Gurasoei Gutunattk-mundura

V. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Helduen kategorian irabazlea

Donostia, 2017ko azaroaren 24a

Aita:

ZORIONDU EGIN BEHAR NAUZU!!!

Gogoratuko duzu, zuekin bazkaltzen izan nintzen azkenekoan,  gurasoentzako gutunen lehiaketa baterako izkribu eder bat idatzi nuela kontatu nizuela…

Ba, bihar izango da sari banaketa, Beasainen.

Gaur goizean, etxeko lanak egin ondoren jakin dut. Badakizu, nik, alaba txintxoa legez, gure amak erakutsi zigun bezain ondo antolatzen dudala eguna: lehenengo etxea txukundu dut, janaria prestatu dut, sukaldea ederki garbitu, amak Gaztela sakoneko kastillanoz esango zukeen bezala “como los chorros del oro” utzi dut…eta  lehen mailako lan guztiak bukatu ondoren, aisialdia. Ordenagailuaren aurrean eseri eta piska bat kuxkuxeatzeari ekin diot.

Hortxe topatu dut: GURASOEI GUTUNA, SARI BANAKETA AZAROAREN 25ean. Banaketa, beraz, bihar da.

Antolatzaileak ez dabiltza oso fin, banaketa bihar izanik oraindik ez baitidate deitu irabazi egin dudala jakinarazteko. Zu bezalako despistaturen bat ibiliko da antolaketa lanetan, ama bezalako emakume fina ondoan izateko zorte ona izan ez duena!!!

Dena den, eskerrak, ni emakume zuhurra naizen, aurre hartu diedan eta egoera kudeatu dudan.

Saria bi pertsonentzako bazkari oparoa da.

Zuek goza dezazuen nahi dut. Merezi duzue-eta!

Familiaren errezetategiko urrezko platera den arrain-zopa paregabea prestatzen arratsalde luze ugari pasa dituzue, salda maitasun usaiez zipriztinduz. Oraingoan dotore jantzi eta arrain-zopari “Itsasoko baratzeko harribitxi krema, xigortutako ogi koxkorrez salteatua, txirla maskorren ohe baten gainean” deitu iezaiozue, eta beste batek presta dezala!

Lizentzia txiki bat hartu dut eta jatetxea nik neuk aukeratu dut. Jadanik Arzakera deitu eta erreserba egin dut. Harritu xamar geratu dira lehiaketako antolatzaileek oraindik ez baitiete abisurik pasa. Baina azaldu diet, 80 urte pasako jendearekin ez dagoela azken momentuan korrika eta presaka ibiltzerik, negua gainean dugula eta Euskalmeten esanetara bizi garela herrialde honetan, beraz, eguraldi ezin hobea iragarri duten azaroaren 30erako, osteguna, egin dut erreserba. Ez dezazuen katarro txar bat harrapatu. Kotxea ere ez dugu hartuko bazkaltzera joateko, nahikoa bidaia egin zuen amak 17 urterekin Ciudad-Realetik Euskal Herrira etorrita, orain 85 urterekin etxe ondoan goxo-goxo ezin bazkaltzeko. Gainera ama mareatu egiten da…bai aita, oraintxe zure ezpainetan irribarrea ikusten ari naiz, zure irribarre adarjotzaile jostagarri hori… hipokondriako hutsa izatearen ondorioa bada ere, eta gure arteko makina bat txantxen oinarri, ama kotxean sartu orduko zorabiatu egiten da.

Ostegun batean hartu dut, jende gutxi egongo da, lasai eta diskretu, zuri gustatzen zaizun bezala. Mantxatar airosak 60 urtetan ez du haren atrebentziaz Aiako baserritarra kutsatu, eta ez dizugu jite lotsatia hilabete eskasean aldatuko. Ezta nahi ere. Apal eta zentzudun maite zaitugu, familiako oreka, beti bezala.

Amarentzako sorpresa izan dadin. Kanpora bazkaltzera zoaztela esan, baina nora zehaztu gabe. Seguru apain-apain jarriko dela gure panpoxa, begiratu guztiak bereganatuko ditu, eta zu harro-harro joango zara haren besotik.

Paseo eder bat duzue Zabaleta kaletik Mirakruz gainaraino, txalet dotoreetako pasealekua zeharkatuz…eta amesten. Haietako etxe batean bizi ginela amesten genuen eskolarako bidean, eta gurea umila izan bada ere, ez diozue inoiz gure irudimenari hegorik ebaki, eta ametsetik ametsera bidaiatu ahal izan dugu zuen eskutik, batzuk egia bilakatu diren arte, bizitzari kemenez aurre egiten erakutsi diguzuelako.

Alfonbra gorria eskatzea gehiegitxo iruditu zait, irailean Zinemaldira datozen aktore txatxu horiek baino askoz gehiago merezi baduzue ere. Zuek bai benetako izarrak, gure Jon Vaine eta Mauren Ojara partikularrak. Bizitzako tragikomediako protagonista nagusiak. Zuen bizitza. Gure bizitza. Zine izarrek istorioak kontatzen dizkigute, publikoak epopeiak izaten ditu gustuko… Ba al dago zure jaioterria atzean utzi, gazte-gazte urrutira zerbitzera joan, maitemindu eta apal-apal baino adoretsu beti, lau seme-alabetako familia aurrera ateratzea baino istorio hunkigarriagorik?

Gutunari buruz mesedez ez galdetu… Adineko zuen ajeak puztu behar izan ditut. Ulertuko duzue, ezinbestekoa zen. 80 urtetik gora, gazte, pertxenta, autonomo…egotea ez da ohikoa, ez du balio literario handirik eta gaitz batzuk asmatu beharrean aurkitu naiz. Zahartzaroko dementziak jotako bikote maitagarri bat asmatu dut. Amari ez dio batere graziarik egingo, badakit, ez du umore-senik. Harro kontatzen diet nire ikasleei beraiek ezin ebatzi ibiltzen diren sudoku madarikatuak gure aitak, dagoeneko agure bat denak,  amen batean argitzen dituela, nire semeek munduko amonarik aurrerakoiena dutela… baina oraingoan tragedia apur bat behar nuen epaimahaikideei malkotxo batzuk lapurtzearren…sari banaketara etortzekotan zuek disimulatu…

Ez dakigu oraindik benetan saria irabazi dudan, Arzaken bazkalduko ote duzuen…baina tira, tarte bat elkarrekin amesten pasa dugu berriz ere. GOZAGARRIA IZAN DA.

BESARKADA ESTU-ESTU BAT!

AMETSAK EGI BILAKA DAITEZELA…ORAIN ETA BETI

ZURE ALABA,

MARIA.

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button