Oparipuina: Zure eskutik (euskara)

 

Joan da Nora korrika amarengana kezkatuta.

-Ama, amama sendatuko da?

-Bai, laztana, lasai… Egon hemen eserita, bai? Medikuarekin hitz egin behar dut.

 Arene badoa medikuari galdetzera.

-Kaixo, Arene naiz, gaixoaren alaba. Nola joan da?

-Ondo, ondo atera da ebakuntza, baina itxaron egin behar dugu. Ikusi egin behar nola esnatzen den. Laurogei urte ditu eta, badakizu…

-Bai, badakit… baina emakume kementsua da. Bera bakarrik arduratzen da etxeko lanez, ez du nahi izaten inork laguntzerik. Aita eta ama beti bizi izan dira bakarrik.

-Badakit, bai… kontatu dit zuen aitak…

-Eta onik ateratzen bada… ondo jarriko da?

-Baliteke, baina ezin dizut seguru esan. Adin hauetan kosta egiten da errehabilitazioa.

-Baina oso saiatua da eta aita ondoan badauka, lagunduko dio.

-Zorte ikaragarria duzue horrelako gurasoekin.

-Bai,…

-Eta orain barkatu, mesedez, beste ebakuntza bat daukat.

-Jakina, segi lasai eta eskerrik asko.

-Esnatzen denean etorriko gara abisatzera.

-Ederki…

 

Arene hurbildu da alabarengana berriro.

-Zer, ama? Zer esan dizu? Sendatuko da? Aititeri gauza bat eman behar diot… hitz eman nion amamari.

-Jakina sendatuko dela!


Eta han dator Egoitz pauso geldoan, baina tente. Biloba badoa aititerengana eta lepoa estutuz.

-Aitita Egoitz!!!

-Zer da, printzesa? Mmm… eman musu potolo bat!

Eta galdetu dio alabari.

-Berba egin duzu medikuarekin?

-Bai, aita, oraintxe. Ebakuntza ondo atera omen da…

-Ea egia den,…

-Aitite, gauza bat daukat zuretzat…

 Baina amak kezkatuta.

 -Orain ez, Nora, ez duzu ikusten aitite nekatuta dagoela?

-Balee…

-Tira, segi, itxarongelara, telebista jarrita dago.

-Bai, ama…

Nora badoa esertzera.

-Bueno, aita, zu orain zoaz etxera, gaur gauean ni geratuko naiz amarekin.

-Ezta pentsatu ere! Ni geratuko naiz!

-Ezetz ba… Zuk badakizu zer den erietxe batean gaua pasatzea?

-Mesedez, Arene! Ez nazazu ume baten moduan tratatu. Ni geratuko naiz, amak begiak zabaltzen dituenean ni ikustea nahi dut. Eta arazorik bada, erizainek lagunduko didate…

-Baina, aita…

-Ez! Erabakita dago. Zu joan etxera umearekin.

-Ondo da… baina bihar goizean goiz etorriko naiz, eta edozer gauza, deitu lehenbailehen, entzun? Berdin dio zer ordutan.

-Bai… ez naiz galduko.

-Aita! Norak eman dizu zerbait?

-Niri? Ez! Zer eman behar zidan ba?

-Ez dakit. Tira, bihar ekarriko dizu.

-Ederto. Gabon, bihotza…

Arenek eta Norak alde egin dute eta Egoitzek hasperen egiten du.

-Marka da gero! Zahartu eta umetu egiten garela uste dute. Seme alabei kosta egiten zaie gugan konfiantza edukitzea. Uste dute bat batean ahaztu egiten zaigula bizitza osoan egin dugun guztia.

Gerturatu zaio erizaina Egoitzi.

 -Barkatu, jauna, zure emaztea ikusi nahi baduzu, hamar minutu dituzu.

-Bai, bai, jakina. Eskerrik asko.

Egoitz sartu da zainketa berezietan eta Amaia han ikusita, eskua emango dio. Begiak itxita dago emakumea. Egoitzi begiak bustitzen zaizkio, baina eutsi eta tinko berba egiten dio:

-Kaixo, bihotza… Hemen gaude biok bakarrik. Denbora bizkor joaten da, ezta? Ematen du atzo ezagutu zintudala. Ikusiko duzu, dena ondo aterako da…  Esku hotzak dituzu orain ere, e? Lasai, ez izan beldur, zurekin egongo naiz gau osoan.

Eta hurrengo goizean… 

-Aitite!!

-Egun on, Nora! Goiz etorri zarete!

-Tori. Amama Amaiak esan zidan zuri emoteko.

-Zer da baina?

-Ez duzu ikusten? Gutun bat! Hartu. Ama kanpoan dago zain, eskolara noa.

-Ondo da, gero arte ba. Emon pa!

-Agurr!

Eta joan da biloba presaka. Egoitzek orduan  bakarrik geratutakoan.

-Zer gutun da hau baina?

 Gutuna dardar batean zabaldu eta irakurtzen hasiko da.

Kaixo, Egoitz;

Bizitza ederra izan dugu, ezta? Egon lasai, ni ondo nago eta, soseguz, zeu ondoan zaitudala jakinda. Baina… badakizu, horrelakoa naiz eta ezin laga esan barik barru-barrukoak. Gaztetxo nintzela amesten nuen noizbait topatuko nuela pertsona berezi hori, beti elkarrekin egoteko.  Eta hara, azkenean baita topatu ere. Bidean gorabehera ugari tokatu zaizkigu, noski, baina beti jakin dugu aurrera egiten. Eta ez dut ahaztu nahi zurekin bizi izan dudan egun bakar bat ere, egun guztiek lagundu bai digute honaino heltzen.

Ez dakit nola esan zeinen zorioneko egin nauzun. Nola esan nire amets guztiak gainditu dituzula, ez dagoela mundu osoan zu bezala entzuten dakien inor. Eta oraintxe, apur bat zahartuta bagaude ere, zurekin edonora joango nintzateke gure karabana zahar horretan. Txoko asko ezagutu ditugu, baina zu zara inoiz izan daitekeen abenturarik handiena. Zuri esker naiz naizena eta bizitzak asko eman badit ere, zu zara guztietan onena. Eskerrik asko, laztana, beti hor egoteagatik.

Egoitz irribarre batez dago eta orduan Arene agertu zaio poz-pozik.

-Aita! Ama esnatu da eta zutaz galdezka dabil!

-Benetan? Hauxe bai berri ona! Banoa, banoa!

Egoitz sartu da gelan eta emazteak zabalik ditu bere begi ederrak, senarra ikusi eta irribarrea loratu zaio ezpainetan.

-Egoitz!

-Amaia…! Zelan zaude?

-Orain zurekin ezin hobeto…

-Xxx, ez nekatu eta eman eskua.

 

 Ez al da ba horixe bizitza?

Topatzea norbait norberaren bakardadea uxatzeko,

topatzea bidaia lagun berezi bat,

topatzea norbait afari gozoa eta afaloste gozoagoa elkarrekin dastatzeko.

 

Nik zure eskutik nahi dut.

Maite zaitut, maite,

orain eta naizen arte.

 

 2012-11-19 Itziar Gomez Sarasola

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba