Oparipuina: Hiru erregin t´erdi eta patata tortila bat


 

I.- Hiru erregina t´erdi eta patata tortila bat

Baziren behin, Loiuko jauregi dotore batean, erregina zahar bat, Amuma izenez ezagunagoa; erregina gaztea, Amatxu deitzen ziotena; erregina ordea, Izeko zeritzana; eta printzesa txiki xarmangarri bat, Maialen batailatu zutena. Erregeak ere baziren palazio horretan, baino gaurko ipuinak etxe hartako emakumeak izango ditu protagonistak, batez ere zaharrena eta gazteena.

patata tortillaHas gaitezen erregina zaharrarengatik. Amumak munduko patata tortilarik onenak egiten zituen. Hain ziren gozo eta bereziak patata tortila horiek non mokadutxo bat ahoan sartzen zituenak erabateko zoriona dastatu zezakeen une batez: arazo guztiak ahaztu eta hodei baten gainean egongo balitz bezala sentitzen zen, oinak arin, irribarrea ezpainetan eta bihotza taup-taup, ume txiki edo maitemindu baten gisa. Horregatik, bazter guztietatik etortzen zen jendea jaki miragarri hau erostera. Loiun baziren bestelako gauza politak ikusteko, dastatzeko eta egiteko, baina kanpotarrentzat tortilak ziren bertaraino joateko arrazoi bakarra, halako eran non Loiu herriari Amumarentortila deitzen hasi zitzaizkien.

Baina Amumaren patata tortila gehien maite zuena Maialen zen, zalantza izpirik gabe. Zenbat aldiz lortua zuen hainbeste gorrotatzen zituen indabak edo leken ordez tortila platerean ikustea! Ona zen trikimailuak bilatzen, oso ona. Eta gainera, edozein gauza egin zezakeen Amumaren jaki goxo hura jateagatik, edozein.

 

II.- Tortila lehiaketa hartan galtzen jakin ez zuena.

Loiun tortila lehiaketak antolatzen ziren maiz, bertako zein kanpoko sukaldari askok parte hartuz. Batzuk patata-arrautzopila deitzen zieten; beste batzuk potato omelette edo omelette de pommes de terre (omelette espagnole maizago); eta baita  tortiljo,  potatisomelett, perunamunakas, omletă cu cartofi eta tortilla de patata ere, edo beste idazkera irakurtezinetan idatzitako Τορτίγια, במאפיית, トルティーヤ eta картофельный омлет izenez batailatua zutenak. Hala ere, izenak izen, beti Amumaren Patata Tortila suertatzen zen irabazle.

Normalean, inor ez zen haserretzen eta denek onartu egiten zuten munduan Amumarena bezalako tortila gozorik ez egotea, baina behinola lehiaketan galtzaile suertatutako printze atzerritar bat, Perunamunakas deitzen ziotena, inbidiak jota, Amumaren tortilaren sekretua ezagutu eta kopiatzea erabaki zuen.

 

III.- Espioi bat Amumaren sukaldean

Erregina zaharra sukaldean sartzen zen bakoitzean, atzetik jarraitu eta hor hasi zitzaion zelatatzen, eta ikusten zuen guztia papertxo batean apuntatzen. “Zartagin zaharra erabiltzen du, eta beti berdina”, idatzi zuen lehenengo egunean. “Olioari gatza botatzen dio eta ez patatei”, bigarrengoan. “Patatak poliki-poliki zuritzen ditu, eta bitartean abestu egiten du, baina ze kanta den oraindik ez dut asmatu” hirugarrengoan.

Maialen printzesa txikia, Amumaren atzetik ibiltzeko ohitura zuena, laster konturatu zen printze atzerritarraren ezkutuko jolas horretaz, eta erregina zaharrari kontatuz.

–         Lasai, Txiki – erantzun zion Amumak.- Hamar urtez begira egonda ere ez luke inoiz gure sekretua ezagutuko.

–         Seguru, Amuma?

–         Seguru, Bihotza! Eta gainera, ondo pasatuko dugu printze lapur honen kontura!

 

IV.- Printze gaiztoak ezin Amumaren tortila kopiatu

printzeaPerunamunakas printzeak gaztelu zahar bat hartu zuen Loiutik hurbil, Basobeltza izeneko eremuan, inguruan baso iluna, zingira, kobazuloak eta era guztietako basapiztiak zituena: otso izugarria, herensugea eta landare haragijaleak. Eta jakina, gazteluan bertan sukalde dotorea jarri zuen. Egunero Amumari kirika egin ondoren, bertara itzuli eta ikusitakoa praktikan jartzen saiatzen zen.

Egiten zuena egiten zuela, ordea, ezin Amumaren tortilaren antzekorik lortu. Gainera, Amuma sukaldean oso gauza xelebreak egiten hasia zen halako batean, eta printze lapurra zoratzen hasita zegoen. “Arrautzak kraskatu baino lehen oiloarena egin eta karakaka hasten da, ondoren salto bat emanez” idatzi zuen laugarren egunean. “Tortilari buelta eman baino lehen, kaskoa jartzen du buruan.” “Tortila egiten den bitartean, bizikleta hartu eta hiru buelta ematen dizkio sukaldeari …” bosgarrenean.  Eta printze lapurrak xelebrekeria hauek guztiak egiten zituen gero bere sukaldean; ezertarako ere ez, ordea!

Printzea, sutan jarrita, Amumak erabiltzen zituen gauzak eta osagaiak lapurtzen hasi zen: zartagin zaharra, patatak zuritzeko labaina, patatak, arrautzak, bizikleta … Gero, haiekin behin eta berriro saiatu egiten zen, alferrik berriz ere!

–         Paskaa!! – errepikatzen zuen behin eta berriro- Paskaa, paskaa, paskaa!!! (kaka zaharra bere hizkuntzan)

 Azkenean, ideia gaiztoago bat bururatu zitzaion: Amuma bera bahitu eta bere gaztelura eramatea. Esan eta egin.

 

IV.- Amumaren bahiketa

Amuma hartu, soka batez lotu eta zaldi gainean jarrita Basobeltzeko gaztelura eraman zuen printze gaiztoak.

–         Esadazu zein den zure sekretua, bestela ez zara inoiz etxera itzuliko! – bota printze gaiztoak Amumak sokak askatu gabe zituela.

–         Ez, ez eta ez, dizut esango. Haserre nago zurekin. Hau ez da adineko emakume bat tratatzeko modua, astakilo galanta! Ez dakizu ze mina egiten duten soka txatxu hauek!

Bitartean, Amumaren gazteluan, denak oso kezkatuta zeuden. Gainera, Amumaren tortilarik gabe aurpegi tristeez betea zen herria. Zoriontasuna betirako galdua zutela pentsatzen hasita zeuden denak.

–         Baina, non ote dago Amuma? Galdu ote da? Bahitu ote dute? – Izekok, larri.

–         Soldaduak bidaliko ditugu Amuma aurki dezaten! – bota zuen Ama izenez ezaguna zen erreginak.

Baina soldaduek, begietan hainbeste malko zituztenez, ezin ondo ikusi; eta hainbesteko penarekin, ezin pausu bat bera eman.

Handik astebetera ordea, eskutitz bat jaso zuten: “Amuma Basobeltzeko Gazteluan dago. Norbaitek haren patata tortilaren sekretua kontatzen badit, libre utziko dut, bestela nirekin eramango dut urruti, oso urrutira, eta betirako!!! Jua, jua, jua. Sinatuta: Perunamunakas printze gaiztoa”.

Inork ez zuen Basobeltzera joan nahi, ez soldadu ausartenik, ez zaldun trebeenik, ezta herriko zoroenak ere. Denek zekiten oso leku arriskutsua zela, eta pentsatze hutsarekin galtzontziloak busti egiten zituzten (ulertu ez duenak harrapatu duenari galdetu diezaiola).

 

V.- Maialenen ausardia.

printzesa_txikiaMaialenek, Printzesa Txikiak, sarri egiten zuen Basobeltzekin amets: zingira sakon eta ilunean bizi zen herensugearekin; baso itxi hartako landare haragijaleekin eta otso izugarriarekin. Askotan oihuka esnatzen zen, kamisoia bete izerdi, Amaren besoetan lasaitasuna aurkitu ezinda. Baina Amuma Amuma zen, eta haren tortila Munduko Patata Tortilarik onena, une batez zoriontasuna eragiten zuena. Bi arrazoi on zituen, beraz, bere amesgaiztoetako piztiei aurre egiteko.

Poltsa batean Amumak prestatutako azken patata tortilaren bi zati, bi txuleta eta ogi puska bat hartuta, han abiatu zen erregina zaharraren bila.

 

VI.- Printzesa Txikia Basobeltzean larri

Aurrena, zingira sakon eta iluna aurkitu zuen.

–         Ai, Ama! Ai, Amuma! Ai, Izeko! Mesedez, herensugea ez dadila esnatu …

Hiru enbor lotuta baltsa txiki bat egin zuen. Beste enbortxo batekin, arrauna. Gorputz osoa dardarka zuen zingira zeharkatzen hasi zenean. Amumaren aurpegi goxoa eta haren tortilak eragiten zion zoriontasuna gogoan, ausardia etorri eta aurrera jarraitu ahal izan zuen, isil-isilik, herensugea ez itzartzeko. Arropa pittin bat busti arren, sua piztuta azkar lehortzea lortu zuen.

–         Ufa! Lehen proba gaindituta. Ikus dezagun zer datorren orain …

Laster, landare haragijaleekin egin zuen topo. Oso handiak ziren, hortzak zituzten agerian eta baita lerde-jarioa ere. Printzesa txikia nabaritu orduko, hor hasi ziren bilatzen edo, itsu-mustuka, landare haragijaleek ez baitute begirik. Maialenek orduan poltsan zeraman txuleta txikiena urrutira bota eta landare lepo luze horiek guztiak di-da, eroritako lekurantz makurtu ziren arin-arin, printzesa txikiak korrika ihes eginez.

–         Aupa, Maialen! Gutxigatik! – esan zion bere buruari.

otsoa_txikiaLandareen eremua gainditu ostean, otsoarena falta zitzaion, hain juxtu Maialeni beldur gehien eragiten ziona. Gainera, gaua etorri berria zen. Printzesari ez zitzaion iluntasuna askorik gustatzen, baina bi aldiz pentsatuta abantaila izan zitekeen. “Horrela otsoak ez nau ikusiko”, esan zion bere buruari. Pausu txikiez egin zuen aurrera, orbela kri-kra, kri-kra soinu ñimiñoez zapalduz. Gaztelua hurbil ageri zen. Halako batean, berotasuna nabaritu zuen garondoan, eta baita norbaiten arnas-hotsa ere; hotzikara batek zeharkatu zion bizkarra. Burua biratu eta hara, hortxe zegoen, bere atzean, Otso Izugarria!

–         Nora zoaz, Txanogorritxo? – otsoak, maltzur.

–         Amuma ikustera, sglug! – printzesak, ahots dardaratiaz.- Ez al didazu galdetu behar poltsan zer ote daramadan?

–         Bost axola niri poltsan daramazunak. Zu izango zara nire afaria …

Otsoak kosk egin behar zionean, Printzesa Txikiak poltsa zabaldu, Amumaren tortila zati bat atera eta drausk!, ahoan sartu zion. Otsoa zorabiatu egin zen halako batean, begiak itxita dantzan hasi zen, arin, lumatxo bat izango balitz bezala, irribarre batek aurpegia alderik alde zeharkatzen ziolarik.

 

VII.- Gazteluan ezusteko galanta!

Gaztelura iritsi zenean, norbait ikusi zuen atetzarretik irteten. Zuhaitz potolo baten atzetik ezkutatu zen Printzesa Txikia. Handik, gaztelutik atera zenaren hitzak entzun zituen:

–         Mozolo horrek, baina zer uste izan du? Atso zahar eta makaltxoa nintzela? Sekretua esango niolakoan, zeinen inozoa!

–         Amuma! – bota zion bat-batean Printzesak.- Baina, nola libratu zara Printze Gaiztoaz?

–         Bidean azalduko dizut, Txiki. Goazen, bizkor!

Amumak ederki engainatu zuen Printze txoroa. Ezetz asmatu nola? Ba, sukaldean zeudela esan omen zion: “Ondo da. Nire sekretua kontatuko dizut, baina horretarako eskuak askatu beharko dizkidazu. Tortila prestatzen dudan bitartean azalduko dizut guztia. Ez beldurrik izan, ezin dizut ezer txarrik egin, atso zahar eta makaltxoa besterik ez naiz eta”. Eta Printzeak sinetsi! Eskuak askatu zizkionean, berriz, Amumak zartagina hartu eta ZAPLA!, aurpegian kolpea bete-betean. Printzea lurrera erori zen, ziplo, eta orduan erregina zaharra korrika bizian irten zen handik.

 

VIII.- Ihesa eta sorpresa.

Otso Izugarria izan zuten lehen oztopo, beno, oztopo edo. Artean irribarrea ezpainetan eta “Tximeletak mendian” kantua ahoan aurkitu zuten.

Ondoren, landare haragijaleak. Printzesa Txikiak poltsan zuen bigarren txuleta atera, eta berriz ere funtzionatu egin zuen!

Azkenekoa, berriz, ez zen horren erraza izan. Printzesa eta Amuma baltsara igo eta zingira zeharkatzen ari zirela, herensugea agertu baitzitzaien aurre-aurrean! Printzesak gordeta zuen azken tortila zatiarekin proba egin zuen. Herensugeari berriz ahoan sartzean, su txiki batek ihesi eta kiskali egin zuen. Eta ez, Amumaren tortilak, kiskalita, efekturik ez! Baina poltsan bazuen beste zerbait, gogoratzen? Ogi gogorra, a zer memoria, irakurle! Ogi gogor hura harria balitz bezala burura bota eta kanka!, herensugea, konortea galduta, zingira sakoneko ur ilunetan murgildu zen.

 

IX.- Etxean berriro

Ongi etorri festa ikaragarria antolatu zieten Printzesa-erreginari, su artifizialak,  musikariak, dantzariak eta guzti. Hala ere, denei gehien gustatu zitzaiena gero etorri zen, Amuma patata tortilaz betetako orgatilarekin azaldu zenean. Han zirenek mokadutxo bat ahoan sartu orduko erabateko zoriona dastatu zuten berriz ere une batez: arazo guztiak ahaztu eta hodei baten gainean egongo balira bezala sentituz, oinak arin, irribarrea ezpainetan eta bihotza taup-taup, ume txiki edo maitemindu baten gisa.

Inork ez zuen Printze gaiztoaren berririk izan. Batzuk, Basobeltzeko gazteluan gelditu eta Amumaren errezeta bilatuz zoratu egin zela diote; beste batzuk, Amumaren atzetik ateratzean otsoa topatu, harekin dantza egin eta efektua pasatzean drausk!, piztiak jan egin zuela. Gauza bat denek dute argi: Amumaren sekretua ezagutu gabe jarraitu zuela hil arte.

 

X.- Amumaren sekretua

Psss, psss, aizu, azalduko dizut nahi baduzu, baina ez inori kontatu, gero! Ba al dakizu zergatik ote ziren Amumaren patata tortilak munduko tortilarik onenak? Oso arrazoi xume batengatik. Bazen gauza bat Amumak tortila prestatzen zuen guztietan egiten zuena: Printzesa Txikiak jaki goxo hura dastatzean jarriko zuen aurpegia imajinatu. Eta irudi hori buruan, munduko maitasun guztia jartzen zion prestaketa lan horri. Munduko maitasun guztia, maitasun handia da, puska bat dastatzen duen edozein, une batez, zoriontsu bihurtu dezakeena. Ezagutu dezagun denok noizbait sikiera maitasun handi horren zati txiki-txiki bat! 


 

Hondarribian, 2013ko martxoaren 22an, irakurriko zutenen aurpegia imajinatuz bukatutako ipuina.

 Maite Franko

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba