Oparipuina: Tximeletak (mariposas)

Dohainak galtzean berriz, tximeletok gaixotu eta lurrera erortzen ziren, ziplo, hilzorian, azken hatsa botaz.

Hauen laguntza jasotzeko maitagarriengan sinestea nahikoa zen garai hartan berriz, oso zaila zirudien, edo ezinezkoa, hobe esanda, txikitan jasotako dohain horiek bizitza osoan zehar bizirautea, izan ere behin haurtzaroa gaindituta, banan bana hasten baitziren txikitako perla horiek guztiak galtzen, zimeldutako arrosak  bere petalo guztiak galtzen dituen bezalaxe. Are gehiago, bazirudien hogeita bost urte bete ondoren hasten zitzaiela gazteei lehen tximeleta lurrera ziplo erortzen, atzera bueltarik ez zuen prozesuari hasiera emanez, eta gizaki erabat apatikoak, erasokorrak edota goibelak sortuz.

Garai hartakoa zen Haurtzane, umetan zoragarria, gaztetan maitagarria eta tximeletak bizitza osoan bizirik mantendu zitezkeenaren iritzikoa.

Haurtzanek 25 urte bete zituen egunean berriz, txikitatik bere ametsetako printzea zen nobioak aspalditik beste neska batekin harreman paralelo bat zuela entzun zuen. Nahiz eta hasiera batean sinetsi ez, pentsatze hutsarekin bere lehen tximeleta, Ametsarena, larriki zauritu zitzaion. Azkenaldi honetan izandako portaera bitxiei erreparatuta, egia ote zen duda egin, eta orduan Inozentziarena moteldu zitzaion.  Eta azkenik, nobioa neska bati musu ematen ikustean, Ilusioarena.

Hura urtebetetze opari ederra!

Haurtzanek berriz ez zuen amore eman nahi izan. Malkoak begietan, mahai gainean eroritako tximeletei zotz fin batez eztiaz busti zien muturtxoa. Hiru tximeletek pittin bat suspertuta ziruditen. Baina orduan, Haurtzanek printze urdinarekin pasatutako une magikoak gogoratzen hasi zen, (eta Magiaren tximeleta erori zitzaion orduan) Maitasunaren tximeleta urdailean dantzan sentitu ohi zuenekoak (bai, izan ere Maitasunaren tximeleta hantxe ezkutatzen zen haren musugorriez lotsatuta, inork ez ikusteko).

Banan bana birpasatu zituen plazan gurutzatutako lehenengo begiradak, eta baita haren ahots leuna lehen aldiz entzun zueneko eguna ere. Haren hitz gozoak, “panpoxa” estreinakoz deitu zionetik azken “beti maiteko zaitut” esan zion arte. Denak ekarri zituen gogora (azken oroitzapen honekin, Maitasunaren tximeleta gaixotu zitzaion).  Irudi gozo hauek are gehiago tristatu zuten Haurtzane, (Bizi-pozarena ere lurrera), eta bere sentimenduekin jolasean ibili izana leporatu zion printze urdin faltsu hari (Jolasaren tximeleta erori zen orduan). Ez zuen haren inguruan ezer gehiago jakin nahi izan (Jakin-minarena ziplo). Akabo tximeleta guztiak. Hantxe zeuden, mahai gainean hilzorian. Denak? Seguru? Ez. Zu, memoria oneko irakurlea zarena, konturatuko zinen azken dohaina gelditzen zitzaiola oraindik, galtzen den azkena omen dena: Itxaropena. Tximeleta honek zama eramanezina zuen bularrean, Haurtzaneren samina eta penaz jabetuta. Arnasestuka, hegalak bizi-bizi astintzen hasi zen, eta orduan zerbait harrigarria gertatu zen: bere hegaltxoetan zegoen hautsa mahai gainean hilzorian zeuden tximeletak zipriztindu eta denak, Ametsena,  Inozentziarena, Ilusioarena, Magiarena, Maitasunarena, Bizi-pozarena, Jolasarena, Jakin-minarena, … denak berpiztu zituen, Haurtzaneren buru gainera itzuliz.

Itxaropenaren tximeletak Haurtzaneren ezpainetan irribarre bat marraztu zuen, nahi gabe sortutako miraria ikusita, bularreko zama galduz. Harrez geroztik, Itxaropenaren tximeletari Itxaro baino ez diote deitzen, ordutik ez baitu soinean pena gehiagorik eraman nahi izan (zuk bezalaxe, gure Itxaro maitagarri horrek).

***

Gaur egun, Maitagarriengan sinesteari utzi eta buru gainean hegan dabilzkigun tximeletak ikusteko gaitasuna ere zeharo galduta dugularik, oraindik orain jaiotzen gara dohain horiek gure baitan ditugula. Eskerrik asko, maitagarriok, hor jarraitzeagatik.

(Itxaro, eta zure buru gainean ere luze bizi daitezela tximeletok!)

 

***

Hondarribian, 2012ko azaroaren 29an, etxeko jolasgelako balkoitik sartutako tximeletak irribarrea ezpainetan eta belarrian kili-kili eginez xuxurlatu zidan ipuina.

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba