Familia bakoitza mundu bat bada ere, badira guztiei eragiten dien aldaketa sozial esanguratsuak. Batzuk aipatzearren…
- Ekonomia sostengatzen duen lan egituran, emakumea etxeko lanen eta haurren zaintza eta heziketaren arduradun nagusia izan denari, horiez gain, produkzio sistemako beste lan batzuk egitea ere egokitu zaizkionez, gaur egungo ama/aita batek ez du, duela 40 urte ama batek zeukan denbora eta espazio berbera haurren heziketaz arduratzeko. Ondorioz, familia mailan, familia eredua edozin izanik ere, gurasoak haurren heziketarako duen denbora murriztu egin da.
- Paraleloki, haur eta gazteen eskolaratze garaia asko luzatu da eta eskolaz kanpoko jarduera formatiboak ugaldu. Antolaketa eredu berri honen ondorioz, haur eta nerabeen autonomia eta helduaroko ardurak hartzeko prozesua, atzeratuz doa. Nolabait esateko, gazteari ez zaio kulturalki heldua izaten uzten, ardurak hartzeko aukerak murrizten zaizkio, haur eternoaren papera betetzea eskainiz, nahiz eta jakin, hori bere natura eta gaitasunaren aurka egitea dela.
- Azkenik, haur eta nerabeen egunerokotasunean agente hezitzaile asko daude; gurasoak, irakasleak, aisialdiko hezitzaileak, telebista, lagunak, interneta… Aniztasunak aberastasuna suposatzen badu ere, agente bakoitzak bere esparruan mezu ezberdinak igortzen ditu. Hau dela eta informazioa ugaria da, baina koordinaziorik gabe ematen denez, hezkuntza sistema inkoherente batean txertatzen ditu haur eta gazteak.
Belaunaldien arteko eztabaida beti izan da, ez ulertuak eta ikuspuntu ezberdinak, baina aldaketa sozialen abiadura gero eta handiagoa denez, belaunaldien arteko distantzia ere handituz doa.
Oso labur eta gainetik egindako analisi honetatik ondorioztatu dezakegu egungo gurasoak eskuartean duten erronkaren tamaina. Guraso izatearen abentura bizipen ikaragarria izan daiteke. Helduari, ahazturik izan dezakeen ikasle rola berreskuratzeko aukera ematen dio. Ikaskuntza prozesu hau, familia osatzen duten pertsonen arteko eguneroko harremanean oinarritzen da.
Hala ere, kontuz! Helburua ez da bapatean Supergurasoa bilakatzea. Orainarte egindakoez hausnartu eta akatsetatik ikasteko gogoa duen gurasoari lan tresnak eskaintzea da asmoa. Bakoitzak ikusiko du noiz eta nola esperimentatu. Hori bai, argi izan behar da uzta jaso nahi duenak lurra jorratu behar duela egunero egunero. Animo eta geroarte!!!
Itziar Bartolome 2009/01/07
guraso.com