BizipenHazierainteresgarriakItxaro Mendizabal Amundarainkolaborazioak

Ametsak eta AMETSAK

Arikuluaren egilea: Itxaro Mendizabal Amundarain

Artikulu hau aurretik gune honetan argitaratu da:

Goiberri aldizkaria (2015/10/09): http://goiberri.eus/ametsak-edo-ametsak/

Gaur ere pasatu zait, ametsetan nengoela esnatu eta errealitatea eta ametsaren artean bereiztea kostatu zait. Gauzak nola diren konturatzean ordea, berehala saiatu naiz berriro ametsari eusten, hain gustura nengoen beraiekin hizketan, beraien besarkadak sentitzen nituen, beraien goxotasuna… baina ez…ezinezkoa izan zait berriro amets goxo horretara itzultzea. Burua nola den, gau batean atzera itzultzeko aukera ematen digu, bizipenak berreskuratu eta galduta duguna bizitzeko aukera. Pena ezin dugula ordenagailu bat bezala programatu!

Programatu ahalko balitz, gauero sentitu ahalko genuke ez daudenen presentzia, gauero izango litzateke gurekin ez daudenekin egoteko aukera berri bat. Hala ere, hau horrela balitz, bat baino gehiagok lo jarraituko luke kasu hauetan, etenik gabeko lo goxo batean….

Eskerrak esnai gauden bitartean amets egiteko aukera ere badugun. Zer litzateke egunerokotasuna ametsik izango ez bagenu?

Ametsek aurrera jarraitzen laguntzen digute. Indarrik gabe gaudenean, etorkizunari gogor eusteko aukera berri bat dira. Ametsak dira gure ‘zergatia’.

Bizitzari benetako zentzua eman nahi badiogu, pertsona bakoitzak gure arrazoiak bilatu behar ditugu. Gure ametsa zein den zehaztu behar da. Nolako pertsona izatea gustatuko litzaigukeen ikusi eta bizitza zoriontsu bat izateko benetan behar duguna zer den identifikatu behar dugu. Amets hauek ez dute beti berdinak izan behar, denbora pasatu ahala aldatzen joan daitezke. Guk ere eboluzio bat jasaten dugun bezala, gure ametsek ere gurekin eboluzionatu behar dute.

Bizitza honetan ditugun sufrimendu, beldur, neke eta estresak errazago gaindituko ditugu amets bat izan, eta beragatik borroka egiten dugun momentuan.

Amets bat, proiektu bat, aurrera ateratzeko indarra, ez dagoen lekutik ateratzen da. Gainera, gauzak nola diren, amets horri forma ematen hasten zaren unean, gauzak bakarrik doazenaren sentsazioa izango duzu. Zoriontasunak zoriontasuna erakarriko balu bezala. Espero ez duzun gauzak gertatuko direla ikusiko duzu, dena zure amets horri forma emateko bidean.

Bizitzan zehar denok ditugu momentu txarrak. Momentu horietan dugun indar apurra galdu eta desesperazioa agertzen da. Momentu limiteak dira. Baliteke gure lan postua galdu izana, bikote harreman bat puskatzea, familian arazoak izatea, asko maite duzun pertsona bat galtzea… momentu horietan, beheraino erori garenean, altxatzeak merezi ez duela pentsatzen dugu. Munduko pertsonarik zorigaiztokoenak garela sentitzera ere irits gaitezke, gure bizitzak zentzurik ez duela eta agian bertan egongo ez bagina hobea litzatekeela. Momentu horiek dira gakoak. Gauden kiribil suntsitzaile horretatik atera nahi badugu, aurrera jarraitu ahal izateko hiru arrazoi bilatzea ezin bestekoa da. Lurretik altxatu eta aurrera jarraitzen lagunduko diguten hiru arrazoi hauek bizitzan gure betebeharra zein den definitzen lagunduko digute. Hiru arrazoi hauekin aurrera jarraitu ahal izateko proiektu bat ‘sortu’ behar dugu.

Proiektu hau izango da gure ametsa.

Gizakiak ezin bait du itxaropen edo ilusio gabe bizi.

Hala ere kontuz ibili behar gara. Amets bati forma ematen hasten garen unean, beti agertuko baitira ‘amets-lapurrak’.  ‘Amets-lapur’ hauek zure ametsak eta itxaropenak lapurtzen saiatuko diren pertsonak dira. Eta ez dute zertan etsaiak izan behar. ‘Amets-lapurra’ ondoan duzun, eta asko maite zaituen, familiako edo lagun bat izan daiteke. Ez du helburu gaiztoa izan beharrik ere. ’Amets-lapurrek’ zure ametsa utopia bat dela esango dizute. Ezingo duzula lortu, ezinezkoa dela. Ilusioak ez egiteko eta amets hori izateagatik erotuta zaudela ere esango dute.

Ez utzi inori zure ametsak lapurtzen. Ez utzi inori amets bati forma eman ezin diozula esaten. Benetan sinisten baduzu, ametsa errealitate bihurtuko da, eta zure bizitzak beste argitasun bat izango du.

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button