BELDUR ASKO DITUT, ETA ZER? GURASOA NAIZ ETA HARRO NAGO!
Beatriz Ezeiza (Psikolagun)
Hezkuntza arloko profesionalak (irakasleak, psikologoak, pedagogoak, gizarte hezitzaileak … ) noiz behinka beraien kezkak azaltzen dituzte, hainbat gurasok beraien seme-alaben hezterakoan azaltzen dituzten jarrerak direla eta.
Guraso batek baino gehiagok zalantza, kezka eta beldur ugari azaltzen ditu euren seme-alabak hezi behar horretan. Ongi ari ote gara? Ez gaitu, bada, gorrotatuko horregatik? Gogorregi egin ote diogu? Zer esango diot galdera honen aurrean? Ulertzen ote du bere mesedetan ari garela?… Galderak adina kezka, bistan denez. Ulertzekoa da kezka horiek guztiak tarteko, ez da batere samurra izaten guraso horientzat euren seme-alaben heziketaren inguruko erabakiak hartzea.
Egia esan, ez da batere harritzekoa, pertsona bat hezteko ardura gure gain hartuz gero, beldur edo zalantzaren bat edo beste izatea, baina uneoro beldur berari bueltaka eta bueltaka ibiltzea … ez da, nik dakidala behintzat, oso osasuntsua!
Badira, ordea, nola ez, guztiz bestelako kasuak ere: aurreko guraso horiek ez bezala, beste muturreko gurasoak ere, seme-alaben heziketa beste norbaiten gauza edota ardura (eskolako irakasleena edo) balitz bezala.
Ez bata, ez bestea! Aurkeztu berri ditudan bi jokabide edota, nahiago bada, errealitate horien arteko zerbait da, nire ustez, lortu behar duguna. Horretara dator, hain zuzen, artikulu hau. Artikulu honek noraezean dabiltzan guraso horientzako pistak eman nahi lituzke, asmo horrekin idatzitakoa da behintzat. Lagungarri bazaizue, ni pozik!
Ezertan hasi aurretik, gogora dezagun, familia, berez, pertsonarteko harreman-sistema ireki bat dela eta bertan nolabaiteko hierarkia bat finkatzea ezinbestekoa dela. Hierarkia bat finkatzeak, ordea, ez du esan nahi gurasoek autoritarismoz jokatu behar dutenik. Ezta gutxiago ere! Seme-alabek gurasoak errespetuz hartzea da hierarkia horren bidez lortu behar dena. Baina, kontuz! Seme-alabek gurasoak errespetuz hartuko badituzte, ezinbestekoa da gurasoek eurek ere seme-alabak hala hartzea. Osterantzean, jai dugu! Esan nahi baita, elkarrekiko errespetua izaten ez dela teoria edo hitz hutsez irakas- ikasten den zerbait. Teoria horrek eguneroko praktika, jokabide … errespetuzkoak behar ditu bidelagun.
Hasteko, beraz, hori: elkarrekiko errespetua.
Bigarrenik, ezagutu ditzagun zein diren familiak betidanik bete izan dituen bi funtzio nagusiak:
1.- Familiako kide guztien oinarri-oinarrizko beharrak asetzea:
-
Behar fisiologikoak asetzea, besteak beste : gosea, egarria, loa …
-
Ziurtasuna transmititzea: arazoren izan nahiz ez, gurasoek euren beharrak aseko dizkietela jakitea ezinbestekoa zaie seme-alabei.
-
Maitatua eta onartua sentitzea: seme-alabak nahi bezain politak, bizkorrak, sinpatikoak… izan ez arren, maitatuak eta onartuak sentitzeko beharra dute, eta nola edo ahala behar hori asetu egin behar die gurasoek.
-
Baloratua sentitzearen beharra.
-
Autoerrealizatua izatearen beharra: pertsona bakoitzak hazteko bere espazio propioa ere behar du.
2.- Aurreko horiez gain, familiak bertako partaide bakoitzaren autonomia garatzen lagundu behar du eta, batez ere, seme-alabena. Hori bai, gurasoek seme-alabei autonomia garatzen lagunduko badie, ezinbestekoa da aurrez aipatu ditugun oinarri-oinarrizko behar horiek aseta izatea.
Dudarik ez da, zalantzaz beteta dabiltzan gurasoak izan nahiz ez, familiak bete behar lituzkeen bi funtzio horiek bete nahiko dituztela. Askotan, ordea, funtzio horiek behar bezala betetzea oztopatzen dieten bi faktorerekin “topo” egiten dute:
ZIURTASUN EZA ETA BELDURRA:
-
Guraso ona ez izatearen beldurra.
-
Eguneroko bizitzan suertatzen zaizkien oztopo eta egoeren aurrean seme-alabek sufritzearen beldurra.
-
Guraso gisa egin beharrekoak zehatz-mehatz eta ongi ez egitearen beldurra.
-
Seme-alabek gurasoek eurek izan dutena baino gehiago izateko gogoa: ekonomikoki, ikasketei dagokienez …
GURASOONAK DIREN ARDURAK BESTEENGAN UZTEA:
Inkontzienteki bada ere, geureak diren ardurak besteengan uztea, zenbait gurasoren ezaugarri “oztopatzailea” izan daiteke, nolabait esateko.
Ardurak besteengan uzte hori, seme-alabak hezterakoan gurasoek “pelota bestearen teilatuan” uztean antzematen da. Haurra ziur haz dadin, lasai eta gustura senti dadin, funtsezkoa da gurasoek haur horren errutinazko ekintzak errespetatzea: jaikitzeko eta oheratzeko ordua, otordu garaiak, etxeratzeko eta bainatzeko ordua, norekin dabilen, zer egiten duen, zeintzuk gustu dituen, zerk kezkatzen duen … Gauzak horrela, lasai esan genezake, gurasoek ohitu edo egokitu behar dugula seme-alaben ordutegi,beharretara … Eta ez alderantziz.
Guraso izate horrek dakarzkigun zalantza, beldur, oztopo … horiez guztiez gain, ez nituzke aipatu gabe utzi nahi seme-alabak hezteko dauden bi heziketa-molde diferenteak ere, hots, protekzionista eta inhibizionista.
HEZIKETA PROTEKZIONISTA (kezka, zalantza, beldur … asko dituzten gurasoek darabiltena): heziketa-molde honetan, sarri maiz, eurek dituzten beldurrek eraginda eta inkonzienteki jokatzen dute horrela gurasoek. Haurrari den-dena egina ematen zaio. Hori dela arrazoi, haurrak ziurtasun eta iniziatiba eza, autonomia arazoak, autoestimu baxua … izaten ditu.
HEZIKETA INHIBIZIONISTA (erantzukizunak besteengan jartzen duten gurasoek darabiltena): heziketa-molde honetan, bestalde, haurrak “nahi duena guztia“ egiten du. Ez dago araurik, haurrei arreta gutxi eskaintzen zaie … Eta, jakina, guraso askok hori jakin ez arren, “neurrigabeko askatasun” horrek haurrak noraezean ibiltzea eragiten du, eta haurrarengan erantzukizun gehiegi jartzea .
Hortaz, zein da heziketa-molde egokiena? Zer egin behar genuke guraso-lanean sortzen zaizkigun oztopoei behar bezala aurre egiteko? Hona pista edo jarraibide batzuk:
-
Haurraren bene-benetako beharrak, oinarrizkoak, zeintzuk diren argi jakin, horien kontzientzia hartu.
-
Seme-alaben heziketari buruzko irizpide eta helburu argiak adostu.
-
Geuregan konfiantza izan eta posible dugula sinetsi.
-
Ertzeko jarrera eta jokabideak ez dira inoiz onak izan: perfekzionismoa ez da ona izango akaso, baina ezta utzikeria ere.
-
Familiak oreka izan dezan, gurasoek hartu beharreko erabaki guztiak bikotekidearekin adostuta hartzea komeni da. Txarra ere ez, seme-alaben aurrean bikotekide batek besteari autoritaterik ez kentzea ere.
-
Arauak ezartzea ezinbestekoa da haurra osasuntsu eta ziurtasun giroan haz dadin.
-
Adin bakoitzerako exijentzia maila eta autonomiaren garapena ziurtatzea ere, nola ez, garrantzitsua da.
-
….
Orain arte esandakoak laburbilduz bukatzeko, halaxe dio Daniel Goleman-ek “Inteligentzia Emozionala” liburuan:
Daniel Goleman ek dioen bezala “Inteligentzia emozionala liburuan”
“Guraso izateak etxean gidari izatearen erantzukizuna hartzea dakar. Geure seme-alabei beraien buruarekiko kontzeptu sendoa gara dezaten saiatuko gara, haur positiboak, norbere buruan konfiantza dutenak, autodiziplinatuak, adimen sozial eta emozional garatua dutenak. Hori lortu ahal izateko, garrantzitsua da etxetik bertatik besteen emozioak kontuan hartzen eta baloratzen hastea, eta gurasooi oinarri-oinarrizkoak iruditzen zaizkigun baloreak praktikan jartzea.”
BEATRIZ EZEIZA URDANGARIN