Oparipuina: Bihotzak sabeletik
Maite Frankok webgune honetako oparipuin idazle dabilen
Nahia Alkortaren semea den Anerri idatzitako ipuina
..:: Nahiari ::..
Ipuintxo hau hilabetetan zehar hazi da nire barruan, Nahia, zure Aner bezala. Zure eskaera jaso nuenean (2012eko maiatzean) ideia bat etorri zitzaidan berehalaxe burura. Ipuina orduan hazia besterik ez zen. Alabaina, zure eskaera honen aurretik beste mordoxka bat nuen, horra ipuin honek zergatik behar izan duen hainbeste denbora argia ikusteko. Hori bai, haurdunaldia nahiko lasaia izan du istorioak (ez zureak bezain malkartsua), eta baita oxitozinarik gabeko erditzea ere. Jaiotzear zegoela, aldiz, ezusteko galanta izan nuen, halako batean eskaeran agertzen zen helbide elektronikoari erreparatuta zurea zela konturatu bainintzen!
Azken bolada honetan sabela pattal samarra duzula entzun dut. Ea, ba, Sabeletik idatzitako istoriotxo honek zure barrenak bere onera etortzen pittin bat laguntzen dizun. Eta hau ez dizut sabeletik esaten, bihotzetik baizik.
2011ko urria bukaera aldea.
Nor ote naiz? Eta hau, zer ote da? Etxe borobila dirudi. Horrela hobeto, izkinen kontra jotzeko arriskurik gabe biziko naiz. Altzaririk ez dut ikusten batere, eta batetik bestera mugitzeko leku pila bat dago. A zer etxe diafanoa! Eta beroa, ene, ze sistema ote du? Gas naturala, elektrizitatea, tximinia? Faktura iristen zaidanean, (portzierto, ederra izango da) orduan jakingo dut. Baina zeinen goxo egoten den … uretan! Ura! Ura nonahi! Ai ene! Uholdeak ditut etxean! Non ote dago telefonoa? Berdin da. Suhiltzaileen zenbakia ez dakit eta.
2011ko azaroak 15
Etxeak urez beteta jarraitzen du. Hau ez da logikoa! Ura duen etxe batek ezin etxea izan. Arrainontziarekin antza handiagoa du. Handia da, ordea, eta hasieran bezain beroa … Karibeko itsasoan ote nago? Batek daki. Argi dagoena zera da, hainbeste denbora uretan emateko gai baldin banaiz, arraina izan behar dudala. Ze arrain, ordea?
2011ko azaroak 28
Hemen gaua da beti, gau itxia. Ez ilargirik ez izarrik zeruan. Bistarik? Auskalo. Nola jakingo dut leku honek leihorik ez du eta. Gainera, a zer tontakeria leihoena. Ur guztia bertatik aterako zen …. Ura eta iluntasuna. Orain ulertu dut! Norvegiako iparraldean negu partean igerian nabilen izokina izan behar dut nik. Alabaina, Norvegiako itsasoak ez du ur berorik. Ja. Segurenik nire haragi koipetsuari esker ez naiz hotzaz jabetzen ari. Hauxe neopreno mundiala, eta natural-naturala!
2011ko abenduak 01
Etengabeko iluntasunari etekina ateratzen ahal zaio: nahi adina orduz lo egin daiteke. Ene, zer lasai sentitzen naizen hemen, oporretan bezala. Gainera edozein lekutan bada planktonik. Izokinentzako “Dena barne” / “Todo incluido” horietako batean ote nago?
2011ko abenduak 8
Leku honetan bada beste zerbait arreta deitzen didana: bakardadea. Norabide guztietan igeri egin dudan arren, ez dut inon beste arrainik aurkitu. Oihuka hasi ninteke, … alferrik ordea. Mundu guztiak daki ur azpian ezin dela hitzik egin. Inor topatu ez dudan arren, hemen ez dago erabateko isiltasunik, denbora guztian taup, taup, taup entzuten da eta. Zer ote da? Urpekuntziren bat? Balearen bat? Ez dut inoiz baleak ikusteko aukerarik izan. Lastima argazki-kamerarik soinean ez izatea. Gero inork ez dit sinetsiko balea batekin egon naizenik. Taup, taup, taup … hipnotikoa da oso. Dantza egiteko gogoa pizten du. Egin dezagun ba, iepa, iepa…! Hara, zer da hau? Soka bat? Amuren bat irentsi ote dut?
2012ko urtarrilak 11
Oraindik ere lotuta jarraitzen dut. Amua balitz, aspaldi hil egingo nintzen. Segurtasun uhala ote da, edo zundaren bat? …, edo oxigenoa, bestela! Astronauta ote naiz! Urpekaria bestela? Baina nor ote naiz? Nor? Beste aukerak baztertu ditut, lehen zirrararekin geldituz: izokin bat naiz, oso arraroa, baina izokina.
2012ko urtarrilak 18
Ahotsa entzuten hasi naiz gaur. Eta Ahotsak “Aner” deitu dit. Aner. Izokin batentzat oso izen polita iruditu zait. Esan erreza. Eta gogoratzeko ere oso egokia. Mundu guztiak daki arrainon memoria oso exkaxa dela, nahiz eta jaten gaituenari, gure fosforoari esker, oroimena hobetzen diogun. A ze kontraesana! Aner. Gustatzen zait, bai. Eta berak, nola ote du izena? Eta nor ote da? Taup-taup ari den balea berbera?
2012ko otsailak 21
Balearen ahotsa gero eta maizago entzuten dut, eta badirudi inguruan ere beste ale batzuk badaudela. Bat bai behintzat, nire izena esan eta esan jarduten duena. Balea Nagusiari beste baleak hurbiltzen zaizkion bakoitzean bada hitz bat behin eta berriro entzuten dudana: “Zorionak”. Horrek izan behar du Nire Balearen izena; zalantza izpirik ez dut. Niretzat ez da hain esan erraza, baina ziur asko baleen artean oso izen arrunta izango da. Ahots goxo-goxoa du Zorionak baleak, haren taup-taup horiek bezain hipnotikoa. Nire izena berriz ere noiz esango zain nago, irrikatan.
2012ko martxoak 3
Entzuna nuen baleek abestu egiten zutela, baina ezin nuen imajinatu ere egin haiei entzutea horren ederra izan zitekeenik. Zorionak kantuan hasten denean oilo-ipurdia jartzen zait …, beno izokin batek ez dakit nola esan beharko lukeen. Triku-ipurdia agian? Izugarria zara, Zorionak. Ezagutu nahi zintuzket, gertutik ikusi eta zure gainean etzan, nire masaila zure bizkarrean jarrita; iparraldeko itsaso hotzetan barrena, zure ondoan bero eta goxo bidaiatuko nintzateke.
2012ko martxoak 6
Gaur berriz ere zurekin egin dut amets. Oso amets arraroa izan da. Zure barruan nintzen, Pinotxo eta Gepettoren antzera. Halako batean, zure sabelean zeuden ur guztiek kanpora bidali ninduten, ate batetik jaurtikitzen ninduzularik. Egia ote, Zorionak? Zure barruan ote nago, nire Balea goxoa? Orain ulertzen dut nire inguruan hainbeste plankton izatearena.
2012ko martxoak 29
Zorion, zure barruan oso goxo nago baina atera egin nahi nuke. Gero eta txikiagoa iruditzen zait zure sabela. Itsaso zabala ezagutzeko premia dut, bide batez zure aurpegia ikusiz. Ateratzen naizenean egingo dudan lehenengo gauza aurpegian muxu bat ematea izango da, arrain-muxu goxoa, horren ondo zaindu izana eskertuz. Atera nahi dut, Zorion. Estu-estu sentitzen hasita nago hemen. Nola adierazi, ordea? Eskutitz bat idatziko dizut. Hemen bada tinta moduko zerbait, odolaren testura berekoa. “Zorionak, Aner naiz, zure barruan bizi den izokina. Atea irekiko al didazu?”
2012ko maiatzak 4
Zorionak aztoratuta dabil azkenaldi honetan. Negarrez ari dela dirudi. “Galera” hitza behin eta berriro entzuten ari naiz, nire izenarekin batera, eta hain juxtu eskutitza bidali nion egunetik. Zer ote da galera hitza? Agian “ez dut ulertzen” esan nahi izango du baleen hizkuntzan. Nire mezua ulertu ez duelako triste ote dabil Balea Goxoa?
2012ko maiatzak 8
Ni ere pattal nabil Zorionak goibeldu denetik; korapilo bat dut eztarrian eta beste bat sabelean. Beste eskutitz bat bidaltzea erabaki dut, Zorionak animatzeko. “Zorionak, balea indartsua zara, boteretsua, maitagarria, goxoenetan goxoena. Mesedez, sendatu zaitez. Zure kantuak faltan botatzen ditut. Eta baita zure lehengo taupada alaiak ere. Oraingoak kezka eta beldurrez beteta daude. Zure alaitasunik gabe nire itsaso txiki gazia geza da oso.” Hau dena idatziko nioke. Zertarako, ordea. Ez luke ezer ere ulertuko. Tinta berarekin bihotz bat egin diot. Eta gero beste bat, eta beste bat. Nire odol tanta guztiak xahutuko nituzke harentzako maitasun mezuak idatziz. Bihotzaren sinboloa unibertsala ote da? Ulertuko ote du?. Ezetz dirudi. Balea Goxoak negarrez jarraitzen du. Zenbat sufritzen duten animalia handi hauek! Seguru itsasoko uraren gazia baleek botatako malkoek osatutakoa dela.
2012ko maiatzak 10
Nire bihotzek gehiago aztoratu dutela dirudi. “Galera” hitza behin eta berriro entzun dut marrazkitxoak igortzean. Auskalo haren hizkuntzan zer esan nahi ote duten. Hobe dut gehiagorik ez bidaltzea.
2012ko ekainak 30
Azkenaldi honetan ez dut horren lasai lo egiten. Nire Balea Goxoaren barruan dagoen atea bilatu beste ideiarik ez dut buruan. Non ote dago? Ezin dut gehiago. Buruarekin bultza egingo dut irekitzen den zerbait aurkitu arte.
2012ko uztailak 15 edo
Atea ireki da azkenean! Baina a zer ate arraroa! Itxura handiagoa du kremailerarena aterarena baino. Esku batzuk atera naute barrutik. Balea Goxoak ez nau kantuan hartu. Ez, ez da kantuan ari. Isil-isilik dago, lo. Ez dut haren aurpegia ikusteko astirik izan, ezta modurik ere. Argi gehiegi dago hemen, eta iluntasunera ohituta dauden nire arrain-begiek ez dute ezer ere ikusten. Nire Balea Goxoaren izena oihukatu dut behin eta berriro, baina esku batzuk haren ondotik urrundu egin naute.
2012ko uztailak 16
Esnatu egin naiz. Norbaiten gainean nago. Hizketan hasi zait. Nire izena esan eta esan ari da. “Aner”. Hotzikara bat sentitu dut entzutearekin batera. Hala ere, berehala konturatu naiz hura ez dela nire Balea Goxoa, baina haren ahotsa oso ezaguna egiten zait. Nire Balea Kuttunaren bikotekidea dela esango nuke. Beste hitz bat entzun diot: “aita”. Gero, esaldi oso batek zeharo lasaitu nau: “Berehala etorriko da”. “Nor?”, galdetu diot begiradarekin. “Ama” erantzun dit, ondoren nire Balea Goxoak abesten zidan kantu bera kantatuz. Ez dago zalantzarik. Laster ezagutuko dut. Nola deituko diot? “Zorionak”, “Balea Goxoa” ala “Ama” ? Tira, ama motzagoa da. Eta esan errazagoa. Gainera, badu beste zerbait beste izenek ez dutena: esatean, muxuka ari den arrainarena egiten ari zarela dirudi.
2012ko uztailak 18
Haren barrutik atera nindutenetik hiru egun luze pasa dira, eta nire Balea Goxoa ezagutu dut azkenean. Negarrez hartu nau, pozaren pozaz. Nire gorputz osoa laztantzen hasi da, “Aner” aipatuz. Aipamen bakoitzarekin nire arrain-bihotzaren taupadak ozenagoak bihurtu dira, balearenak izango balira bezala. Orduan, halako batean, bere aurpegiak bat egin du nirearekin. Haren malkoak dastatzeko aukera izan dut orduan: hilabete hauetan bizi izandako uren gustu bera dute. Nik sabelaren barruan nintzela agindu nion arrain-muxua eman diot masailean; berak ere arrain-muxu bera begietan, sudurrean, kopetan …
Une batez zera pentsatu dut, muxuen hizkuntza unibertsalagoa dela bihotzena baino. Bularra eskaini dit gero, eta zurrutada galanta eman diot bere begiak nireetan zeudela. “Aner, Aner” errepikatu du gero.
Nik ere titia askatu eta “Ama” esaten saiatu naiz. Eta amak, ulertu duela adierazi nahian edo, bihotz bat marraztu dit kopetan.
Hondarribian, 2013ko urtarrilaren 21ean etxeko baineran jaiotzen bukatutako ipuina.
Zoragarria da, mila esker Ttiklik eta Maite Franko. Beti esan izan dut ipuinak bizitza ulertzeko modu direla eta honek ziur Aner koskortzean bere jaiotza ulertzen lagunduko diola.
Plazera da zuekin batera, jendearentzat ipuinak idaztea.
Nahia
Plazerra ZU gurekin izatea!!!
ANIMO Nahia!!
TTiKLiK! taldea