Oparipuina: Amal dut izena
Elixaneri
Amal dut izena eta tximeletak sentitzen ditut sabelean, azkenean kontatu dezaket nire istorioa. Duela hiru urte gertatu zen, zortzi urte nituenean. Gurasoek esan zidaten Euskal Herrira joan behar nuela, han ebakuntza egingo zidatela eta horrela sendatu egingo nintzela. Gau hartan asko kosta zitzaidan lo egitea, ilusioa eta beldurra, biak nituen barruan.
Amal urtarrilaren hamarrean iritsi zen. Familia osoa joan ginen aireportura, oso urduri geunden, Ainhoa eta Elene batez ere. Oparitxo bat eraman genion, hartza muxugorri bat. Gu ikusi eta “kaixo” esan zigun irribarre zuri batez. Neska lotsatia ematen zuen, ez zen harritzekoa, ez gintuen ezagutzen eta bera ere urduri egongo zen. Baina etxera iritsi eta kolorez jositako bere gela ikusi zuenean, lasaitu egin zen; gu ere bai. Hortxe hasi zen gure abentura.
Saharar kanpamendu batean jaio nintzen. Desberdina izan naiz beti, ahoan arazo bat nuela jaio nintzen eta ezin nuen behar bezala hitz egin, ezta jan ere. Nire familiak beti zaindu nau ondo eta nik badakit asko maite nautela, baina nirea bezalako herrixka batean ume bereziok lan handiagoa ematen dugu eta zaila da. Beste umeak eskolan hasi zirenean gure aitak erabaki zuen ni ez nintzela joango. Uste zuen ahoko arazoa nuenez, ezin izango nuela ikasi gainontzeko umeek bezala. Amonak gauza asko kontatzen zizkidan eta horrela ezagutu nuen gure herriaren benetako historia. Guretzat aiton-amonak altxorra dira, ez dago horrelako liburutegirik; Hainbeste dakite! Eta amonak egun batean kanpamendura etortzen zen mediku batekin hitz egin zuen. Gero gurasoekin adostu eta hala, iritsi zen bidaia egiteko eguna. Triste samar nengoen, baina hegazkina zerura igo zenean… txori baten moduan sentitu nintzen. Zer polita ikusten den dena goitik!
Amalen kasuaren berri jakin nuenean ez nuen zalantzarik egin, etxera ekarriko genuen. Familia bat behar zuen ebakuntza egin eta sendatu bitartean bera zaintzeko. Zortzi urte zituen, gure bi alaben artean zegoen, eta gu izango ginen bere familia berria sei hilabetez.
Hegazkinetik jaitsi eta hotzak kax-kax nengoen, ia ezin nituen mugitu eskuak. Nire familia berria hantxe zegoen; Elixane bere bi alabekin, Ainhoa eta Elenerekin. Etxe polita zuten eta nire gelak ortzadarra ematen zuen, dena kolorez blai. Ainhoak eta Elenek arropa piloa zeukaten eta dena uzten zidaten. Hasieran gaizki janzten nintzen; kamixeta jertsearen gainetik, gona eta galtzak biak batera… Nire ahizpek barre egiten zuten, eta nik ere bai, baina beti laguntzen zidaten.
Amalek hasieran lo asko egiten zuen. Guk uste genuen ondo lo egiten zuela, nekearen ondorioz igarotzen zuela ohean horrenbeste denbora. Gero jakin genuen, ordea, kosta egiten zitzaiola lokartzea. Bere herrialdean haima berean lo egiten zuen bere zazpi neba-arrebekin eta hemen bakarrik sentitzen zen nonbait gauetan.
Hasieran nire familiaren hutsa sentitzen nuen, baina gero eta gutxiago, pozik nengoen nire beste familiarekin. Arraroa da bi ama eta bi aita edukitzea, baina zorioneko sentitzen nintzen. Abesten eta dantza egiten ibiltzen ginen etxean. Elixanetek esaten zigun pozik egon behar genuela, bizitzak elkar ezagutzeko aukera eman zigulako, bera beti zegoen umore onez, beti laguntzen zidan edozertan. Bazekien frantsesa eta berari esker irakurtzen eta idazten ikasi nuen. Gauetan, oheratu aurretik, begiak itxi eta eskerrak ematen nizkion bizitzari ni hainbeste maitatzeagatik.
Amal pixkanaka hasi zen gurera ohitzen. Gure bi alabek etengabe laguntzen zioten, Amali ikaragarri gustatzen zitzaion jolastea eta dantza egitea eta horrek asko erraztu zuen gure harremana. Gogoan dut nola begiratzen nien hiru neskei elkarrekin dantzan ibiltzen zirenean. Askotan ahaztu egiten dugu zeinen gutxi behar den zoriontsu izateko.
Oso janari goxoa ematen zidaten, ia dena gustatzen zitzaidan, batez ere kroketak. Mila kroketa eraman nahi nituen etxera, baina ezin, bestela kroketa tortilla eginda iritsiko ziren. Elixanek errezeta idatzi zidan, hemen daukat, egunen batean ikasiko ditut egiten.
Iritsi zenean, janari bigunak jan behar zituen. Ezpain biperinoa zuenez, ezin zuen txikitu janaria, ezta ondo irentsi ere. Zortzi urte zituen, baina bederatzi zituela ematen zuen. Horrelako ume bat hartzen denean aholkatzen dute hasieran emateko beraiek ezagutzen dituzten elikagaiak; arroza, oilaskoa eta horrelakoak. Baina Amal azkar hasi zen denetik jaten, asko gustatzen zitzaion patata tortilla, eta txoratu egiten zen kroketekin. Hasi zen ohitzen bere bizimodu berrira, gustura ikusten zitzaion.
Elixanek azaldu zidan hurrengo egunean izango zela ebakuntza eta ahoa konponduko zidatela. Urduri nengoen, baina banekien ama eta aita, Rashid, Neda, Mohamed, Alia, Fatima, Asmar eta Najat urruti egonik ere gertu nituela. Begiak itxi eta laguntza eskatu nion amonari ere.
Eta iritsi zen ebakuntza eguna, Amalek ez zuen ematen oso urduri. Ni bai, ordea, kirioak dantzan nengoen, Amal dagoeneko gure familiako beste kide bat baitzen. Ez dakit zehazki zenbat iraun zuen ebakuntzak, baina nolako lasaitua hartu genuen dena ondo atera zela esan zigutenean! Ondorengo egunak gogorrak izan ziren umearentzat, ezin zuen ezer jan eta minak zegoen, baina halere, ez zen asko kexatzen.. Egunak aurrera, hasi zen egoera hobetzen eta lorpen txiki bakoitza garaipena zen denontzat. Bere kasa jan zuen lehenengo gauza yogurra izan zen. Zoragarria izan zen lehenengo goilarakada hura, orduan jabetu baitzen ondo irentsi zezakeela. Eta tortilla eman eta hortzekin txikitu zuenean barre algara irten zitzaion!
Esnatu nintzenean Elixane hantxe nuen ondoan eskutik helduta. Irribarre egin zidan, nik berari ere bai. Une horretantxe konturatu nintzen, aho berria nuela eta munduko neskarik politena sentitzen nintzen.
Hunkigarria izan zen ondo hizketan hasi zenean ere, ia dena ulertzen zitzaion. Eta zer gustura joaten zen ogia erostera joatea; Abentura ederra bere lehenengo ogitartekoa jan zuenean! Ikaragarri ikasi genuen Amalekin. Esaten zigun pena dela nola alferrik galtzen dugun ura. Ez dela bota behar harraskatik edan gabe uzten dena. Arrazoi du, guk baino hobeto dakite energia aurrezten. Guk baino jakintza handiagoa daukate naturari eta bizitzari buruz. Egunen batean gozokiak edo erosten bagenizkion, ez zituen sekula jaten den-denak, pare bat jan eta hurrengo egunerako gordetzen zituen besteak. Eta pasatu ziren sei hilabete eta medikuek esan zioten kito, sendatuta zegoela.
Egun horretan pila bat kosta zitzaidan lokartzea. Beldurrak nengoen, ez nuen galdu nahi nire familia berria. Uste nuen Euskal Herritik joaten nintzenean betiko agurtu beharko nituela. Begiak zabal-zabal egon nintzen, ez nituen itxi nahi, Elixane eta bere bi alaben aurpegiak ondo gorde nahi nituen buruan, sekula ez ahazteko.
Auzoan jende gehienak ezagutzen zuen Amal, poz-pozik jartzen zen jendeak esaten zionean hazi egin zela eta oso polita zegoela. Noiz behinka hitz egiten zuen gurasoekin eta marrazkiak ere bidaltzen zizkien. Gurekin sei hilabete egin zituen eta esperientzia aberasgarria izan zen benetan guztiontzat. Behin ahoa sendatuta, orduak ematen zituen ispilu aurrean, irribarrez, bere aho berriari begira. Eta nola irakurtzen zuen. Hurrengo astean bere familiarengana itzuliko zela esan genion egunean, poza eta tristura pilatu zitzaizkigun.
Gozokiak pila bat gustatzen zitzaizkidan, gozoki guztiak ohe gainean jarri eta marrazkiak egiten nituen. Eta ahoan sartu eta ahoa lerdez betetzen zitzaidan, ez nituen irentsi nahi, zupa eta zupa egoten nintzen ia urtu arte.
Hona etorri zenean motxila txiki bat ekarri zuen eta orain kirol poltsa handia zeraman eta denetik sartu nahi genion, baina ezinezkoa zen, hogei kilo eraman zitzakeen gehienez. Sartu genizkion eskola materiala, sukaldeko tresna txikiak, tuperrak eta bere familiarentzat oparitxoak. Aireportura bidean ez genuen askorik hitz egin, urduri geunden. Besarkada mutuak izan ziren, saiatu ginen Amalen aurrean malkorik ez isurtzen… pozik alde egitea nahi genuen. Eta gure barru-barruan pentsatu nahi genuen agur hura ez zela izango betiko.
Etxekoak ikusteko zoratzen nengoen, nire aho berria erakutsi nahi nien, baina pena handia ematen zidan agur esateak. Ni zerura igo nintzen eta haiek lurrean geratu ziren. Baina nire bihotzean izango ditut betiko.
Eta denei esaten diet nik egin nuela… BIDAIA BAT BIZITZEKO!
Elixaneri, bihotzez;
Kolore guztietakoa zara.
Egun batzuetan gorria,
pasioak bultzatzen zaitu.
Hurrena urdina,
iruditzen zaizu mundua dela
itsaso zabala eta zu arrain askea.
Berdeak indarra ematen dizu,
estuasunean daudenei laguntzeko,
bidegabekerien aurrean garrasi egiteko.
Zuriak, berriz, lasaitasuna,
gogorarazten dizu bizitza dela
dena eta ezer ez,…
Marroiak, arrosak eta moreak ere
koloreztatzen dute zure izaera.
Eta beltza,
beltza da beldur guztiak estaltzeko geruza koldarra.
Bai, Elixane, zu kolore guztietakoa zara.
Eme, emakume, ikasle eta laster irakasle…
Eta ni…
ni beti zure adiskide.