Itxaro Mendizabal Amundarain

29097

GOIBERRIN argitaratua 2017/11/24

Itxaro Mendizabal Amundarain

Eutsi Itxaro! Eutsi! – hori izan zen aurreko igandean behin eta berriz nire buruari esan niona. Oraindik ezin sinestu nabil han izan nintzela. Beti kanpotik ikusi dudan gauza bat izan da Behobia-Donostia lasterketa, niretzako lortu ezina. Ikaragarria da txiki-txikitatik barruraino sartzen dizkiguten mezuek nolako eragina izan dezaketen. Ez gara kontziente gure hitzek norainoko mina egin dezaketen. «Zuk nola egingo duzu ba hori?», «Ez duzu horretarako balio, neska!», «Ez zaitez saiatu ere egin…»

Nik mezu bat erabat sinistua neukan. Haur gizena izanik, patosa xamarra, kirola egiteko balio ez nuela, gai ez nintzela, sinestarazi zidaten. Nork? Gizarteak, eskolak, inguruek, orduko hainbat egoerek… Urteak eman ditut horrela. BehobiaSS lasterketan ateratzeko erabakia erronka moduko batetik etorri zen. Urtero lasterketa hori kanpotik ikusten nuen, eta erdi-brometan (ez bainintzen hori egiteko gai ikusten), hirugarren haurra izan ondoren edo 40 urte bete aurretik lasterketa hori egingo nuela esaten nuen. Hirugarren haurra izatea aspaldi baztertu genuen eta izan dut denbora 40 urte bete aurretik egiteko… baina a ze kasualitatea, aurten 40 bete ditudala eta Behobia egiteko arroza pasa zitzaidala. Aitzakia hori hartuta, bularreko minbizia gainditu eta Behobia-Donostia egitea lortu zuen Maite Olea-rekin eta Behobia behin baino gehiagotan egin duten X. Euzkitze eta nire bikotearekin elkarrizketa bat hasi nuen martxo aldera. Nik lasai asko esan nien dagoeneko ezin nuela egin, 40ak uztailean beteko nituela eta! Hori esan bezain pronto erronka moduko bat jaso nuen bueltan eta nik, oso kontziente izan gabe, onartu. Onartu bai, baina sinestu ez.

Martxotik abuztura, oinez kilometroak egiten hasi nintzen. Eta abuztu erditik aurrera korrika. Inoiz kirola egin gabe, eta 20 urte gorputza matxakatzen pasa ondoren, aurreneko gauza muskuluak banituela konturatzea izan zen! Korrika hasi nintzenean gorriak ikusi nituen. Aurreneko asteetan, ez nintzen gai kilometro bat segidan korri egiteko. Gorputzeko alde guztietan minak nituen eta nire txikitako mezuak garbi-garbi agertzen zitzaizkidan egunero. Hala ere, nik aurrera, minak pasa ahala berriro ateratzen nintzen korrika egitera, eta poliki, 7 Km egitera iritsi nintzen. Irailean erronka honetako aurreneko proba iritsi zitzaidan, Josetxo Imaz lasterketa. 10 Km. Lasterketa egunean nituen nerbioak ezin ditut orain deskribatu. Ez neuzkan denak nirekin. Nahiz eta aurreko egunetan kapaz nintzela ikusi, lasterketa barruan zalantzak etorri zitzaizkidan. Baina bukatu nuen. Gaizki pasata, baina amaierara iritsi nintzen.

Lasterketa hau egin ondoren, berriro korrika hasi nintzen, baina 10 kilometroz harago egitea niretzako oso gogorra zen. Gorputzeko minak eta nekeak, sinesmenak eta akojonoak medio, BehobiaSS eguna baino hilabete lehenago, gai izango ez nintzela eta, egingo ez nuela erabaki nuen. Lagun bati komentatu nion eta etxera iristean email batean, tokatu zitzaidan dortsalaren zenbakia: 29097. Bihotzak buelta eman zidan, ezin nuen sinistu.. berriro hor zegoen, San Migelen zenbakia. Irailak 29, gurasoen heriotza eguna. Egin beharra neukan. Gorputzak zuen ohitura falta eta astakilo izatearen ondorioz, bi egun beranduago lesionatu ez nintzen ba!… eta 2 astez geldi egotea tokatu zitzaidan. Ez dakit dortsala izan zen, gurasoak izan ziren, nire barruko indarra izan zen, baina lasterketaz gozatu nuen. – Eutsi! Itxaro, eutsi!- esaten nion nire buruari, eta eutsi nion, eutsi, eta bukatu nuen. Iristean egin nuen negar saioa ere lasterketa adinakoa izan zen. Inoiz pentsatu ez nuena egitea lortu dut eta. 20 Km korrika, eta puskatu gabe.

Ezina, ekinez egina. Egunero dugulako erronka berriei aurre egiteko aukera. Denok dugulako erronka horiek gainditzeko indarra.

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button