dira eta zulo horiek (ezagutza faltaren metafora) haien buruetan ukazio txiki/handi bat sortu dezakete. Gorputzaren atal zehatzaren arabera guzti hau, kasu batzuetan, aurrerago sexualitate aske eta osasuntsuaren oztopo bihurtu daiteke. Beraien gorputzeko mapa osatzeko informazioa bide desberdinetatik jasotzen dute: haien gorputza ukituz, euren gorputza ispiluetan ikusiz, ingurukoen gorputzak eta jarrerak behatuz, usainduz…
Bide horien jorratzean haurra aske uztea inolako epaiketarik gabe eta bidelagun izatea aukera bat da. Izan ere, pertsona bezala zoriontasun osasuntsuaren ikuspuntutik etorkizun hobeago baten alde borrokatzen badugu ere, ezin ditugu helduak izango diren gure haurrak kanpoko eraginengandik (iragarkiak, pelikulak, erlijioak, besteen iritziak…) babestu. Hartara gure kanpoko borrokaz gain garrantzi ikaragarria dauka haur osasuntsuak haztea, haien barne indarra sendotzen laguntzea beraien aukerak bere egin ditzaten eta zoriontasunaren bidetik euren barne sorkuntza garapenetik eraikuntzak sortu ditzaten (kontutan hartuta haien zoriontasuna beraiena dela eta ez duela zertan gurearekin zerikusirik izan behar).
Guraso edo haurraren inguruan bizi garenoi ez gaitzala ardurak blokeatu. Guretzat zein gure gorputzentzat naturala dena askatu dezagun. Lehen urrats hauetan ahal den neurrian modu naturalean eta zintzoki hitz egiten saiatzen bagara aurrerago horrek bere fruituak izango ditu; bai hazten ari den pertsona horrengan, haurrarekin sortzen den erlazioan eta baita helduaren garapenean ere. Utzi diezaiegun haurrei guri irakasten eta hazi gaitezen beraiekin batera.
Bidai on eta osasuntsua izan dezazutela!!