Oparipuina: Oroitzeko moduko ekain gaueko ametsak


 

I.           Oroitz, Ekain eta Amets.

Bazen behin Ormaiztegiko ama bat hiru seme munduratu zituena. Zaharrenari, Oroitz; erdikoari, Ekain; eta azkenekoari Amets jarri zion izena. Eta izenak izana ere bere baitan ekarri. Oroitzek sekulako oroimen handia zuen txikitatik; Ekainek, udako opor hasierako bizi-poza; eta Ametsek, nahi zuenarekin egin zezakeen amets.

Ama goxoa eta ipuinzalea zen, eta aitak, ogi puskak, ez zekien ezetz esaten. Familia zoriontsua osatzen zuten, lasai bizi zena, Oroitzek ekain gaueko amets arraro hura izan zuen arte. Baina hori bizilagun berezi hura ondoan bizitzera etorri eta gero izan zen.

 

II.        Bizilagun berria.

sorginaSan Juan egunean hasi zen guztia. Arratsaldean, bizilagun berria etorri zitzaien auzoko etxe erdi abandonatuan bizitzera. Hiru anaiek etxeko leihotik ikusi zuten auzoko berria nola iritsi zen. Baina hiru anaietatik Oroitz izan zen xehetasun gehieni erreparatu ziena.

Emakume zaharra zen, ile txuri eta begi urdina. Aurpegia zimurrez beteta zuen, eta kopeta iluna, oso iluna: azken irribarrea 10 urterekin botata zuela zirudien. Azkazal luzeak zituen, luzeegiak aukeran, eta ezker eskuko atzamar lodian eraztun potolo bat zeraman, katu baten marrazkia zuena. Goitik behera beltzez jantzia zetorren, soka batez itxita zegoen maleta zahar handia besapean zuela.

–         Deabruaren ipurtzuloa!! – marmarka atsoa -, gauza gehiegi ekarri ditudala uste dut … Berandutu egingo zait azkenean …

Oroitzen ama, atsoaren marmarrak entzunda, etxetik atera eta ondora joan zitzaion korrika.

–         Kaixo, Eli naiz, zure bizilaguna. – esan zion, irribarre gozoa ezpainetan.- Laguntzarik behar?

–         Ez!! – bota zion haserre atsoak, ahoa estaltzen zuen bitartean.- Ez dut inoren laguntzarik behar.

Eta amona zaharrak maletatxoa arrastaka etxean sartuz, ate danbatekoaz bukatu zuen elkarrizketa.

–         Bai emakume xelebrea! – esan zuen Oroitzen amak etxera itzultzean.

–         Burutik jota dagoen atsoa besterik ez da.- gehitu zuen Oroitzek.- Agian zurrutean ibiltzen da.

–         Batek daki. Haserre zegoela iruditu zait, oso haserre. – amak.

–         Ba nik sorgin itxura hartu diot ba! – Ekainek.

–         Zogina? “Zogina Pidulina, edatza gañean; ipudia zikina, kapeda buduan…” – kantari, Amets, keinutxoak eginez.

–         Seguru maletan eltze magikoa dakarrela, eta katua, eta sugeak, eta erratza … Ondo pasatuko dugu haren sorginkeriak ikusten! – Ekainek.

–         Sorginak ez dira existitzen, txotxolo! Ume txikiak beldurtzeko ipuinak besterik ez dira. – Oroitzek, sasi-maisu.

–         Bukatu da eztabaida. Hortzak garbitu eta lotara! – amak.

–         Zu bai zogina, ama … – Ametsek, protestaka.

Eta gero amets arraroarena gertatu zen, baina horren aurretik amaren gainean aurkitutako sorpresarena kontatu behar dugu.

 

III.     Sorpresa bat mesanotxe gainean.

liburuakSan Juan egunaren bukaera Sorgin gauaz izenez ezaguna zen, Oroitzi tontakeria hutsa iruditzen zitzaion arren. Haren amak sorginen inguruko liburu bat zuen mesanotxe gainean. Oroitzek ireki eta bertan agertzen ziren irudi txuri-beltzei begiratu bat bota zien. Aurpegi itsusi eta beldurgarri haien artean batek arreta deitu zion bereziki: begi urdin- kopetilun sorgin batena zen. Kopetilune izena zuen. Amaren tiraderatik lupa bat atera eta sorgin haren ezker eskuan katu baten marrazkia zuen eraztuna agertzen zela ikusi ez zuen ba!

Halako batean, Ekain atzetik etorri eta susto bat emateko moduko “zer ari zara?” bota zion ozen. Eta Oroitz izutu, ez baitzen konturatu anai ertaina ondoan zuenik ere.

–         Ezertan ere ez, Ertaintxo. Tontakeriak dituen liburu bat ikusten, besterik ez.

–         Zer tontakeria? Erakutsi, erakutsi, erakutsi …

–         Ez, ez, ez …

–         Hara, sorginen liburua! Ez begiratu bestela amesgaiztoak izango dituzu gero.

–         Bai zera!

Lotara joan ziren guztiak. Oroitzek ezin bizilagun berriaren irudia eta liburu hartan agertutakoak burutik kendu. Halakoxea baitzen bera, xehetasun guztiak gogoratzeko gaitasun ikaragarria zuen. Eta hari entzundako hitzak ere, behin eta berriro gogora etorri: “Berandutu egingo zait azkenean.” Nora joan behar ote zuen? Beltzez jantzitako atsoa gogoan, seko lo gelditu zen. Eta orduan bai, orduan lehenengo amets arraro hura izan zuen.

 

IV.     Ekain gaueko amets arraroa.

Oroitzek hegan egin zezakeen. Bere gelako leihotik atera eta gora eta behera hasi zen, herriko ikuspegi ederrez gozatzen eta “Txantxangorria naiz” abesten … Baina ez, ez zen txantxangorria, eulia zen, euli potolo nazkagarri bat, hegan egitean motor batek adina zarata egiten duten horietakoak.

MOSCA-VOLADORAOroitz eulia hor ibili zen etxez etxe, ekain gau hartako beroak hala behartuta irekita zeuden leihoetatik sartu eta logeletan kuxkuxeatzen, baita gehiegi maite ez zituen zenbait ezagunen belarri eta sudurzuloetatik sartzen. Zeinen dibertigarria zen eulia izatea!

Halako batean, bizilagun berriaren leihotik sartzea bururatu zitzaion. Atsoa esna zegoen, sukaldean, eltze batean ukendu bat prestatzen.

–         Berandutu egingo zait, berandutu egingo zait aurten ere … -errepikatzen zuen etengabe, ukenduari eragiten zion bitartean.

Azkenik ukendua prest zuela arropa guztia erantzi eta lokiak, eskumuturrak eta besapeak igurtzi zituen, “sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik” hitz magiko ezagunak esanez eta leihotik hegan ateraz. Oroitz euliak sorginaren ileari helduz jarraitu zuen atsoaren ibilbidea, nahiko ezkutatuta zegoen kobazulo batera iritsi arte. Han, adin guztietako gizon-emakumeak zeuden akelarre itxura zuen jai ero batean, batzuk iritsi berriak eta elkar agurtzen.

–         Kaixo, Maripetralin!

–         Gabon, Kopetilune!

–         Iepa, Zerrimutur!

–         Hara, Zirikapoto ere heldu da!

–         Gabon, Kopetilune!

–         Denok gaude, beraz .- Bota zuen agintari itxura zuen batek.- Inork jarraitu al dizue?

–         Nik baietz esango nuke .- Erantzun zuen Kopetilunek.- Nire ilean ezkutaturik, norbaitek honainoko bidea egin du debalde: euli batek.

Barre gaizto batez lehertu ziren guztiak Kopetiluneren ateraldiarekin, gure sorgin begi urdinak gorputz osoan hazka egiten zuen bitartean. Oroitzek handik alde egitea erabaki zuen, baina sorgin guztiak atzetik etorri zitzaizkion. Eta bai, ihes egitea lortu zuen, txiripaz lortu ere.

–         Oraingoan libratu haiz – bota zion Kopetilunek- Baina lasai egon, hire bizilekua aurkitzen dudanean ez dik hurrengo kukurik entzungo!

 

Izerditan esnatu zen Oroitz, arnasa kostata hartzen zuelarik. “Amesgaiztoa, horixe izan da dena. Amesgaiztoa. Sorginak? Ume txikiak izutzeko ipuinak …” bere buruari esanez lo hartu zuen berriro.

Eta Oroitzek lo egiten duen bitartean, jakin dezagun zerbait gehiago atso misteriotsu honen inguruan.

 

V.        Kopetilune sorgina

Kopetilune sorgina beti egoten zen haserre, halako eran non ezin izaten zuen besteen bizi-poza jasan. Barreak entzutean granoak ateratzen zitzaizkion gorputz osoan, alergikoa baitzen. Irribarreak ikustean, botaka hasteko gogoa izaten zuen, eta kantekin, ene, zer gaizki pasatzen zuen!!! Norbait abesten hasten zenean, belarriak danba, itxi egiten zitzaizkion, ateak balira bezala. Eta zenbat kostatzen zitzaion gero hauek irekitzea!

Kopetilune sorginak bazekien noren ondoan ez egon halako sufrikariorik ez izateko. Bai, asmatu duzue,  umeengandik ahalik eta urrutien izaten saiatzen zen beti.

Umeak ondoan zituenean berriz, haiekin bukatzeko edozein gauza egiteko gai izan zitekeen, baina zer egin zezakeen jakin aurretik ikus dezagun Oroitzen bizilagun nola bihurtu zen.

 

VI.     Kopetilune sorgina, gure bizilagun berria!

Behinola, sorginak bere bizilekua utzi eta herri berri batera joan behar izan zuen ihesi. Ormaiztegin etxe egoki bat aurkitu zuen, pittin bat zaharra, armiarmaz beteta eta ate kirrinkariak zituena. Zoragarria, bere ametsetakoa. Hala ere, etxebizitzaren premiak estututa ondo begiratu ez, eta gure atsoa ez zen konturatu ondoan hiru anai hauek bizi zirenik! Eta nola jakin ote zuen? Ba, erraza erantzuna. Haien barreak aditu, eta to!, granoak leku guztietan. Gero, “Sagu txiki, sagu maite …” kanta entzun eta ziplo, belarriak itxi zitzaizkion. Eta azkenik, leihotik begiratzean, ama zoriontsu horrek sorgina ikusi eta irribarre gozoarekin agurtzean, taka!, goragalea etorri eta hantxe hasi zen botaka.

–         Arranopola! Ni bai txotxola! Baina nora etorri ote naiz bizitzera, nora?

Labain bat hartuta belarriak irekitzea lortu zuen. Gero, leihora zuzendu zen berriro, gortinen atzean ondo-ondo gordeta kirika hasteko prest.

–         Ikus dezagun zenbat munstro lepo-motz ote diren … Bat, bi, hiru! Hiru? Deabruaren galtzontziloak! Ba, ni ez naiz ba beste etxe batera joango. Ezta pentsatu ere! Sorginkerien liburua hartuko dut ea zerbait bururatzen ote zaidan lepo-motz horiekin bukatzeko …

Oroitz, Ekain eta Amets arrisku larrian zeuden. Zer egin ote zezaketen? Irtenbidea etxetik atera gabe aurkituko zuten.

 

VII.  Amets arraroaren ondorengo biharamuna.

Udako opor hasiera zen eta hiru anaien etxean poza zen nagusi gosaltzeko orduan. Beno, haietako bat ez zegoen oso berritsu. Bai, asmatu duzue berriz ere. Oroitz zen txintarik ateratzen ez eta bizilagun berriaren etxea ikusten zen leihotik begirik kentzen ez zuena.

–         Sorginaren etxera begira, Oroitz? – galdetu zion Ekainek.

–         Zogina pidulina, edatza gañean … – berriro Ametsek.

–         Ekain, arrazoi duzu. – Oroitzek, baxu-baxu, gurasoek ez entzuteko. – Sorgina da, eta bart gauean ametsetan agertu zitzaidan.

–         Ez esan! – Ekainek, xuxurlatuta.- Kontatu, kontatu!

Oroitzek logelara jarraitzeko keinua egin eta bertan zeudela dena azaldu zion.

–         Eta orain, zer egin dezaket? Seguru kalean ikusten banau ezagutu egiten nauela.

–         Baina eulia zinen, ezta?

–         Bai, baina sorgina da, eta sorginek guk ikusten ez duguna ere ikus dezakete.

–         Orduan gauza bakarra egin dezakezu: euli bezala agertzen zaren hurrengo ametsean hari nola irabazi deskubritu.

–         Hara bestea! Eta nola lortuko dut berriz ere euli-ametsik izatea?

–         Ametsi galdetuko diogu!! – esan zuten biek batera.

 

Amets egongelan aurkitu zuten, goxo-goxo jolasean, abestitxo bat ahoan eta burua hodeietan galduta, askotan egiten zuen bezala.

–         Amets, zure laguntza behar dugu! – Ekainek.

–         Zedtadako? Zogina Pidulinadekin bukatzeko?

–         Bai, nola dakizu?

–         Entzun dizuedalako. Ba, ezin dut. Ozo lanpetuta nago nire jolazekin.

–         Amets, ez zaizu ezer kostatzen … zer nahi duzu trukean?

–         Txokolatezko hamad palmedita!

–         Ondo da. Eulia naizela ametz egin eta zoginaden etxean zartuko naiz bere zekretuak dezkubritzera. Baina odain, lazai utzi nire joztailuekin bakadik.

Gaua noiz iritsiko zain, irrikatan bi anai zaharrenak. Amets, lasai, ekaineko egun luze hartan logalerik ez nahiko berandu arte. Loak hartu zuenean ere, amets desberdinak izan zituen. Aurrena, txokolatezko palmondoez betetako basamortuetan ibili zen, limoizko hondar gainean ttipi-ttapa. Ondorengoan, esnegainezko mendietan eskiatzen jardun zuen. Eta azkenekoan, agindutako lanari lotu eta euli bihurtuta etxez etxe ikusmiran hasi zen.

 

VIII.        Oroitzeko moduko ekain gaueko bigarren ametsa.

Amets hartan Amets eulia sorginaren etxean sartu eta protestaka aurkitu zuen. Ume batzuen barreak entzuten ziren etxetik kanpo: Oroitz, Ekain eta Ametsenak ziren. Sorginak gorputz osoan hazka ari zen. Amets txikia “Sagu txiki, sagu maite …” kanta abesten hasi zen orduan, eta ziplo, belarriak itxi egin zitzaizkion sorginari. Eta azkenik, leihotik begiratzean, amak sorgina ikusi eta irribarre gozoarekin agurtzean, taka!, goragalea etorri eta hantxe hasi zen botaka.

–         Arranopola! Ni bai txotxola! Baina nora etorri ote naiz bizitzera, nora?  – sorginak.

Labain bat hartuta belarriak irekitzea lortu zuen. Gero, leihora zuzendu zen berriro, gortinen atzean ondo-ondo gordeta kirika hasteko prest.

–         Ikus dezagun zenbat munstro lepo-motz ote diren … Bat, bi, hiru! Hiru? Deabruaren galtzontziloak! Ba, ni ez naiz ba beste etxe batera joango. Ezta pentsatu ere! Sorginkerien liburua hartuko dut ea zerbait bururatzen ote zaidan lepo-motz horiekin bukatzeko …

 

IX.      Nola bukatu Kopetilune sorginarekin?

children and nature cartoon illustrationGoiz hartan, gosal ondoren, Ametsek amestutakoaren berri eman zien anaiei. Azkar erabaki zuten zer egin sorginarekin bukatzeko: auzoan pailazo saioa antolatu eta bertako ume guztiak gonbidatzea. Esan eta egin. Baina non eta nola aurkitu pailazo bat egun horretan bertan saioa eskainiko lukeena eta dohainik? Ezetz esaten ez zuen norbaiti eskatu zioten: aitari. Ez zen pailazo profesionala, baina guraso guztiok, guraso garen heinean, eguneroko jardunaren poderioz egiten dugu nahiko klown ikastaroa. Eta honek primeran gainditua zuen, ohorezko matrikula eta guzti!

Hori anaiek sorginaren etxeko atea eta leihoak silikonaz itxi zituzten aurretik, Kopetilune etxetik atera ez zedin. Aitak saio borobila eskaini zuen, dibertigarria, orijinala, inprobisazioz betetakoa, mundiala. Baina onena bukaeran gertatu zena izan zen, erdi abandonatuta zegoen etxe hartako tximiniatik atso zaharra bere maletatzarrarekin ateratzen ikusi zutenean, erratzik gabe zeruan gora hegaldatzen, gorputz osoa meloi neurriko granoez beteta, azala erabat horituta (hainbeste botatzeagatik) eta belarriak erabat itxita zituelarik.

***

Hondarribian, 2013ko martxoaren 16an, amesgaizto batetik esnatu berria zen gure Martxel txikiaren deiari kasu eginez di-da bukatu behar izandako ipuina.

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba