EducaciónheriotzaheriotzaEducación

Heriotza, haurrei nola kontatu

 Aldaketen aurrean familian nola jokatu. Traumatikoak gerta daitezkeen egoeren aurrean babestuagoak daude gaurko haurrak?

Gaur egungo gurasoen heziketa tankerari erreparatuz gero, orokorrean haurrak babesteko edo gain-babesteko joera dagoela esango nuke. Edozelan ere, ez zait gustatzen orokortzea, denetariko kasuak daudelako, baita zuzen jokatzen dutenena ere, haurrei behar duten denbora eskainiz, arauak ezarriz, balioak transmitituz…

 Eta zein litzateke jokabide zuzena etxeko “aldaketen” berri eman behar denean?

Seme-alaben adina, garapena eta izaera izan behar dira kontuan, baina epe motzean datozen aldaketen berri eman behar diegu haurrei. Argi informatzea da onena, haien zergatiei arreta eskainita eta modu zuzenean erantzunda. Azken baten, familian heriotzak edo gaixotasun larriak izaten badira, eta ez baditugu seme-alabak informatzen, zerbait arraroa sumatuko dute haiek, eta segurtasunik eza eta antsietatea eragin diezaiekegu.

Zein punturaino da erabakigarria seme-alaben adina?

Nahiz eta haurrak txikiak izan, 3-5 urte bitartekoak adibidez, aldaketa traumatikoen berri eman behar diegu, haien garapen psikologikoa kontuan izanda, noski. Baina bere mailan beti zerbait adierazi behar diegu. “Ez du ulertuko” edo “Ez da konturatzen” aitzakiak entzuten ditugu maiz, baina ez da egia. Informazioa haurraren adinari egokitzea da kontua.

Eskolaren zeregina halakoetan zein izan daiteke?

Eskolak eta familiak haurrak hezten jarraitu behar dute eta eskolak informazioa jasotzea komeni da, zenbaitetan gertatutakoa ezkutatzeko joera dutelako gurasoek… Nahiz eta eguneroko bizitzan aldaketak egon, bizimodua ahalik eta normala egiten ahalegindu behar dute haurrek. Oreka emozionalari eustea da inportanteena. Ezin gaitezke txantaje emozionaletan erori: haurra sufritzen dabil eta hobe izango da hau edo beste hau ez egitea. Ez. Egoera berrien aurrean uste baino malguagoak dira haurrak eta badituzte baliabide intelektualak eta psikologikoak aurrera egiteko; egoera berrietara egokitzeko uste baino ahalmen handiagoa daukate.

http://guraso.com/albisteak/familian-heriotza-bat-gertatzen-bada-argi-hitzegin-behar-diegu-umeei/


 

Egun oso famatua den «Haurrek bizi dutena ikasten dute» entsegu pedagogikoan, zera aipatzen du Dorothy Law Nolte autoreak: «Haurra kritikarekin bizi bada, zigortzen ikasten du; areriotasunarekin bizi bada, borrokatzen ikasten du; isekarekin bizi bada, lotsati izaten ikasten du; jeloskortasunarekin bizi bada, errudun sentitzen ikasten du; tolerantziarekin bizi bada, eraman handikoa izaten ikasten du; estimuluarekin bizi bada, konfiantza izaten ikasten du; adostasunarekin bizi bada, balioesten ikasten du; justiziarekin bizi bada, zintzoa izaten ikasten du; lasaitasunarekin bizi bada; fedea izaten ikasten du, onarpenean bizi bada, bere burua maitatzen ikasten du; onespenarekin eta adiskidetasunarekin bizi bada, munduan dagoen maitasunaz jabetzen ikasten du».

Nik, beste autore batzuekin bat eginez, zera erantsiko nuke: «Haurra egiarekin bizi bada, bizitzari aurre egiten ikasten du». Printzipio horretatik abiatuta, samur-samur esanda, horixe bera da haurrarekin izan behar den jokaera edo norma heriotzaren aurrean. Hau da, txiki-txikitatik jakin behar du haurrak heriotza bizitzaren parte dela, bizi garelako hiltzen baikara.

Gure gizarteak, heriotzari dagokionez, erabateko higienizazio prozesua bultzatu du. Hiltzorian dagoena ospitalean lurperatzen dute: ahotik tutuak dariola eta ospitale usaineko geletan hil ohi da, zibilizaziotik urrun. Lehen, aldiz, gaixoa etxean hil ohi zen eta heriotza naturaren parte bezala sentitu eta bizi zen. Naturaren bizitza ziklo zirkularraren bitartez, gizakiak heriotza ziklo horren parte bezala hartzen zuen. Heriotzarekin, gure gorputza utzi eta arima askatzen zen. Batzuentzat, horrek, zeruko paradisura joateko aukera zekarren; beste batzuentzat, beste edozertan eraldatzeko edo berpizteko aukera zen, adibidez lore zein animalietan.

Gaur egun, berriz, gure gizartean heriotza gure bizitzatik kanporatu behar dugun gaitza da. Ez dugu gai horri buruz ezer jakin nahi eta birus bat izango balitz bezala tratatzen dugu. Guraso askok, hori dela-eta, familia-kide bat hiltzen denean, askotan, haurra atsekabetik babestu nahian, gertatutakoari buruz ezer gutxi esaten diote eta ehorzketa erritoetatik at uzten dute.

Baina, sufrimendutik babestean bizitzatik ere babesten dute. Bazterketa horrek, umeak heriotzari buruz duen ideia nahasten du eta etorkizuneko galerei aurre egiteko gaitasunari kalte egiten dio. Hiru urte arte, bai kognitiboki, bai afektiboki, umea ez dago behar bezain garatuta heriotza kontzeptua ulertzeko. Nahiz eta adin-tarte horretan heriotza kontzeptua ezezaguna izan, gertuko pertsona baten ausentzia nabaritzen dute. Gainera, egunerokotasuneko aldaketei, bere zaintzaileei edota familiako arazoei erantzuteko gai dira. 3-5 urte bitartean heriotza behin-behineko gertaera bezala ulertzen dute, prozesu itzulgarria da, luze irauten duen ametsa izango balitz bezala. 5-9 urte bitartean behin-betiko jazokizun bat dela ulertzen du, besteei gertatzen zaien gertaera, baina ez berari. 10 urtetik aurrera guztiontzat saihestezina den gertaeratzat hartzen da.

Hori guztia kontuan izanda, lau aholku emango ditut haurrari heriotza kontzeptu egokia barneratzen laguntzeko eta traumak hobeki prebenitzeko:

Haurrei, bizitzaz bezala, heriotzaz ere hitz egin behar zaie. «Hiltzen gara bizi garelako». Horixe da ezagutzen dudan adierazpenik sinpleena eta eraginkorrena. Bizia dugulako eta bizia duen guztiak hil behar duelako hiltzen gara.

Gure gorputza estuki loturik dago gure gurasoengandik jasotzen dugun hitzetara; hortaz, oso garrantzitsua da heriotzari buruzko galderei erantzutea eta isilik ez geratzea. Heriotza baten aurrean egia era samurrean esan, nahasmena sor dezaketen eufemismoak edo leungarriak alde batera utzita. Hala nola, «ez zaitez gaizki sentitu…zure aita joan egin da» (galduta dagoela, baina, laster bilatuko dutela pentsa dezake), «zure ama zeruan dago» edo erlijio kutsua duten antzeko beste espresioak, adibidez «Jaungoikoaren nahia izan da» edota «Jaungoikoak asko maite zuen eta horregatik eraman du» (Jaungoikoak noizbait, edozein momentuan, bera ere eramango duela pentsa dezake). Azalpenak haurraren hizkuntzara egokitu behar dira, naturarekin bat egin behar da. Bizitzaren ziklo naturala har dezagun oinarritzat.

Haurraren sentimenduak ulertu. Haurrak, heriotzaren aurrean, pertsona nagusien antzeko erantzunak izaten ohi ditu, nahiz eta modu desberdinean espresatu. Ohikoenak hauek dira: gertatutakoarengatik tristezia erakustea, abandonatuak izan direlako amorrua sentitzea, izua sentitzea bizirik dagoen gurasoa hil daitekeela pentsatzeagatik, heriotza eragiteko gaitasuna duela pentsatzea, bere senide baten edo aitaren-amaren heriotza sortu duelako kulpa sentimendua izatea…

Hileta-elizkizunetan inplikatzea. Guraso askok haurra traumatizatuko delakoan, hiletan parte hartu edo ez dudan jartzen dute. Nire ustez, haur batek hileta-elizkizunetan parte hartu nahi badu, utzi egin behar zaio. Besteen dolua ikusteak bere dolua lantzen lagunduko dio. Horrelako erritoak oso lagungarriak dira haurren atsekabea gainditzeko.

Eredu positiboak eman. Haurrak mina eta tristura jarrerak ikustea ez da txarra. Ez dugu beldurra izan behar, haurren aurrean, gure sentimenduak azalerazteko (amorru erasokorra eta mingarria denean izan ezik). Sentitzen duguna erakusten diogunean, haurrak, gertutasunarekin sentituko gaitu eta, horrela, bera sentitzen ari dena azaltzeko erraztasun gehiago izango du. Guraso batek, haurra ez tristatzeko, heriotza baten aurrean larritasunik agertzen ez badu, bere seme-alaben sentimenduak «izoztu» ditzake. Edota haserrea, muturreko mina edota jarrera histerikoa agertzen badu, bere seme-alabak, jarrera horiek imita ditzake.

Ume baten maskota hiltzen denean edota ume batek panpina zahar baten zati bat gordetzen duenean, inoiz ez dugu barre egin behar eta inolaz ere ez ditugu bere sentimenduak gutxietsi behar «ez zaitez gaizki sentitu… katu bat baino ez zen eta» bezalako espresioak erabilita. Ez ahaztu errito baten bitartez onartzen dugula gizaki guztiok heriotza.

Alexander Muela

http://www.gaur8.info


Heriotza, haurrei kontatua

 
Albumen generoan gai hori nola lantzen den ikertu du UPV/EHUko Txabi Arnalek; Haur Hezkuntzako irakasleentzat tresna baliagarria izan nahi du tesi honek
 
Nola esan haur bati aitona, ama, laguna… hil dela, betiko joan dela? Heriotzaz diharduten literatura-albumak aztertu ditu Txabi Arnal UPV/EHUko irakasleak, galdera horri nola erantzuten dioten ikusteko. Ikerketa-lan horretan oinarrituta, tesia defendatu du, izenburu honekin: El tratamiento de la muerte en el álbum ilustrado infantil. Obras publicadas en castellano (Heriotzaren tratamendua haur-album ilustratuan. Gaztelaniaz argitaratutako obrak). Egileak berak esan duenez, “orain arte ia tratatu ez den gai bat landu dut. Hori izan da nire ekarpen handiena: beldurra kentzea, tabuari aurre egitea”.

 

Albumetan, irudiek eta testuek elkarrekin osatzen dute narrazioa. Zehazki, haurrei zuzendutako horrelako 57 liburu izan ditu ikergai Arnalek; gaztelaniaz argitaratuak guztiak, originalak zein itzulpenak. Gaurkotasun handiko lagina da, gainera, 1980tik 2008ra bitartean argitaratutako lanak baitira: “Aztertutako albumak bizirik egotea nahi nuen; inork bilatu edo erosi nahi izanez gero, eskuratzeko aukera izan zezan”. Esaterako, Wolf Erlbruchen El pato y la muerte (Ahatea eta heriotza), Sylvia van Ommenen Regaliz (Erregaliza) eta Peter Schössowren ¿Cómo es posible? (Nola liteke?) dira aztertu dituen album ezagunenetako batzuk. Askotariko auziei erreparatu die narrazio horietan guztietan: heriotzak dakartzan sentimenduak nola tratatu diren, protagonistak, heriotzaren kausak, haurraren ulertze-prozesua, narrazioan egindako ahalegina heriotza desmitifikatzeko…

Naturaltasun handia

Aurreikusi baino ondorio hobeak atera ditu Arnalek. “Oso era naturalean tratatzen da heriotza. Liburu hauek panfleto modukoak izango zirelako aurreiritzia nuen, didaktismoak pisu handiagoa izango zuela literatura-balioak baino; halako gai deserosoen aurrean lehentasuna ematen baitzaio transmititu nahi denari. Eta ezustekoa izan dut: album gehienek literatura-balio handia dute, eta gaia naturaltasunez jorratzen dute, nolabait helburu didaktikoa alde batera utzita. Hemen garrantzitsuena ez da gaia, kontakizuna baizik”, azaldu du. Aitortu du normalean ez direla erabiltzen heriotza edo hil moduko hitzak albumetan, eta ordezko esapideak baliatzen direla gehienetan; baina literaturaren beraren esentziari egotzi dio hori: “Literatura-testuak dira eta egileak nahi duen bezala esan dezake; (heriotza) hitza gordetzen du, baina kontzeptua ez”.

Ikuspegi-aniztasuna ere nabarmendu du Arnalek, albumok aztertuta. Adibidez, jorratzen den gai zehatzari dagokionez: “Batzuetan doluari ematen zaio garrantzi handiena, beste batzuetan hiltzeari berari, edo zeremoniari…”. Protagonistak ere askotarikoak izaten dira, hildakoari eta hildakoaz min denari dagokionez. Hildakoen artean, aitona, ama, txakurra, haurra bera… aurkitu ditu ikertzaileak, aztergai izan duen laginean; eta istorioak heldu baten mina edo ume batena konta dezake, kasuan kasu. 

Erreminta irakasleentzat

Haurrekin lan egiten duten (Haur Hezkuntzako irakasleak, hezitzaileak…) eta horiekin heriotzaren gaia tratatzeko laguntza behar duten profesionalek erabiltzeko pentsatuta dago tesi hau. “Baliabideak ematen ditut. Esaten dut: ‘Literatura erabili nahi baduzu, jakin ezazu liburu honek honela kontatzen duela heriotza. Edo, bestela, baduzula beste ikuspegi honetatik jorratzen duen hau, edo beste hau…'”, azaldu du Arnalek. Izan ere, besteak beste, erreferentzia bibliografiko zabala eta aztertutako album bakoitzaren fitxa txertatu ditu ikerketa-lanean. “Jakin behar dugu badaudela horrelako liburuak ere. Eta, gainera, haur-literatura direla, haurrek irakurtzeko oso aproposak”, gaineratu du. 

Egileari buruz

Javier Ignacio ‘Txabi’ Arnal Gil (Ermua, 1967) Geografia eta Historian lizentziaduna da, eta Irakasle Eskolako diplomatua, Haur Hezkuntzako espezialitatean. Xabier Etxaniz Erle eta José Manuel López Gaseni UPV/EHUko Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasleen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Sail horretan defendatu du Arnalek bere lana. Gainera, gaur egun bertan dihardu lanean, irakasle lankide gisa.

Iturria: http://www.prentsa.ehu.es/p251-content/eu/contenidos/noticia/20120102_arnal/eu_tesis/tesis.html

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba