Euskararekin ere, gu gara eredu!
2016/03/30 Jone Areta Urrestaratzu
Abenduaren 3an ospatzen ohi dugu Euskararen Nazioarteko eguna, baina urteak 365 egun ditu eta egun bakoitzak 24 ordu izanik, urtean aukera ugari dugu euskararen mesedetan lan egiteko.
Gure seme – alaben hezkuntzan, gu gara eredu. Gu gara eredu balioak transmititzeko orduan, mugak ezartzeko orduan, eguneroko ohiturak finkatzeko orduan … baita gure hizkuntzaren ikaskuntza eta erabilerari dagokionean ere.
Jarrera bat ohitura bihurtu ahal izateko, ezinbestekoa da jarraipena eta errepikapena. Gure seme – alabak euskaraz bizitzea nahi badugu, egunero eman behar diegu halaxe izan ahal izateko aukera. Guraso euskaldunen artean, erraza da gure seme – alabekin euskaraz komunikatzea, baina harago joan nahiko nuke. Euskara ez da bakarrik gure arbasoengandik jasotako hizkuntza. Euskararen baitan kultura, bizi modua, ohiturak, … herri bat dago. Euskara gure seme – alabei ematen diegun altxor bat da eta duen balioa eman behar diogu. Gu gara eredu!!
Gure seme – alabak euskaraz bizitzea nahi badugu, beraiekin euskaraz hitz egiteaz gain, gu ere euskaraz bizi behar gara. Euskaraz lanean, kalean, etxean, … eremu guztietan. Gu gara eredu!!
Badira bikoteak, biak euskaraz dakitenak eta biak euren seme – alabekin euskaraz aritzen direnak baina beraien artean erdaraz hitz egiten dute, baita inguruko jende gehienarekin ere. Euren seme – alabek euskara ikasi behar dutela argi dute, baina ematen ari diren ereduarekin koherenteak dira? Euren helburua euskara ikastea bada, bai. Baina euren helburua, euren seme – alabak euskaraz bizitzea bada, ez. Gu gara eredu!!
Beste kasu batzuetan, gurasoetako bat da euskaraz ez dakiena edota biak. Baina euskaraz ez jakiteak ez du esan nahi euskararekiko jarrera baikorra ezin duzunik izan. Gure seme – alabengan euskararekiko maitasuna landu behar dugu ere eta hau erdalduna izanik ere egin daiteke. Gu gara eredu!!
Gure seme – alabak kaletik agurtzen ez duelako haserretzen gara, baina guk bizilaguna ez dugu agurtzen. Gure seme – alaba lagunekin erdaraz aritzen delako haserretzen gara, baina gu ere erdaraz aritzen gara koadrilan. Zertaz harritzen gara? Gure seme – alabarekin haserretzeko eskubiderik ba al dugu? Nik uste ezetz. Gu gara eredu!!
Euskara maitatzearekin ez da nahikoa, euskara gozatzen ere jakin behar dugu, eta ez data, momentu edota ekintza zehatzetan soilik. Gure seme – alabek euskaraz bizitzeko aukera eta eskubidea merezi dute, eta aita edota ama bezala, gure seme – alaben eskubideak defendatu beharrean gaude.
Nire semeari esaten diodan bezalaxe, “euskaldunok euskaraz egiten ez badugu, nork eginen du bada?“
“Eta zer gertatuko litzateke euskararekin? Guk euskara maite dugu eta euskaraz bizi gara, baietz ama?” erantzuten dit berak.
Gu gara eredu!!