Itxaro Mendizabal Amundarainkolaborazioaknabarmenduak

ZE ONDO GAUDEN…

GOIBERRIN argitaratua 2018/01/19

Itxaro Mendizabal Amundarain

Konturatzerako urte berrian sartu gara; aurreneko hamabostaldia ere joan zaigu. Urtea helburu berriekin hasten omen da. Batzuk kiroldegiko saioekin hasiko dute, beste batzuk zerbait berria ikasteko gogoarekin, beste batzuk, agian, bere buruari zin egingo diote inguruan eta etxean duten kaosa gutxituko dutela… edo agian beste batzuk bizitza berri bati ekingo diote. Proposamen berrien garaia da, faszikuluka banatzen dituzten kolekzio horiek hasteko garaia. Hasi… eta, askotan, ez bukatzekoa. Zenbat helburu on geratuko ote dira bidean… zenbat ilusio edo amets zakarrontzian.

Urte berriak ilusio berriak dakartza, gure esku dago ilusio horiek errealitate bihurtzea edo ez. Honela esanda, erraza dela dirudi, baina ez. Ilusioak errealitate bihurtzeko adorea behar da, barruko indarra, norberarengan sinestea eta bakoitzarekiko konpromisoa eskatzen du. Ez da egun batetik bestera lortzen den gauza bat. Borroka jarrai bat da.

Nik baditut 2018rako amets batzuk. Oraindik forma erabat hartu ez duten arren, badakit gutxi gora behera nondik joan nahi/behar dudan amets hauek errealitate bihurtzeko. Ez dakit aurtengo urtean dauzkadan guztiak beteko diren, baina nik indarra dagoeneko horretan jarri dut. Nik ez badut nire ametsak betetzeko lan egiten, nork egingo du ba? Saiatzen ez banaiz, badakit ez dudala ezer lortuko.

Aitortu behar dut… Ez nuen 2017. urtea bukatzea nahi. Hain urte ona, berezia, indartsua izan da… 2018 honek bertigo pixka bat ematen zidala. Gainera, 2018. urtean sartzeak 1998.etik dagoeneko 20 urte pasa direla ohartzera narama. 20. Zenbaki potoloa. 20 urte gurasoak istripua izan zutenetik. 20 urte gure mundu hau hankaz gora jarri zitzaigunetik. Badakit gai honekin pelma xamarra naizela, baina nola kendu bat-batean hainbeste urtean gainean eraman dugun karga? Horretaz hitz eginez ez bada? Hitz egitea, idaztea, kantatuz, dantzatuz adieraztea… berdin da nola, baina atera behar da. Barruan gordetzen dena enkistatu egiten da eta enkistatzen bada mina dakar, benetako min bizia.

Hain urte berezia bukatu nahi ez eta borroka horretan nenbilela, gorputzak planto egin dit. Hainbeste entzuten den gripea harrapatu dut. Bueno, gripea ez… oraingoan nik hartu dudana gripe guztien ama izan dela zalantzarik ez dut. Eguberrietako opor zoriontsu-zoragarriak ohean pasa ditugu. Bestela ere Eguberriak gustatzen ez bazaizkit, oraingoan pasa ditugunak are gutxiago. Etxean bata bestearen atzetik erori gara, arraindegiko zenbakidun txartel bana izango bagenu bezala… eta eskerrak, txandak errespetatu ditugun!

Badakit oso entzuna dagoela… baina ez gara konturatzen ze ondo gauden, gaizki gauden arte. Nolako altxorra den osasuna. Loteria toka dakizuke, maitasuna izan zenezake…baina osasunik ez baduzu, akabo!.

Osasun fisikoa, emozionala eta mentala, horiek bai benetako 3 altxorrak. Osasunik gabe oso zaila da hasieran aipatu ditugun amets horiei forma ematea.

Egoera guztiek ikasketa bat dute atzean. Niri oraingo ama-gripe honek zera gogorarazi dit: zein garrantzitsua den gelditzea. Erraza dirudien arren, kostata egin dudan gauza izan da. Nire buruari lehentasuna eman. Gelditzeko aukera eman buruari, atseden fisikoa eskaini gorputzari eta emozioei ere, bake pixka bat eman. Deskantsatu, egon, besterik gabe, egon.

Indarrak hartzeko aprobetxatu dut. Ondo etorri zait gelditzeko aukera hau eta prest nago aurtengo erronkei aurre egiteko.

Ze ondo gauden…. Ondo gaudenean!

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button