0-56-11Psikologia

Hitz toteltasuna

Zer da?
Toteltasuna hizketa-fluxu arrunta mantentzeko zailtasunean datza, silaba edota soinuen errepikapen azkarra, eta hitz batzuk ahoskatzeko unean blokeoak sortzen dituena. Askotan, tentsio muskular eta estresarekin batera agertzen da, eta elkarrizketa baten normaltasuna apurtzen du. Ez da gaixotasuna, zailtasun bat baizik, baina jasaten duen pertsonari beldurra eta estresa sor diezaioke.

Arrazoiak
Badirudi faktore ezberdinen elkarlotura dela: faktore biologikoak (herentziazkoa izan daiteke, baina oraindik ez da sortzen duen genea zein den aurkitu); faktore neurologikoak (hutsak gertatzen dira mintzairaz arduratzen den burmuineko gunean); eta azkenik, faktore psikologiko eta sozialak.

Noiz agertzen da?
Normalean haurrek 3 urte inguru dituenean azaltzen da, hizkuntzaren garapen prozesua finkatzen hasten denean edota anai/arreba txikiago bat duten haurretan atentzioa eskatu nahian. Horrelako kasuetan, haurrak ez du estresa eta beldurra sentitzen hitz egiterako orduan, eta gainera, ez dira beraien elkarrizketetan egiten dituzten hitzen errepikapenen jabe. 3-5 urte bitartean azal daiteke, eta toteltasun fisiologikoa deitzen zaio. Kasu horietan parte hartzea ez da gomendagarria, haurra arazoaren jabe egin baitaiteke eta horren aurrean elkarrizketetan estresa sortzen hasi, onena kasu horiei jaramonik ez egitea da, horietako oso haur gutxi izango dira disfemikoak (hitz totelak).
Toteltasuna (disfemia) patologikoa izan dadin, haurrak 5 urte baino gehiago izan beharko du, orduan hasierako etapa baten aurkituko gara. 7-10 urte bitartean, mintzairan blokeoek jarraitzen badute, bigarren mailako etapa baten aurrean aurkituko gara, eta orduan bai esan genezake patologia baten aurrean aurkitzen garela, eta irtenbideak bilatzen hasi beharko gara profesionalengana joaz. Gainera, adin horretako haurra bere arazoaren jabe izango da, eta sozialki bere harremanetan nabaritzen hasiko da.

Zer egin?
Hitz toteltasunaren tratamentua oso luzea eta zaila izaten da, ezin dugu pentsatu egun batetik bestera desagertuko direla mintzairaren blokeoak. Tratamentu global eta interdisziplinarra jarraitu behar dugu haurrarekin, psikologo eta logopedaren laguntzaz, eta batez ere, bi profesional horien eta gurasoen elkarlanaz.
Psikologoak gurasoekin lan egingo du, hauek arazoa asimilatzen ikasteko eta honen aurrean nola jokatu behar duten ikasteko.
Logopediak, teknika desberdinen bidez, hitz toteltasuna duen pertsonarekin lan egingo du: artikulazio eta arnasketa ariketa desberdinen bidez, mintzairaren abiadura kontrolatzen erakutsiz, mintzairaren eta elkarrizketen aurrean estrategia desberdinen bidez,  estresa murrizten erakutsiz, eta abar.

Nola jokatu behar dute gurasoek?
Etxean, oso gomendagarria da egoera erlaxatua sortzea, elkarrizketak bultzatuz guraso eta seme-alaben artean. Haurrari hitzegiten utzi behar zaio, lasai entzunez edozein antsietate egoera baztertuz. Gomendagarria da baita ere haurraren mintzatzeko erari jaramonik ez egitea, eta gauzak errepika ditzan ez eskatzea edo lasaitzeko ez eskatzea. Begirada mantendu behar dugu haurrarekin, eta inoiz ez txalokatu zerbait ongi esan badu, blokeo gabe, bestela ebaluatua sentituko da hitzegiten duen bakoitzean.
Errekuperazio prozesua luzea izaten da eta hobekuntzak poliki-poliki ikusten dira, baina sekula ez da etsi behar, eta lanean jarraitu behar da helburuak lortu ahal izateko.

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button