amatasunaamatasunaEmbarazoEmbarazo

Amak dira erditzean protagonistak

Zorionez, gaur egun nabarmen gutxitu dira halako kasuak: «Emakumea, haurdun geratzen denetik umea izan arte, oso kontrolatua dago. Horri esker, arazo ugari saihesten dira. Garai batean, asko eta asko erditzera baino ez ziren etortzen erietxera. Orduan egiten zitzaizkien diagnostiko guztiak: fetua nola zegoen, nola kokatua zegoen, handia edo txikia zen...».

Egun, aldez aurretik egiten zaizkien proba guztiez gain, erditzera iristen direnetik, jarraipen zorrotza egiten zaie: «Kontrol gela bat dugu, eta handik, dilatatzen ari diren sei emakume kontrolatzeko aukera dugu, telebista bidez. Gainera, txosten ugari ekartzen dituzte». Halaber, jaio bezain laster, gela berezi batera eramaten dute haurra. Han, osasun azterketa zabala egiten zaio: «Erietxe askotan, gela hori kendu egin dute, baina guretzat oso garrantzitsua da. Dena den, helburua haurra eta ama ahalik eta denbora gutxiena banatzea da. Horrek asko laguntzen du edoskitzean».

Emakumeen zorroztasunak bultzatuta, beste hamaika berritasun eta aurrerakuntza izan da emaginen lanbidean. Esanguratsuenetakoa anestesia epiduralaren erabilera izan da, Fernandezen ustez: «Erditu aurretik izaten diren uzkurduren ondorioz mina izango duten arren, ondoren anestesia jarriko dietela jakiteak asko lasaitzen ditu. Ez dira hain beldurtuak etortzen. Duten kezka bakarra ondo aterako ote den izaten da».

Bestalde, emakumeen prestakuntza hobea da: «Haurdunaldiari eta erditzeari buruzko liburu eta aldizkari ugari irakurtzen dituzte. Gainera, guk ere erditzerako prestatzeko eskolak ematen ditugu. Asko dakite, amek. Horrek asko erraztu du emaginaren eta amaren arteko komunikazioa. Den den, profesionalak ez, haiek dira erditzean protagonistak». Emaginek ere asko ikasi behar izan dute: «Etengabe ari gara prestatzen, bai praktikoki, eta baitateorikoki ere. Izan ere, hau ez da ofizio bat, lanbide bat baizik». Horri esker, emagina gai da erditzean bakarrik egoteko: «Gerta daiteke gela guztiak beteta egotea eta bakarrik moldatu behar izatea. Dena den, ohikoena laguntzaileren bat izatea da». 12 erditze inguru izaten dira egunean Donostia Ospitalean, eta horietan laguntzeko 30 emagin: «Kopuru polita da, baina orain gutxi arte gabeziak izan ditugu. Izan ere, espezialitatea kendu zuten urte batzuetan. Beraz, zaila zen emaginak topatzea». Gainera, immigrazioari esker, jaiotze tasa handituz doa, eta lan mordoa izan dute: «Etorkizuneko lanbidea dela esan daiteke».

ARGITU GABEKO GAUZAK. Aurrerakuntzak eta berritasunak izan arren, oraindik ez dakite zergatik gertatzen den erditzea: «Badakigu amak uzkurdurak dituela, eta mingarriak direla; baina ez zergatik gertatzen diren. Hori dela eta, ez diegu zehazki esaten haurra noiz jaioko den». Bestalde, ez dute lortu uzkurdurek sortzen duen min hori arintzea: «Anestesia jarri aurretik pasatu beharreko gauza da. Hori igaro arte ezin dugu ezer egin. Agian, etorkizunari begira lortuko dugu hain mingarria ez izatea. Baina, oraingoz, zail ikusten dut». Denbora hori, gainera, ez da beti bera izaten. Hori bai, egun bat baino gehiago ezin da luzatu. Bestela, erditzea behartzen dute. Umeak edo amak arazoren bat izanez gero, berriz, zesarea egiten diote amari: «Azkenaldian zesarea kopurua jaistea lortu dugu, eta oso pozik gaude. Amentzat askoz hobea da hori. Azkarrago osatzen dira».

Duten beste erronketako bat aurreratzen diren erditze kopurua murriztea da: «Oraingoz, ez dugu lortu kopuru hori murriztea». Emakumeek duten bizimoduak zerikusia du horretan: «Gehienek lan egiten dute, eta pixkanaka gero eta kargu garrantzitsuagoak dituzte. Horietan presioa handia izaten da, eta horrek ez du askorik laguntzen». Halaber, garai batean askoz babestuago zeuden: «Bikotekidearen laguntza dute batez ere. Horretan urrats handiak egin dira. Gaur egun aita gehienak egoten dira erditzeko orduan».

Beste aldaketa esanguratsua edoskitzea izan da. Izan ere, ama gehienek bularra ematen diete umeei. Beste esparruetan bezala, gauzak aldatuz doaz horretan ere.

 

AINARA ARRATIBEL – Donostia

2006-05-12

http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2006-05-12&orria=056&kont=007


Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba