NAIZENAREN IZENEAN-EKAITZ GOIKOETXEAk MIKELE GRANDERI EGINDAKO BERTSOAK
NAIZENAREN IZENEAN
1.- Nahiz gaitzitu elikagai
transgenikoak jateak,
duintzen gaitu transporte
publikoan joateak,
transplante bankuei gure
organoak emateak,
transatlantikoetatik
bueltan dakargun bakeak…
Behin finduta maileguek
ezarritako kateak,
ia trans denei zabaldu
badizkiegu ateak,
zergatik beldurtzen gaitu
transexualitateak?
2.- Irudikatuagatik
zerumuga bete zume,
zorionera bidean
daude hainbat bihurgune;
garatxo bat, bi orezta,
hiru bereizgarri xume,
bestelako izatetik
inor ez dago immune.
Sentimenduak gorpuzten
bazaizkigu unez une,
ta ume bat hori bada,
ume soilik, soilik ume,
zergatik izan behar du
gizon edo emakume?
3.- Bere oinarri, zimendu,
arrakala ta itute,
guztiok gorputz batean
hartu ohi dugu arkupe;
Ekhi, Ilargi, Haizea,
Olatz, Telmo, Guadalupe…
gurasoek hautaketa
tematian dihardute…
Neuk bizi izandakoa
azaleratu nahi nuke,
jaiotze hutsak bizitza
baldintza diezaguke
izan aurretik izena
jartzen baldin badigute.
4.- Eguneroko malkarrak
zelaitzeko afanean,
hainbat erakunde gogor
aritu arren lanean,
belaunaldiz belaunaldi,
denboraren joanean,
gaurkotu ezinik darrai
orainak iraganean.
Amets biluziak baino
ez al gara azkenean?
Sumendi txiki bat lehertzen
zaigu bihotz barrenean
zakila edukitzea
alukeria denean.
5.- Ez banaiz nahi bezain malgu
ta uste bezain baldarra,
gimnasia orduetan
zer naiz eme edo arra?
Non bilatu behar diet
nire hegoei iparra?
Zenbateraino zabaldu
behar nuke irrifarra?
Nola baretu dezaket
ingurukoen marmarra?
Mozorroa al da nire
aterabide bakarra?
Itxuraz trata nazaten
itxurak egin beharra?
6.- Ausardia aski denez
adjektiboak puzteko,
egunean bat berritzen
didate batez besteko,
afeminatu, belaxka,
maritxu begi tristeko,
ukabilak ere nekez
bihurtzen dira bosteko.
Ezinbestean aditza
soilik da ezinbesteko,
lotsagorrituko ditut
hamaika handiusteko,
nor izaten naizenean
zer naizen erakusteko.
7.- Erregistro zibilean
sarri jo dugu aldaba,
baina han ere ipini
dizkigute hainbat traba;
ezin al liteke izan
seme jaioa alaba?
Nortasun agiria hain
garrantzitsua al da ba?
Garenak mintzen bagaitu,
ta minarenak bagara,
nola izango diot neu
izateari ikara?
Berdintasuna ezberdin
bizi ahal izatea da.
8.- Guraso, psikologo ta
espezialista baten
aholkupean ari naiz
prozesua eramaten;
hormonek bere fruituak
eman dituztenez aurten,
ea ebakuntzak ere
lagundu diezadakeen!
Aldaketak aldaketa
ta garapena garapen,
segi nahi dut nire barne
bulkadei leial izaten,
Mikel ikusten zutenek
Mikele ikus dezaten.
DOINUA: ETAren su-etenetik.
EKAITZ GOIKOETXEA