Uncategorized @eu

9:29

eguneroargitzenduelako blogean argitaratua, 2017ko irailaren 29an (19 urteurrena)

Askotan pasatzen zait, ia egunero. Goizetan erlojuari begiratu eta hortxe dago.. 9:29. Berdin du mugikorra izan, sukaldeko labeko erlojua edo mikrouhin labearena. Badirudi ‘norbait’ dantza ixil batean atzetik dabilkidala, zenbaki horiek, data hori, ahaztu ez dezadan…

Nola ahaztu gaur 19 urteko irailaren 29 hura…nola ahaztu beraien besarkadak, beraien begirada… Nola ahaztu urte guzti hauetako sufrimendu eta hutsunea.

Gaur, Aralarko Sugaar haitzulora itzultzen zen eguna omen da, San Miguelek (Done Mikel, euskara jatorrean) hil zuen herensugea. Urte guzti hauetan San Migueli barkatu ezinik ibili naiz, herensugea ez ezik gurasoak ere eraman zituela eta.

Esan beharra daukat ez naizela fededuna.. baina San Miguelekin badut halako zerbait… barruak ondo mugitzen dizkidan herensuge txiki bat edo..

Kostata baina azkenean barkatu diot, badira urte pare bat bera eta ni lagun egin garela. Berari barkatzeko ordea, aurretik lan asko egin behar izan dut. Hasteko nire buruari barkatu behar izan diot. Urte askoan barruan nuen ‘nik hil ditut’ esaldi horri buelta eman diot, kostata, baina ulertu dut ez zela nire errua izan. Egia da niregatik joan zirela Donostiara, egia da gaixo egon ez banintz ez ginela egun horretan medikuaren kontsultara joango, egia da baita ere ni kotxe horretan itzultzekoa nintzela…

Baina egia da baita ere, gertatzen diren gauza asko ez daudela gure esku;  gertaera horiek eragiten digutenabai ordea. Askotan errazena gure burua zigortzea izaten da. Karga gure gain hartu eta sufrimendua justifikatzen dugu. Honela, pasatzen zaigun guztia merezi dugula sinestuz. Urte asko pasatu ditut horrela. Urte guzti hauetan eraman dudan motxilak ikaragarrizko pisua izan du, eta nik pisu gehiago gehitu izan diot.

Motxila hori hustu ahal izatea gertatu zaidan gauzarik hoberena izan da. Beste pertsona bat naiz orain. San Miguelek egin zuen bezala, nik ere kateak puskatzea lortu dut, iraganarekin nituen kateak. Orain sufrimendurik gabe atzera begiratu dezaket, tristura handiaz batzuetan eta harrotasunez bestetan. Mundu honetan izan genitzakeen gurasorik hoberenak izan ditugu eta.

Izan zirelako gara.

Urruti zaudete eta zaila da

gu zuengana iristea,

hainbeste maite zaituzten batzuentzat

a zer nolako gauza tristea!

Alegera bakarra daukagu,

ametsetan sinistea.

Zuek ikusteko noiznahi aski dugu,

gure begiak istea.

Ama, aita, maitte zaittuztegu!

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button