Oparipuinak

Oparipuina: Hiru txerritxo zikin-txukuntxo

 

Maite Frankok Ordiziako

Uxue, Markel eta Libe anai-arrebei idatzitako ipuina

Txukuntasunaren inguruko ipuina idazten saiatu gara gaur, honetaz asko dakiten Uxue, Markel eta Libe anai-arrebentzat. Ipuin txukuna edo ez ote den beraiek esango digutelakoan, hortxe doa gure istoriotxoa.


 

txukun

Baziren behin bi txerri senar-emazteak Txerritxukundarrak izenez ezagunak. Haien azala garbienetan garbiena zen, eta etxea hain txukuna non armairua ireki eta arropa kolorearen arabera ordenatuta aurki zitekeen.

Txerri senar-emazte txukun hauek etxe txukun eta dotore hura erosi zutenean, bertan ohe handi bat eta hiru ohe txiki zeuden, baina bikote gazteak artean umerik ez. “Lastima ohe txiki hauek hutsik ikustea. Ekar ditzagun umeak mundura.”, esan zuen senarrak. “Ideia ona, maitea”. Eta ohetxo bakoitzeko txerrikume bana izan zituzten, txukun-txukun izan ere, hau da, bata bestearen atzetik eta ez beste txerri gehienek egiten zuten bezala, hirurak batera eta tropelean.

Txerrikume zaharrenari, Uxue; ertainari, Markel; eta txikienari, Libe izena eman zioten. Hiru txerrikumeok maitagarriak ziren, xelebreak, azkarrak, trebeak, eskuzabalak. Alabaina,  hirurek bazeukaten beste zerbait gurasoei batere gustatzen ez zitzaiena: ez zuten txukuntasuna gehiegi maite.

–        Uxue, eskulanetarako gelako lurra garbitu al duzu? – Galdetzen zioten askotan amak edo aitak txerrikume zaharrenari. 

izurdea_txikia–        Gero, ama, gero.Uxuek.- Ez al duzu ikusten izurdeen liburua goxo-goxo irakurtzen ari naizela?

–        Eta zuk, Markel, zapatilak txukundu al dituzu? – Ertainari, ondoren. 

–        Gero, ama.- Markelek.- Ez al duzu ikusten errugbi partidua ikusten ari naizela?

–        Eta zuk, Libe, zure mozorroak gorde al dituzu? – Txikienari, bukaeran.

–        Gero, ama, gero.- Libek.- Ez al duzu ikusten antzerki berrirako arropa prestatzen ari naizela?

txerri-dantzaria

–        Aitzaki-maitzaki zuek beti! – Ama nekatuak.






Oso denbora gutxian Txerritxukundarren paradisu txukun eta idilikoa zena zabortegi itxura hartzen hasi zen: lokatzez betetako zapatak mahaian, txorizo bokadiloak sofa gainean,  galtzontzilo eta kulero zikinak ohe azpian … Gurasoek ez zekiten zer egin, errieta egin ala seme-alabei beraien kabuz txukuntasunaren beharra ikasten uztea. Bigarren aukera egokiagoa iruditu zitzaien.

Gauzak horrela, gauero-gauero buruari buelta asko eman ondoren, hiru txerrikumetxo zikintxo hauen gurasoek zera erabaki zuten: seme-alabak etxetik kanpo bidaltzea txerri txukunak izaten ikas zezaten. Aitak, ordea, ez zuen irtenbidea horren argi ikusten.

–        Baina maitea, umeak hor barrena, arriskuz betetako basora bidali beharrean, zergatik ez diegu guk geuk hemen, etxean eta zuzenean, txukuntasunaren garrantziaren arrazoia azaltzen? – Aitak.

–        Ez, ez. Beraiek ikasi beharko dute otsoarengandik salbu egoteko modurik seguruena txerri usainik ez izatea dela.- Amak.

–        Baina guk esaten ez badiegu, nola ikasiko dute ordea? Eta ikasten dutenerako beranduegi baldin bada, otsoak jan dituelako? – aitak, are beldurtuago.

–        Izan konfiantza beraiengan. Garaiz ikasiko dute. Ez dut inolako zalantzarik.

Eta erabakitakoa aurrera eraman zuten.

–        Zoazte hor barrena, eta nork bere etxea egin dezala. Urtebete barru berriz, etxean elkartuko gara eta kanpoan ikasitako guztia kontatu egingo diguzue. – Esan zieten agur gisa hiru seme-alabei, begi-zuloak malkoz betetzen zitzaizkielarik.

txerritxoak

Etxeak oso garestiak ziren garai hartan, (gaur egun bezala) horrexegatik hiru anai-arrebek lana bilatu behar izan zuten gurasoek emandako diru apurra bukatu baino lehen. Uxue, zoologiko batean izurde-zaindari hasi zen, animalia jator hauen hizkuntza ondo-ondo ikasiz; Markel, errugbi talde batean atzelari, meloi itxura zuen baloiarekin nahi zuen guztia egiten trebatuz; eta Liberi, txerrikumerik txikienari, antzerki talde batek egin zion kontratua, edozein pertsonaiarena egiteko gai bihurtuz. Laster etxe bana erosi ahal izan zuten, etxe txukun eta dotore bana erosi ere.

Hiru txerrikumetxoen etxeak berriz, eguna joan eguna etorri, zikintzen hasi zen, handik urtebeterako oso gutxi falta zela zabortegi itxura hartuz. Uxue, Markel eta Libe ordea, zikinkeriarekin kezkatu ez, alderantziz, gustura asko zeuden.  Lokatzez betetako zapatak mahaian, txorizo bokadiloak sofa gainean,  edota galtzontzilo eta kulero zikinak ohe azpian ikusteak gurasoen etxean bezalaxe sentiarazten zituen.

otsoa_txikiaEta jakina, zerrikeria-usain hark erakarrita, laster otso gosetia agertu zitzaien. Zaharrenaren etxean aurrena, ertainarenean gero, eta txikienarenean azkenik. Jakin nahi al duzue zer gertatu ote zen? Segi irakurtzen, orduan!

Otso gosetiak urrun-urrunetik nabaritu zuen beretzat lurrina zen usain hura, bere sudurrak Uxueren etxeraino eraman zuelarik.

Kax, kax kax! – Otsoak, ate joka.-. Ireki atea, txerrikume, banaiz-eta zure gose.

–        Gnkanttili-tilik-ki-kli-kik!Uxuek, izurdeen hizkuntzan hizketan.

–        E? – Otsoak, harritua.- Baina hemen ez al da txerririk bizi?

–        Gkan-tili-tili-klik-kik!Uxuek.

–        Etxez nahastu naizela uste dut. Berdin da. Sudurrak ez dit engainatzen, inguru honetan txerrikumeak dabiltza. Eta aurkitu egingo ditut!

Otso gosetia Markelen etxera zuzendu zen gero. Markel jakinaren gainean zegoen, arreba zaharrenak telefonoz deitu baitzion dena kontatuz.

–        Kax, kax kax! – Otsoak, ate joka.- 

–        Nor da? – Markelek.

–        Ireki atea, txerrikume, banaiz-eta zure  gose.

–        Otsoa? Eskerrak etorri zaren. Zaude, zaude. Oraintxe irekiko dizut atea.Markelek, lasai.- Hori bai, gauza bat esango dizut. Nire txerrikumetxoak ez ditu babarrunak jan nahi, eta esan diot “jaten ez badituzu, ostikada batez etxetik bidali egingo zaitut, otsoak jateko”.

–        Oso ondo egin duzu, txerri aitatxo horrek. Emaiozu, bada, ostikada zure txerrikumetxoari nik jan dezadan.- Otsoak, lerdea zeriola.

–        Ondo da, Otsoko. Baina urruri samar jarri beharko duzu, hanketan indar handia dut eta!

rugbyEta otsoak, inozo-inozo, kasu egin zion txerrikume ertainari. Markelek orduan atea ireki, baloiari sekulako ostikada jo, eta DANBA!, otsoari sekulako baloikada jo zion buruan.

Otsoa, oraindik izarrak ikusten zituela, Liberenera joan zen azkenik.

–        Kax, kax, kax – Jo zuen atea, kolpearen ondorioz nahiko makal zegoela.

–        Nor da?Libek, oso jator.

–        Ireki atea, txerrikume, banaiz eta zure gose.– Otsoak, indarrik gabe.

Libek atea ireki zion, goitik behera otso (edo otsanda) itxura zuelarik.

–        Bai, Otsoko, etxe honetan bada txerrikume goxo-goxoa, labe barruan, jateko prest. Eskerrak etorri zaren, izan ere ez zait batere gustatzen bakarrik bazkaltzea.

Otsoa zoratzen sartu zen Liberen etxean.

–        Gauzatxo bat, Otsoko. Lagunduko al didazu txerrikumea labetik ateratzen? Oso handia da eta.

–        Bai, atsegin handiz! – Erantzun zion otsoak.

Otsoak labea irekitzean, Libek bultzatu eta burua erre egin zitzaion.

–        Ulu, ulu, burua kiskali dut! – Zioen erdi itsua zegoen otsoak etxe hartatik ateratzen saiatzen ari zen bitartean.

Hiru txerrikumeok gurasoenera itzuli ziren handik gutxira, esan bezala adostutako urtea pasata zen eta. Hura gurasoen poza bizirik ikusi zituztenean!

–        Txerrikume gaiztotxoak! Urte osoan dei bakar bat egin ez, ez dakizue zeinen kezkatuta geunden! – aitak errietan.

–        Tira, koadrila, eta, zer ikasi duzue urte luze honetan? – Amak.

Seme-alabek lanean ikasitakoari esker otsoaren atzaparretatik ihes egitea lortu zutela kontatu zieten, xehetasun guztiekin azaldu ere.

–        Nire pottoko maitagarriak! Lan txukuna egin duzue, txukun-txukuna! – Amak.

–        Duda edo zer?Uxuek.- Txerritxukundarrak gara, ama, nola jokatuko genuen bestela?

Txerrikumeok garbitasunaren beharrik ikasi ez zuten arren, gurasoak poz-pozik zeuden. Eta ba al dakizue zergatik? Txukuna izateko modu asko daudela konturatu baitziren, garbitasuna horietako bat baino ez delarik.


 

Hondarribian, 2013ko urtarrilaren 2oan, gure Martxel txikiaren jolasgelan, lurra jostailuz betetzen zen bitartean idatzitako ipuina.

 

 

 

 

 

Related Articles

2 Comments

  1. Eskatzaileak bidalia:)

    Kaixo Maite: Sentitzen det hainbeste denbora pasa izana zuk idatzi eta guk erantzun gabe. Etxean ditugun baliabideak ez dira nahi adina eta table moderno horietako batetatik 3-4 saiakera egin ondoren eta lortu ez, etsita utzi nuen. Gaur berriz, ordenagailu bat eskura eta zein erraza idatzea!! Mila esker egindako lanarengatik eta ipui berak familian sortu duen “magiagatik”. Mila esker

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button